AINHOA AROSTEGI

Euskara eta elkarlana oinarri hartuta Arabako hiriburuan

Ekainaren 15 honetan ospatuko da Gasteizen 2025eko Araba Euskaraz. Herrialdeko zortzi ikastolen artean egindako elkarlanari esker, jaia Arabako hiriburura itzuliko da, baina aurten kokaleku berri batera. Helburua, Bastida Ikastolari sostengua ematea eta Arabako Errioxan euskararen erabilera sustatzea.

Aurten Olarizuko zelaiak erabilgarri ez dauden arren, jaiak ez du Arabako hiriburua utziko.
Aurten Olarizuko zelaiak erabilgarri ez dauden arren, jaiak ez du Arabako hiriburua utziko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aurtengo edizioak leku aldaketa dakarkigu: Olarizuko zelaiak erabilgarri ez daudenez, Armentia Ikastolaren inguruan, Mendizorrotzan eta Prado Parkean ospatuko da jaia. Erabaki arduratsua izan da, tentuz eta soseguz hartua, segurtasuna eta antolakuntzaren kalitatea beste edozeren gainetik bermatu nahi izanda. Gune berriek aukera berriak eskainiko dituzte, jakina, baina arduradunek tinko eutsiko diote ospakizunaren jatorrizko izaera herritar, parte-hartzaile eta euskaldunari.

Egitarauari begira, askotariko ikuskizun, tailer eta jolas eta jokoak prestatu dituzte antolatzaileek, adin guztiei zuzendutakoak, baina batez ere haur, nerabe eta gaztetxoentzat. Dena den, familia giroa da azpimarratu nahi dutena, familian ospatzeko egitaraua baita igandekoa. Halere, lagunartean gozatzeko moduko menua ere prestatu dute.

Goizeko hamarretan abiatuko da Araba Euskaraz jaia, Armentia Ikastolan. Hortik aurrera, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango ditu Araba Euskarazera etortzen denak.

Bastida Ikastolak jasoko du aurtengo Araba Euskarazeko diru-bilketaren onura. Ikastola honek egundoko garrantzia izan du Arabako Errioxan gertatu den euskararen biziberritzean, eta bere jarduera behar- beharrezkoa da oraindik, lortutako guztiak atzera egin ez dezan. Araba Euskaraz, beraz, ez da ekitaldi isolatua, proiektu pedagogiko baten funtsezko osagarri bat baizik. Euskara erabilera-eremu berrietara eramateko eta gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko tresna baliotsua da ospakizun hau.

AUZOLANAREN EMAITZA

Ikastolen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da gauzak behar bezala irten daitezen. Sinergia horrek, esperientzien eta baliabideen partekatzean oinarrituta, komunitatea biziki indartu du, etorkizunean mantenduko diren lokarri berriak sortuz. Auzolan horren emaitza da aurtengo Araba Euskaraz.

2025eko leku-aldaketak desafio handi baten aurrean jarri ditu antolatzaileak, baina erronka zail bat gainditzeko modurik onena batera jardutea dela erakutsi dute, ospakizunaren jarraipena eta arrakasta bermatuz.

Gasteizko kokapen berriek hurbiltasuna eta irisgarritasuna eskainiko dizkiete hara inguratzen diren guztiei. Aldi berean, jasangarritasuna bultzatu nahirik, garraio publikoa, bizikletak eta edalontzi berrerabilgarriak izango dira parte hartzaile ororen eskura.

Azken finean, Araba Euskaraz ez da leku jakin bateko kontu soila, herri baten konpromisoaren adierazle sendoa baizik, auzolanaren eta etorkizunaren aldeko jarrera eta apustu irmoa. Guneak tokiz aldatu badira ere, ohiko helburu berak ditu ospakizunak: euskarari arnasgune erraldoi bat eskaintzea eta euskal komunitatea protagonista bilakatzea.

KONPROMISOA

2025eko leloa, “Etenik gabe”, euskararen transmisioaren adierazlea da. Bi hitz horiek, sinpleak eta konplikatuak aldi berean, belaunaldien arteko lotura islatzen dute. Leloa Mikel Urdangarinek eta Kirmen Uribek sortu duten “Arbasoen su txikia” kantuarekin uztartzen da. Abesti honek euskararen historia kolektiboa dakarkigu gogora, eta gure hizkuntzaren eta gure kulturaren sua bizirik mantentzeko engaiamendua irudikatzen du.

