«Etxebizitzaren soluzioa interes pribatuen arabera planteatu dute»
Pello Otxandiano Kanpo EH Bilduko Gasteizko parlamentaria NAIZ Irratian izan zen atzo. Imanol Pradalesen legegintzaldiaren lehen urtearen balantzea egin zuen, eta euskara, industria eta etxebizitza izan zituen hizpide.
Industriaren gaian ekarpen positibo bat egin dutela adierazi zuen, Gobernuak «aukera gisa» hartu behar lukeena.

NAIZ Irratian egindako elkarrizketan hainbat gai jorratu zituen atzo Pello Otxandiano EH Bilduren Gasteizko talde parlamentarioko bozeramaileak, horien artean Pradalesek astelehen honetan bertan iragarritako euskararen erabilera sustatzeko biltzarra, 2027rako.
Urte politiko honen zer balantze egingo zenuke?
Gobernu berri baten legegintzaldiaren lehen urte politikoa izan da, eta uste dut gobernu honek diskurtso berri bat adierazi duela, eten bat ere bai. Aspektu batzuetan osoko zuzenketa bat ere egin du, gutxienez diskurtsiboki. Segur aski beraiek ere kontziente zirelako aurreko gobernuaren partetik jaso zuten oinordetza nahiko ahula zela eta, beraz, behar zela egokitzapen edo aldaketa bat. Urtebete pasatu da, eta esango nuke diskurtso aldaketa hori ez dela oraindik ere gauzatzen herri honek behar duen erreakzioaren tamainako politika publikoetan.
Pradales lehendakariak jauzia iragarri zuen 2027rako, euskara biziberritzeko kongresu batekin. Nola ikusten duzu ekimen hori?
Badaukagu sentsazioa azken urte luzeetan, eta euskalgintzak berak erabili du metafora hau, biribilgune batean bueltaka ote gabiltzan. Eta lehenengo inpresioa da ez ote den hau biribilgune horri beste bi buelta emateko hautua. Herri honek biribilgunetik irten behar du, eta batzuetan irteerak nahiko seinalatuta daude. Kasu honetan badago kontsentsu bat sektore askotan, eta kontsentsu hori nahiko transbertsala da, ez soilik euskalgintzako betiko eragileen partetik, baizik eta jende gehiagoren partetik ere, euskalduntze prozesua non dagoen. Soziolinguistika ona daukagu mahai gainean, jada planteatzeko hain zuzen behar dugula jauzi bat, baina jauzi horrek ezin du itxaron beste bi urtez. Badauzkagu zumeak hizkuntza politika berri baten inguruko adostasun soziopolitiko bat saiatzeko.
Uste dut datozen bi urteetarako agenda nahiko markatuta dagoela eta horretan ere badagoela adostasuna. Hiru pauso daude: badago oldarraldi judizial bat; epaitegiak gure araubidea aldatzen ari dira eta araubide hori, gainera, oso sentsiblea da eta gure autogobernuaren zutabeetako bat da. Horrek behar du lehen erantzun bat eta murru bat jartzea. Hori nola egiten den ere badakigu: Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa batekin. Bigarrenik, hizkuntza politika berri baten inguruan adostasun soziopolitiko bat behar dugu, esan bezala. Eta, hirugarrenik, araubide berri bat behar dugu hizkuntza politika berri horri segurtasun juridikoa emango diona, ez dadin gertatu gaur egun gertatzen ari dena.
Bi urtean agenda hori burutzeko anbizioa izan behar genuke. Kronograma bat, plangintza bat behar dugu agenda hau burutzeko. Orain hasi behar dugu horretan, eta Enplegu Publikoaren Lege aldaketa hori orain egin behar da. Guk proposamen bat landu genuen, gainerako alderdiekin, euskalgintzako eragileekin eta beste eragile batzuekin partekatu dugu. Ondoren jakin dugu EAJ eta PSE lege erreforma bat beren artean adosten ari direla. Eraman dezatela Legebiltzarrera. Guk gaur bertan [atzo] erregistratuko dugu Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa hau. Eztabaida dezagun parlamentuan eta has gaitezen behingoz erabakitzen eta aurreratzen.
Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa horretan zer proposatuko duzue?
