Zupiriak ez du kezkarik Ertzaintzanultraeskuinak duen presentziaz
Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak atzo Legebiltzarrean adierazi zuen ez duela kezkarik ultraeskuindarrek Ertzaintzan duten presentziaren inguruan, eta gaineratu zuen bertan lan egin ahal izateko ez zaiola inori «azterketa ideologikorik» egiten.

Mossos d’Esquadrak eta Alemaniako Poliziak urteak daramate polizia taldeotan elementu ultraeskuindarrek izan dezaketen presentziarekin arduratuta. Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak, ordea, atzo Gasteizko Legebiltzarrean adierazi zuenez, ia 8.000 laguneko talde batean gizarteko gainerako kidegoetan dagoen aniztasun ideologiko bera dago, eta alde horretatik agenteek duten askatasuna defendatu zuen.
Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi zuen Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak duela gutxi ohartarazi ziola Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailari
2023ko Aste Nagusian atxilotu zituzten 79 kideren argazkiak filtratu zirela eta gero horiek sare ultretan amaitu zutela. Hori «arau-hauste oso larria» dela esan zuen.
Gogora ekarri zuen, halaber, Ertzaintzako hainbat kide agertu direla bereizgarri ultrekin, hala nola Blues Live Matter delakoarekin; hori, Erkoreka sailburuak neutraltzat jo zuen arren, argi eta garbi identifikatuta dago eduki ultra eta arrazistekin. Duela gutxi sareetan egindako galdera ere aipatu zuen; alegia, ea ertzain batek zergatik ezingo lukeen svastika bat eraman.
Ortiz de Guineak galdetu zuen ea pertsona horiek fidatzekoak izan daitezkeen, adibidez, gorroto-delituen aurka lan egiteko. Eta galdera zuzendu zion Zupiriari, ea bere sailak neurririk hartuko duen.
«EZ DAGO AZTERKETA IDEOLOGIKORIK»
«Arkautiko akademian inori ez zaio azterketa ideologikorik egiten, eta Legebiltzar honetan ere ez zaio inori azterketa ideologikorik egin, ez lehen, ez orain», erantzun zuen sailburuak. «Nik talde baten zuzendaritzaren erantzukizuna dut, eta zerbait desegokia egiten denean ikertzea dagokit, eta, beharrezkoa balitz, zigortzea. Ezin dut besterik egin», gaineratu zuen.
«Niri dagokidana ertzainen eta herritarren eskubideak bermatzea eta defendatzea da», adierazi zuen Zupiriak, eta hau gehitu: «Jarrera desegokirik ez dagoen bitartean, ertzainek gainerako herritarrek dituzten eskubide zibil eta politiko berberak dituzte, eta niri dagokit eskubide horiek defendatzea, pentsatzeko askatasuna, bozkatzeko askatasuna, eta baita alderdi politiko bateko kide izateko askatasuna ere, dela Vox, dela EH Bildu». Amaitzeko, «Ertzaintzarentzat eta estatu demokratiko bateko polizietako kide guztientzat balio du horrek», ondorioztatu zuen.
MOSSOEN ADIBIDEA
2021ean, Kataluniako Generalitateak, Barne Sailaren bitartez, ultraeskuinak Kataluniako polizia autonomikoan zuen presentzia ikertuko zuela iragarri zuen. Ikerketa hori Sindic de Greuges (Arartekoa) Rafael Ribok bultzatu zuen, eta polizia horiek behar luketen «neutraltasun politikoari eusteko betebeharra zenbateraino betetzen ari diren» aztertu beharko litzatekeela esan zuen.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
