GARA
TOLOSA

Lokatza kentzeari ekin diote Tolosaldean eta Goierrin

Ekaitzak uholdeak eragin zituen ostiralean Tolosaldean eta Goierrin. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak 140 abisuri erantzun behar izan zien.

Kale garbiketa gaueko euriteen ondorioz.
Kale garbiketa gaueko euriteen ondorioz. (USURBILGO UDALA)

Ostiralean izandako ekaitzek uholdeak eragin zituzten Tolosaldean eta Goierrin. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakitera eman zuenez, 140 abisuri erantzun zien Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak ekainaren 13ko gauetik 14ko goizaldera bitartean.

Euriteak batez ere Tolosaldeko eta Goierriko eskualdeetan gertatu ziren, eta Oria ibaiaren arroan eta ibaiadarretan ur-goraldiak eragin zituen. Intzidentzia gehien izan zituzten udalerriak Tolosa (35 abisu) eta Ibarra (21) izan ziren. Zaldibian (12), Alegin (8), Lazkaon (8) eta Altzon, Berrobin, Belauntzan, Amezketan, Iruran eta Anoetan ere abisu ugari jaso ziren, besteak beste. Gainera, Bidasoa eta Oiartzun ibaien arroak nabarmen hazi ziren denbora laburrean. Irun eta Oiartzungo udalerrietan, Bidasoko (Irun) suhiltzaile-etxeak 8 abisuri erantzun zien.

Egoera horren ondorioz, ia guardiako agente guztiak mobilizatu behar izan zituzten. Guztira, larrialdietako 20 ibilgailu eta 42 agente mobilizatu ziren, Oria (Tolosa), Goierri (Ordizia), Korosti (Legazpi), Urola (Azpeitia), Kosta (Zarautz) eta Bidasoa (Irun) parkeetatik. 3.00etatik aurrera, egoera egonkortzen hasi zen. Hala ere, udalerri eta errepide askok uholdeen eraginak jasaten jarraitzen dute. Gaur goizean zehar egingo dute kalteen ebaluazio zehatza.

Ekaitzak iragarrita zeuden, baina toki hauetan hartu zuten indarrak eta denbora gutxian pilatu zuten ur kopuruak harridura sortu dute. Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak onartu du ez zutela horrelakorik espero.

Eragindako kalteak ahalik eta lasterren arintzeko asmoz, auzolanak abiatu zituzten herri askotan larunbat goizean bertan, lokatza lehenbailehen kendu ezean, gero egitea zailagoa izaten baita.