Tolosaldea eta Orio txapeldun, Bermeoko estropada ikusgarrietan
Tolosarrek sekulako lehia izan dute Arraun Lagunakekin eta segundo eskas baten aldearekin lortu dute garaipena. Oriotarrek, aldiz, Donostiarra izan dute aurkari nagusia txanda ikusgarri batean. Brontzezko dominak Hibaika eta Bermeorentzat izan dira.

Tolosaldea emakumezkoetan eta Orio gizonezkoetan dira Euskadiko Traineru Txapeldun berriak, atzo Bermeon jokatu ziren estropada ikusgarrietan azkarrenak izan baitziren. Oilar handi guztiak parez pare ikusteko denboraldiko lehen aukera izan zen, ikuskizun gogoangarria, aurtengo denboraldiak eman dezakeenaren aurrerapen itzela.
Emakumezkoen estropada, esaterako, afizioa egiten duten horietakoa izan zen. Jakina zen Tolosaldeak aurten taldea asko indartu duela eta jauzi nabarmena eman duela gora. Atzo argi utzi zuen dena irabazteko hautagaia dela.
Arraun Lagunak traineruaren alboan -tolosarrak hirugarren kaletik eta donostiarrak laugarrenetik-, bi ontziek lehia estua izan zuten hasieratik amaierara. Lehen luzean Tolosaldeak pare bat segundoko aldea hartu zuen, baina Arraun Lagunaken ziaboga hobea izan zen, eta biak pare-parean irten ziren balizatik.
Bigarren luzean ere tarteak oso txikiak izan ziren, baina azken metroetan tolosarrek abantailatxoa hartu eta branka aurretik sartzea lortu zuten. Garaileen denbora 10:53.58koa izan zen, eta Arraun Lagunak 78 ehunenekora heldu zen. Aurreko asteburuan, Gipuzkoako Txapelketan, Arraun Lagunak izan zen garailea; atzo Tolosaldea; ea ba datorren astean Espainiako Txapelketan zer gertatzen den.
«Estropada oso gogorra izan da, pinganillotik etengabe esaten zigutelako segundo bat gora edo segundo bat behera geundela. Baina era berean oso polita. Arraun Lagunak bezalako talde bati irabaztea sekulakoa da», adierazi zuen Nerea Perez patroiak.
Beste txandan ere ikuskizun ederra eskaini zuten Hibaikak eta Zarautzek. ETE Ligako ontzia izan arren, «Enbata»-k Hibaikaren erritmoari ongi eutsi zion, baina azken zatian errenteriarrek nagusitasuna erakutsi zuten, aurrea hartu eta brontzezko dominak ziurtatuz.
LAUKOTE BIKAINA
Gizonezkoei dagokienez, Oriok 2002tik irabazten ez zuen Euskadiko Txapelketa eskuratu zuen goi mailako ohorezko txanda batean onena izanik. Zierbenak, Donostiarrak, Urdaibaik eta Oriok sekulako lehia izan zuten, zaleen gozamenerako.
Bigarren luzearen erdialdera arte Oriok ez zuen lortu lehen tarteak irekitzea. Hirugarren ziabogan oraindik aldeak nahiko txikiak ziren, eta laugarren eta azken luzean bakarrik argitu zen garaipenaren jokoa Orioren eta Donostiarraren artean egongo zela.
Azken txanpan Donostiarrak sekulako ahalegina egin zuen, baina, hurbil egon arren, ez zuen lortu Orio harrapatzerik. Mirotzek 20:03.18ko denbora sinatu zuten, eta donostiarrak bi segundora gelditu ziren. Atzetik, aipatzekoa da Urdaibai izan zela hirugarrena, brontzezko domina eta Espainiako Txapelketan aritzeko eskubidea bereganatuz.
Beste txandan San Juan izan zen onena, eta Hondarribiaren aurretik amaitu zuen, aurkariaren kalean sartzeagatik zigorra jaso arren.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