Euskara ez da, inola ere, iraganeko aztarna bat. Etorkizuneko sua dugu, eskutik eskura pasatzen dena, gizaldiz gizaldi, gurasoengandik seme-alabengana. “Etenik gabe”, beraz, ez da lelo hutsa, promesa eta konpromiso bat baizik: «Euskarak bizirik iraungo du, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, euskaldunok hala nahi dugulako».

URTE OSOA ETA ARABA OSOA

Araba Euskaraz ez da egun bateko jai hutsa, urte osoan zehar garatzen den egitasmo anbiziotsu bat baizik. Orain dela lau urte herrialdeko zortzi ikastolek elkarrekin antolatzen hasi zirenetik erabaki zuten Araba Euskaraz urte osoko prozesua izango zela; ekaineko jaiak amaiera ematen dion urtea, hain zuzen ere. Horrekin batera, Araba Euskaraz urtero Araba osora hedatuko zutela esan zuten. Eta aurten ere hala izan da.

Udazkenetik udaberrira bitartean Arabako ahalik eta txoko gehienetara iritsi dira, ekimen desberdinen bitartez. Iazko abenduan, Gazte Talent Arabako musika talde eta bakarlari gazteen lehiaketarekin ekin zioten urteari. Urtarrilean GO!azen 11ko lagunen emanaldi bikoitzaz gozatu ahal izan zen Gasteizen; otsailean, Euskal Pilota Topaketa antolatu zuten Bastidan; eta martxoan zehar hiru astez Gasteizko Olabe frontoian emakumezkoen zein gizonezkoen zesta-punta liga ofizialeko Araba Euskaraz Jai Alai Master Series txapelketa puntuagarria jokatu zen.

Martxoari bukaera gogoangarria emateko, Mikel Urdangarinek Kirmen Uribek idatzitako letrarekin konposatutako kanta aurkeztu zuten Gasteizko Europa jauregiko agertokiko kontzertuan. Apirilean, Euskal Herriko periferian dauden ikastoletako eta aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletako 14-16 urte bitarteko gazteen arteko trukea izan zuten egun batez Bastidan, “Non eta mugan” ekimenaren barruan. Apirilean ere, Arabako ikastolen ekimen bateratu gisa, martxak antolatu zituzten Bastida, Argantzon eta Amurrion. Bukatzeko, maiatz erdialdean Bastidan ospatu dute Etengabe Jaia, ekainaren 15eko jaiegun handiaren atariko gisa.

Urte oparoa izan da, beraz, aurtengoa. Eta hau guztia aurrera atera badute, ikastolen komunitateari esker, elkarlanari eta auzolanari esker izan da, bai eta beste elkarte eta erakunde batzuekin egindako lanari esker ere, eta horiek aurrera ateratzeko babes ekonomikoa eman duten erakunde eta enpresei esker.



Bastida Ikastola, 45 urte etengabe eta etenik gabe

Bastida Ikastolak 45 urte bete ditu aurten eta 2025eko Araba Euskaraz izango da ospakizun horren protagonista nagusia.

1979an oso euskara gutxi aditzen zen Bastidan, hizkuntza arrotza zen, nolabait. Orduko zenbait ameslarik eta hainbat euskaltzalek egindako lan izugarriari esker sortu zen ikastola. Hasieran bederatzi ikasle baino ez zituen. Egun, ordea, 130 baino gehiago dira, Bastidakoak zein inguruko herrietakoak, baita Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal familia batzuetatik etortzen direnak ere.

Mugaldeko herri batean kokaturik egoteak izaera berezia ematen dio ikastolari. Euskara eta euskal kultura hauspotzeko leku ezinbestekoa da Arabako Errioxan. Neguan euskararen erabilera nahiko eskasa bada ere, ikastola da euskararen aterpe eta arnasgune Bastidan. Udan, aldiz, euskara gehiago entzuten da herriko kaleetan, Euskal Herriko beste herrietatik datozen biztanleei esker.

Bastida Ikastolak proiektu berritzaileak jarri ditu martxan azken urteotan, digitalizazioaren aldeko apustu nabarmena eginik. Ihes-gela formatuan eta bestelako baliabide digitalen bitartez, ikasleen hizkuntza maila eta herri ezagutza lantzen dira modu aktibo eta ludikoan.

Ikastola herrigintzatik sortu zen, eta bertako komunitateak, beti erakutsi duen konpromisoari irmo eutsiz, denboran zehar sendotu eta zaindu du euskararen aldeko bere jarrera. Oraindik ere etengabe aldatzen eta egokitzen jarraitzen du, gogotsu, belaunaldi berriek euskaraz bizi, pentsa, maite eta amets egiteko aukera izan dezaten. Hori dela eta, guztion laguntza eta babesa behar ditu, euskara herri bizi batean sustatzeko.