Sara sorleku duen xistera berritzailea, tradizioa pilotakadaz hauspotzeko
Xistera tradizionalaren zimenduetatik, tresna merkeago, konponerrazago eta iraunkorragoa eraikitzea da Eskutik kooperatibak erreusitu duen erronka. Ekoizpenetik hasi eta komunitateari begira duen interesera arteko bidearen berri eman du Oier Oak.

«Xistera tradizional batean, uztaia hausten denean, xistera guztia bota behar da. Pilotariek eskatu ziguten ea ez zegoen aukerarik uztaia aldatzeko». Bertatik abiatzen da Eskutik kooperatibak ekoitzi duen xistera asmatzeko prozesua. Puntistek aspaldian sumatutako zuloa estaltzeko xedez, larunbatean aurkeztu zuten tresna berritzailea, Saran eginiko ekitaldi berezi batean, bertako kooperatibaren izaerarekin bat eginez.
«Ezohiko» ekitaldia izan zen: aurkezpen ekitaldia pilota topaketa ere bazen, eta bertako dantzari, bertsolari eta musikariek girotu zuten eguna, sortze prozesuan parte hartu duten eragileak bertan zirela. Horren bezperetan “Kazeta” atariarekin mintzo, Oier Oa Eskutik kooperatibako kideak hau nabarmendu zuen: «Modu ezohikoan aurkeztu nahi genuen, denen artean momentu goxoa pasatzeko».
Xistera berriaren ezaugarrien artean, uztaia hautsiz gero alda daitekeela azpimarratu zuten, eta horrek tresnaren erabilgarritasuna nabarmen luzatzen duela, galera ekonomikoa ekiditearekin batera.
Zulo hori ez ezik, hutsune orokor bat estaltzera ere heldu da. «Bada zesta falta, ez baita xisteragilerik», azaldu zuen Eskutik kooperatibako kideak. Horren aitzinean, artisautza eta teknologia uztartuz, kalitatezkoa baina merkeagoa den tresna bat egitea lortu dute, zume tradizionalaren egituraz baliaturik baina egurrezko lamina eta landare-zuntzez osatutako elementu berriekin egina.
«Iruditzen zaigu pilotak artisautzarik gabe zentzurik ez duela eta teknikoki tresnak egurrezkoa izan behar duela, horrek badituelako propietate hobeak, eta bat egiten du ekologiaren ikuspegitik dugun filosofiarekin», argudiatu zuen Oier Oak.
Nahiz eta produktuak Eskutiken sinadura daraman, elkarlanaren emaitza dela azpimarratu zuten. Izan ere, Elkar (Mauleko ingeniaritza enpresa), Axalko (Zerainen egurrezko bizikletak egiten dituen kooperatiba), Alki (Larresoroko kooperatiba altzairugilea) eta Xabi Luberriaga lutierra izan dituzte lagun sorkuntza prozesuan; «inguruan ikusten genuen norbanako, kooperatiba eta enpresa asko ditugula egurrarekin jakitate handia dutenak. Denon artean egin dugu eta elkarrekintza hori gabe ez zen posible izango», aipatu zuten.
XISTERA FALTARI ATERABIDE BAT EMATEA
Materialei dagokienez, egurrezko lamina eta lihoarekin osatu dute xistera berri hau, zume tradizionala atxikiz, baina honekin osaturiko saihets kopurua gutxituz. Horrela, zumea ehuntzeko denbora murriztu dute, eta horrek kostuak beheititu ditu. «Xistera tradizional batek 13 saihets ditu eta 25 ordu behar ditu egiteko, eta honek, berriz, 10 ordu inguru, bost saihets baititu», argitu zuen Eskutikeko kideak.
Haurren neurrira eginiko tresna izanki, hastapeneko entseguak Berritxu zesta eskolako neska-mutilek egin dituzte, baina helduek ere probatu dituzte eta interesa agertu dute. Momentuz, hamahiru prototipo egin dituzte; «joan-etorriak izan dira, zuzenketak egin dizkigute, baina azkeneko entseguarekin oso pozik agertu dira. Animatuak gaude eta pentsatzen dugu harrera ona izanen duela».
Ekologikoki eta sozialki arduratsua izan nahi duen kooperatibaren jarrerarekin bat eginez, ez dute teknika hau patentatzeko asmorik. Aitzitik, zabaldu egin nahi dute eta beste ekoizleak bat egitera gomitatu dituzte. «Ez dugu teknika hori guretzat gorde nahi edo patentatu nahi, pilota munduari ekarpen bat egin nahi diogu», argitu du Oier Oak.
Udan zehar elkarte eta klubentzako probak antolatzeko asmoa dute, irailetik aitzina merkaturatzeari begira. Hastapenean haurrei zuzendua izanen da; baina «egia ere bada frogatu duten helduek haientzat ere egitea galdegin digutela. Beraz, ez dugu ate hori hesten eta denborarekin ikusiko dugu».
Azken batean, xistera berri hau ez da tresna teknikoa soilik, berrikuntzaren bidez materiala jokora egokitzeko funtzioa betetzen baitu, pilotaren transmisioa eta zabalkundea helburu. Oier Oak bizirik du itxaropena: «Orain artean segitu dugun elkarlan berdinarekin, ea beste federazio, enpresa edo xistera egileek ere joko honetan parte hartzen duten, eta xistera faltari aterabide bat ematen diogun denen artean».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
