Ramon SOLA
LIZARTZA

«Naparra»-ren familiaren «min iraunkorra» arindu dute Lizartzan, 45. urtemugan

Ekitaldia Lizartzako Igarolabekoa baserrian.
Ekitaldia Lizartzako Igarolabekoa baserrian. (R. S.)

Ekitaldi xumea urtemuga garrantzitsu batentzat: 45 urte bete berri dira Jose Miguel Etxeberria «Naparra» Donibane Lohizunen azkenekoz ikusi zutenetik (1980ko ekainaren 11n), eta ordutik orain arte egindakoaz arrastorik ez dago. Euri jasak tarteko, ez zen erraza atzo goizean Igarolabekora iristea, baina ehun lagun inguru bildu ziren lanbroaren artean, desagerrarazitako militantea gogoratu eta familiari elkartasuna adierazteko.

«Naparra» eta bere bi gurasoak -Patxiku Etxeberria eta Celes Alvarez- biltzen dituen oroitarriaren aurrean mintzo zen Eneko anaia. Auzia Auzitegi Nazional espainiarrean itxita dagoela aipatu zien bertaratutakoei, eta «zantzu berririk» agertu arte tamalez horrela jarraituko duela jakinarazi zuen. «Baina gauza bat garbi dago: Jose Miguel gogoan izango dugu eta kemenik galdu gabe aurrera jarraituko dugu, etxeratu arte», erantsi zuen.

Aurreskua dantzatu zuten Lizartzako lau neska gaztek sendiaren baserriaren ondoan dagoen oroitarriaren aurrean. Horren ondoren, Axun Lasak, Joxean Lasaren arrebak, hartu zuen hitza, berak eskatua eta Eneko Etxeberriak atseginez emana. Indarkeria politikoaren biktimen alorrean eskarmentu handia duen Carlos Martin Beristainen hitz batzuk zekartzan paper batean idatzita Lasak, familiari eskaintzeko: «Behartutako desagerpenarena beldurrezko estrategia bat da, baina baita gertaerak eta erantzukizuna ezkutatzeko modu bat ere», nabarmendu zuen. Jokabide horretatik, gainera, «bertsio desitxuratuak» sortzen direla gaineratu zuen.

«Bilatua izateko eskubidea» aldarrikatu zuen Lasak, eta honela amaitu zuen: «Behartutako desagerpena ez da soilik delitu iraunkor bat, min iraunkorra ere bada. Enpatia eta kontzientziaren giharra, inpunitatearen eta desagertuen krisi larrien aurrean, antidotoak dira».

Estatuak eragindako beste biktima batzuen senideak ere egon ziren, Pasaiako Badian 1984an hil zuten Dionisio Aizpururen anaia kasu.