«Reset», teknologiaren nagusitasunaz hausnartzeko distopia

Alegiaroan gaude, 46. urtean, M eremuan. ZAK21 lan-eremu batean konfinatua dago beste hiru presorekin batera, baina ezer gutxi dakigu bere iraganaz. Berak ere ez digu askorik kontatuko, tantaka jakingo dugu zer gertatu zaion, zergatik dagoen dagoen lekuan eta zer gertatuko zaion. Oinarri horren gainean eraiki du Aitziber Etxeberriak ‘‘Reset’’ (Erein) eleberri distopikoa, idazleak irudikatutako mundu batera garamatzana eta sakonean klima aldaketaren eta teknologiaren garapenaren gaineko hausnarketa proposatzen duena.
«Bi gai nagusi daude liburuan: batetik, teknologiaren gehiegizko erabilerak nigan sortzen duen kezka. Mundu digitalizatu batean bizi gara eta digitalizazio hori gehiagora doa, hortxe dugu adimen artifiziala. Teknologiak inork pentsatzen ez zuen abiada hartu du, eta iruditzen zait gu teknologia horren atzetik gabiltzala, pasa egin gaituela», azaldu zuen Etxeberriak liburuaren aurkezpenean. Eleberriko bigarren gai potoloa klima aldaketa da, «jada hemen dagoena eta aurre egin behar dioguna. Deskarbonizazioaren beharra dago, gure ohiturak aldatu behar ditugu mugikortasunean zein kontsumoan, baina hori ekonomiari oso lotua dago, eta familien lanpostuetan eta biziraupenean eragina du. Eztabaida handia dago hor», azaldu zuen.
Gai horiek mahai gainean jartzeko mundu berria irudikatu du Etxeberriak, herrialderik gabeko mundu bat, eremuetan banatuta dagoena. M eremuan gertatzen da nobela: gizartea zorrotz gobernatzen duen aginte talde bat dago, Klaustro Zuria izenekoa, eta estratutan banatutako gizarte bat gidatzen dute. ‘‘Zilarrak’’ dira erosotasunean bizi direnak, beren pribilegioekin, eta ‘‘karbonikoak’’ lirateke horien mendekoak. Gizarte justuago baten aldeko talde disidente bat sartuko da orduan jokoan, «baina agintariek ez dute sisteman akatsik onartuko», aurreratu zuen idazleak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
