GARA
IRUÑEA

Mahats zuri barietate berri bat aurkitu dute Nafarroan, «Musa»

«Bakantzat» jotzen den mahats zuriaren barietate berri bat berreskuratu dute Nafarroan, Arellano herrian, eta “Musa” izenez erregistratu dute. «Genomiaren, morfologiaren eta ekoizpenaren ikuspegitik bakarra eta berezia» dela azaldu zuten atzoko aurkezpenean.

Erriberriko Enozentrumen mahats barietate berriaren aurkezpena egin zuten atzo.
Erriberriko Enozentrumen mahats barietate berriaren aurkezpena egin zuten atzo. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Sailak, EVENAk, mahats zuriaren barietate berri bat berreskuratu du, bitxikeriatzat jotzen dena. “Musa” izenarekin aurkeztu zuten atzo, aurkikuntzaren jatorriagatik, Arellano herrian topatu baitute Musen Hiribildua erromatar aztarnategi arkeologikotik hurbil, non I. mendean jada ardoa egiten zen.

Datorren urtean Nafarroan landu ahal izango den barietate berri hori Nafarroako Mahastizaintza eta Ardogintza Kulturaren Zentroan (Enozentrum) egindako ekitaldi batean aurkeztu zuten, Erriberrin. Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak adierazi zuenez, “Musaren” identifikazioa mugarri bat da Nafarroako mahastizaintzarentzat.

Felix Cibriain teknikariak eta Izaskun Oria EVENAko upategi esperimentaleko enologoak eman zituzten azalpen teknikoak, eta adierazi zuten «bakarra eta berezia» dela «genomiaren, morfologiaren eta ekoizpenaren ikuspegitik».

Ezaugarri bereziak dituela azaldu zuten: berandu ernetzea, trinkotasun txikia eta ikuspegi kualitatibotik ardoak egiteko erakutsitako potentzialtasuna. Barietate hau jatorrizko lurraldetik hurbilen dagoen mahastizaintza eta ardogintzaren inguruan produktu berritzaile bat garatzeko hautagai ona dela esan zuten.

BARIETATE BERRIAREN JATORRIA

Cibriainek mahats hori nola aurkitu zen eta izen horrekin zergatik «bataiatu» den azaldu zuen. 2008an, Arellanoko mahastizain Patxi de Goñik eskatuta, EVENAko langileak mahastietara joan ziren nekazariek «anomaliatzat» jotzen zutena ikusteko. 35 urte inguruko mahastia zen, udalerri horretako La Bodega parajean kokatua, eta Cabernet Sauvignon barietateko mahats tintaz osaturik zegoen. Deigarria iruditu zitzaion mahatsondo jakin bateko mahatsen kolore zuria.

2017ko azaroan, “Cepas Singulares de Navarra-Vinos Old-Vidaos” mahastizaintzako materiala biltzeko lanaren babesean, EVENAk bere ebaluazioa hasi zuen, barietate ezezaguna dela ziurtatuz, eta «ez identifikatu» gisa katalogatu zuten.

Analisiek eta azterketa genetikoek Cabernet Sauvignonen hazi batetik sortu den barietate berri bat dela baieztatu zuten.

BEREZITASUNAK

Sektorearen zati batean piztutako interesaren ondorioz, landaketa esperimental txikiak ezarri dira hainbat upeltegi eta mahastizainekin lankidetzan, hala nola Bodega de Liedena, Bodega Inurrieta, Bodega Otazu y Azul eta Garanza Bodegas-en, eta horrek aukera ematen du toki desberdinetan duten portaera aztertzeko.

Oraindik indarrean dagoen azterlanaren barruan, EVENAren lursail esperimentalean egiaztatu dute ekoizpen baxukoa dela, luku eta baia txikiekin. Lortutako muztioak «oparoak dira parametro enologiko nagusietan: alkohol maila handia eta azidotasun handia izan ditzake». Hori dela eta, egokia da «batetik, zaintzeko gai diren ardoak sortzeko eta, bestetik, beste ardo tipologia batzuetarako barietate osagarri gisa baliatzeko».