Josu Aztiria legebiltzarkideak parlamentuan aurkeztu zuen lege aldaketa honen funtsa zein den. Proposamen landu bat da, juridikoki ondo oinarritua, ez dena beste munduko jauzi bat. Galizian, Katalunian, Valentzian hizkuntza eskakizunak horrela daude. Gutxieneko berme bat planteatzen ari gara, hizkuntza eskakizunek lege babes bat izan dezaten.
Industriari buruzko agerpen monografikoa egin berri du EH Bilduk. Zer proposamen zehaztu dituzue?
Pleno monografiko hori esperientzia positiboa izan da guretzat. Esango nuke arrasto positiboa utzi duela Parlamentuan gainerako alderdien artean. Legebiltzarrean daramadan urte honetan lehen aldia izan da dialektika parlamentario bat egon dena. Etorkizunari buruzko eztabaida bat egin dugu, eta egon da hartu-eman bat, kontraste bat iritzi eta posizio ezberdinena, emankorra eta zeharo positiboa.
Gobernuak bihar bertan [gaur] aurkeztuko du industria plan bat. Guri horren laburpena aurkeztu zaigu. Guk ikuspegi alternatibo bat planteatzen dugu, hiru atal nagusitan. Alde batetik, industria politika batek herri ikuspegi sendo bat behar duela defendatzen dugu. Horrek esan nahi du misioak zehaztu behar direla. Bestetik, publiko-pribatu harremana birdefinitu behar dugu. Horrek esan nahi du sektore publikoak orientatu egin behar duela eraldaketa eta arriskuak partekatu behar ditugula, baina irabaziak ere bai. Bigarren atal batean, gaitasun publikoak irabazi behar ditugu. Inteligentzia instituzionala behar dugu, eta galdu egin dugu azken urteetan. Ikerketa eta berrikuntza sisteman gobernantza berri bat behar dugu. Hirugarren atal batean, sektore estrategikoak zein diren eta zer azpiegitura estrategiko behar ditugun pentsatu behar dugu, non sektore publikoak posizio indartsu bat izango duen. Batzuk identifikatu ditugu: energia, gaitasun konputazionala, etxebizitza parke publikoa... Ekarpen positibo bat egin dugu, gobernuak aukera bezala hartu beharko lukeena.
Etxebizitzaren gaian aldaketak adostu dituzte EAJk eta PSEk.
Lege proposamenaren planteamendua bera oso kritikagarria da. Sailburuak berak arrazoitu du promotore pribatuak presioa egiten ari zaizkiela, esanez promozioetan errentagarritasunak ez direla espero dituztenak, are, ez direla errentagarriak. Baina ez dago daturik mahai gainean. Sailburuak ekimen legegile bat hala justifikatzen badu, datu kontrastagarriak jarri behar ditu mahai gainean, gardentasuna egon beharko da. Ez du halakorik egin. Bigarrenik, badakigu azken hamarkadetan errentagarritasunak bi digitukoak izan direla. Eta inor ez da atera esanez legeak egin behar ditugula errentagarritasunak ez direlako onargarriak. Orain arte ez da legerik egin sektore pribatuaren errealitatearen arabera. Orain bai. Hirugarrenik, zer berme daukagu, baldin eta erreforma hau egiten bada eta estandarrak %75etik %65era jaisten badira sektore pribatuak presioa egiteari utziko diona? Planteamenduak ez dauka zentzurik. Sektore pribatuaren menpekoa den politika bat egiten ari gara.
Honek badauka alternatiba bat: lur erreserba estrategiko bat egitea, PTS bat ordenatuko duena etxebizitza publikoaren garapena, eta osatzea funts sozial bat etxebizitza publikoaren finantzaketarako; eta horretarako gaitasun finantzarioak badaude. Alternatiba badago, eta da sektore pribatuaren menpe ez dagoen etxebizitza politika bat egitea.
2015eko Etxebizitza Legea mugarria da. Bertan onartzen da etxebizitza eskubide subjektibo bezala eta egiten da alokairuzko etxebizitza publikoaren aldeko apustu bat. Hamar urte pasatu dira eta lege hori ez da garatu. Beraz, gobernuak ez du bere lana egin. Eta orain, etxebizitza larrialdian, sektore pribatuaren ustezko interesen arabera planteatzen ari da soluzioa.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
