Ion SALGADO
GASTEIZ

Herri akordioa, zaintza sisteman «aldaketa errealak» lortzeko

Arabako hainbat eragilek herri akordio bat aurkeztu zuten atzo Gasteizen, «zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko». Sistema feminista eta komunitario bateranzko pausoak eman beharra dagoela azpimarratu zuten. «Gizonek zaindu egin behar dute», gaineratu zuten.

Atzo Gasteizko Etxanobe lorategian egindako agerraldia.
Atzo Gasteizko Etxanobe lorategian egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

“Denon bizitzak erdigunean” dinamikari jarraipena emanez, Arabako hainbat eragilek herri akordio bat adostu dute «zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko». Horien artean daude mugimendu feminista, etxeko eta zaintzako langileak, pentsiodunak, Enarak kooperatiba, Ernai, Gasteiz Antirrazista, Lagundu elkartea, Zabalgana Hezkidetza eta LAB, ESK eta Steilas.

Atzo Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu zuten akordio horretan jasotako dekalogoa, «zaintza sistema publiko eta komunitarioa ardatz, eman beharreko pausoak zehazten dituen aldarrikapen taula». Hala, zaintza zerbitzu guztiak progresiboki publifikatzeko eskatu zuten. Egungo egoitzak publiko bihurtzea eta «pertsonen ingurunetik hurbil dauden» egoitza txiki eta etxebizitza komunitario berri publikoak sortzea proposatzen dute, «behar demografikoak kontuan hartuta».

Horrez gain, zaintza-langile guztientzako lan baldintza duinak nahi dituzte. Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektore hitzarmena sortu eta sare pribatuko langileen baldintzak sistema publikoko langileekin parekatu beharra dagoela diote. Etxeko eta zaintza langile egoiliarren erregimena desagerrarazteko eta lan erregimen orokorrean sartzeko eskatzen dute, beren eskubideak bete daitezen.

Halaber, zaintza sistema feminista eta komunitario bateranzko pausoak eman behar direla azpimarratu zuten prentsaurrekoan, «familiarizatu gabea, arrazakeriarik gabekoa eta ez sexista». «Gizonek zaindu egin behar dute», adierazi zuten, eta «kontziliazio erantzukiderako neurri zehatz eta eraginkorrak» aldarrikatu zituzten, «eremu publiko zein pribatuan aplikatzekoak».

Atzerritartasun Legea indargabetzea ere exijitzen dute, erroldatzeko eskubidea berma dadila «inolako betekizunik gabe», eta landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak izateko neurriak ezar daitezela: «Osasun mentalaren, ginekologia/obstetriziaren eta pediatriaren lehen mailako arreta bermatzea, adibidez, zerbitzu ibiltarien bidez».

Eskolaz kanpoko jarduerek doakoak izan behar dutela diote, «gizarte arrakalarik gabeak izan daitezen»; gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzen dute; adineko trans pertsonen ibilbideak eta bizitzak aitortzea, «bereziki lan esparrutik baztertuak izan ziren trans emakumeenak»; eta aniztasun funtzional eta ezgaitasunaren arloan, lan-baldintza duinak. Zaintza pertsonan oinarrituta egon behar dela diote, «entzuna izatea eta zaintza ereduaren diseinuan partaide izatea».