Gazako herritik Hernanira, genozidiotik elkartasunera
Rahaf Shamalik, Mohammed Nasrallahek, Abdelkader Aboqassimek eta Said Fadelek beraien kantak bonbardaketen artean sortu zituzten Gazan. Genozidioari buruzko abestiak dira, baina baita esperantzari buruzkoak ere. Atzo, Hernanik egin zien harreran kantatu zituzten, elkartasuna eskertzeko eta Palestinari buruz hitz egiten jarraitzeko eskatzeko.

Gazatik ihes egitea, familia, lagunak eta herria bera atzean utzita, ez zen inola ere hautu erraza izan. Maiatzean, Euskal Herrira iritsi ziren, babes bila. Hernaniko herriak beso zabalik hartu ditu eta atzo eguerdian harrera beroa egin zieten Rahaf Shamaliri, Mohammed Nasrallahri, Abdelkader Aboqassimi eta Said Fadeli, Sol Band musika taldeko kideei.
«Oso zaila da familia, lagunak, etxea, herria utzi behar izatea. Hemen lasai eta seguru sentitzen gara. Arropa onak ditugu, pertsona onez lagunduta gaude, jatekoa dugu. Baina gure senideek ez dute deus ere jateko, gosea pasatzen ari dira eta etengabeko bonbardaketen artean jarraitzen dute. Gogorra da orain guk bizi dugun errealitatea haiek dutenarekin konparatzea. Baina indartsuak izan behar dugu, haiengatik. Munduak gure abestiak eta mezua entzutea nahi dugu. Kantatzen ditugun abestiak gure dendak bonbardatzen zituzten bitartean sortu eta idatzi genituen», adierazi zuen Shamalik, ekitaldia hasi aurretik GARAri eginiko adierazpenetan.
Gazan gertatzen ari dena izendatzeko izen bakarra dagoela nabarmendu zuen, «hau genozidio bat da, ez gerra bat», eta Palestinari buruz hitz egiten jarraitzeko eskatu zuen. «Sufritzen ari garen bi milioi pertsona gara Gazan. Gosetea gero eta okerragoa da. Mesedez, jarraitu ozen hitz egiten gazatarrei buruz», esan zuen.
Shamalik bezala, Gazatik urrun egon beharra oso gogorra dela dio Nasrallah-k. «Hogeita hamar urtez leku berean bizi eta hazi ostean, hortik atera behar izatea deskribaezina da. Zure bizitzako memoria guztiak hautsi egiten dira. Hogeita hamar urte horietan bizi izandakoaren oroitzapenarekin bizi zara».
Gazatik milaka kilometrora egonda, bonbardaketen berri jasotzen duenean nola sentitzen den galdetuta, «sentipen horiek deskribatzeko hitzik ez» duela aitortzen zuen.
«Gurea bezalako genozidio bat bizi arte ezin daiteke ulertu bizitzen eta sufritzen ari garena. Ezin dut hitzekin azaldu. Gertatzen ari denaren %20 soilik ari da zabaltzen. Gure ardura da gazatarren mezua zabaltzea. Eta horretarako dugun tresna gure musika da».
Gernika-Palestina plataformaren izenean lau kidek irakurri zuten agirian, adierazi zuten «bihotzak eta besoak zabalik dituztela, Sol Bandeko kideak besarkatzeko».
«Herri palestinarraren erresistentzia ez da borroka soilik: itxaropena ere bada, lurrarekiko maitasuna da, ezarritako ahanzturaren aurrean memoria gordetzea da. Hondakin artean irri egiten duen haurra da, droneen soinupean historia irakasten duen ama, bere olibondoa oraindik desafio eta itxaropen ekintza gisa landatzen duen agurea... Edo zuek bezalako musikariak, bonbardatu berri dituzten haimen artean haurrei abesten dietenak», gaineratu zuten.
Gernika-Palestinarekin batera, Ernai, LAB eta Hernaniko futbol eta errugbi taldeak igo ziren oholtzara opari banarekin, Ttarla dantza taldeak agurra eskaini zien, eta Zapotxin pailazoak irribarre batzuk lapurtu zizkien.
Hebronen jaiotako eta Euskal Herrian hamar urte daramatzan Mohammed Farajallah ekintzaile palestinarrak ere hitza hartu zuen jasotako elkartasuna eskertzeko: «Kakotxen artean gure anaiak izan beharko liratekeen herrialde askok ez digute zuek, Euskal Herriak, erakutsi diguzuen elkartasuna adierazi».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
