Zortzimilakoen bila dabiltza Murolas eta Barrio nafarrak
Bi mendizaleek Makalu (8.485 metro) igo zuten maiatzaren 10ean, oxigeno gehigarririk eta mendiko langileen laguntzarik gabe. Uxue Murolasek hiru zortzimilako ditu; Ignacio Barriok, berriz, lau.

Pare bat hamarraldi baino gehiago dira Euskal Herriko mendizaleek Himalaiako eta Karakorumeko zortzimilakoetan izan zuten tiradizoa erabat apaldu zela. Agerraldi sutsu horren azken fasean, oro har, euskal mendizale profesionalek helburu izan zituzten erraldoi horiek. Tartean, bisitaren batzuk, eta kito.
Azken urteotan, berriz, badirudi Uxue Murolas eta Ignacio Barrio hutsune luze hori betetzera etorri direla. Bederen, bi nafar hauek bidaia bat baino gehiago egin dituzte. Horietako batzuetan arrakasta izan dute; besteetan, aldiz, etxera esku hutsik itzuli dira. Baina argi eta garbi dute zortzimilakoak igotzeko grina erabat sendotuta dutela.
Eta hori erakutsi dute Makalura (8.485 metro, Himalaia) egin berri duten espedizioan. Gainera, zortzimilako hori igotzeko aukera izan dute.
Hain zuzen ere, maiatzaren 10ean zapaldu zuten tontorra. Dagoeneko, Murolasek hiru ditu: Manaslu, Lhotse eta Makalu. Hirukote horrekin zortzimilako gehien dituen Nafarroako emakumea bihurtu da. Orain arte Blanca Ardanazek zuen ohore hori: Broad Peak 2007an eta Makalu 2008an. Barrioren zerrendak lau jasotzen ditu: Manaslu, Lhotse, Cho Oyu eta Makalu.
Azken espedizioari dagokionez, Iruñean bertan Miguel Indurain Fundazioko babesleekin batera eskainitako agerraldian, bi mendizaleok baieztatu zuten Makalun zortea izan zutela klimarekin: «Oro har, den-dena bikain atera zitzaigun. Girora egokitzeko fasean, kanpalekuak antolatzeko garaian zein gailurreko erasoan eguraldia erabat lagun izan genuen. Eta hori ez da batere normala».
SUFRIMENDU ASKO
Hala eta guztiz ere, Murolasek eta Barriok diote azken kanpalekua eta gailurra lotzen dituen bidean asko sufritu zutela: «Hirugarren kanpalekua 7.500 metrora kokatuta genuen. Eguzkia egiten zuen, baina tenperatura oso hotza zen. Zehazki esanda, muturrekoa: -28º. Sentsazio termikoa, berriz: -40º. Baldintza horiengatik asko kosta zitzaigun tontorra zapaltzea. Hamabi orduko lan eskerga izan zen! Lehen helburua beteta genuen, baina oraindik jaitsiera falta zen. Beste sei ordu egin genituen hirugarren kanpalekura heltzeko. Jaitsiera hori oso gogorra izan zen. Elur biguna aurkitzeaz gain, une batzuetan aztarna desagertu egiten zen. Kanpaleku nagusira iritsi arte, ezin izan genuen presioa gainetik kendu».
Agerraldi horretan bi mendizaleek argi utzi zuten zortzimilako gehiago igotzeko asmoa dutela: «Makaluko gailurra orain dela gutxi erdietsi dugu, eta dagoeneko hurrengo zortzimilakoa zein izango den aztertzen ari gara».
Bi nafarrek Miguel Indurain Fundazioaren laguntza izan dute. Aurretik bazuten beste proiektu handi bat: munduko hiru zortzimilako garaienak hiru urtetan igotzea. Hots, Everest, K2 eta Kangchenjunga. Iaz, azken zortzimilako horretan ekinaldi on bat egin zuten, baina tontorretik 200 metrora geratu ziren. Proiektu horren barnean K2 zuten aurten, eta datorren urtean Everest. Baina asmoz aldatu dute. Makalu izan da azkena, eta argi dago zortzimilakoekin duten loturak ez duela etenik izango.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
