GARA
DONOSTIA

San Joan jaiek egingo dioteongietorria Gipuzkoan udako solstizioari

Ohiturari jarraituz, Gipuzkoako herri eta auzo gehienetan solstizioa ospatzeko su magikoa piztuko dute. Astelehenean izango da hori, baina San Joan jaiak ospatzen dituzten herrietan asteburu honetan hasiko dituzte ekitaldiak; esaterako, Arrasaten, Eibarren, Tolosan eta Andoainen.

Arrasaten San Joan sua piztuko dute beste behin.
Arrasaten San Joan sua piztuko dute beste behin. (Juanan RUIZ | FOKU)

Deba bailaran hasita, Arrasate eta Eibar dira San Joan jaiak ospatuko dituzten herri nagusiak. Arrasaten joan den asteburuan hasi zituzten jai ekitaldiak, eta gaur itzuliko dira, erromeria ibiltari eta euskal kantuen gauarekin. Bihar Gazte Olinpiaden bigarren edizioa egingo dute. Aurten 866 gaztek parte hartuko dute, 56 kuadrillatan banatuta.

Jai egitaraua datorren ostegunera artekoa izango da eta aurten bada berrikuntzarik; esaterako, bertso saioa lekuz aldatuko da, “Zeuk Iñ Zeuk Jan” musikaz girotua egongo da, mariatxien kalejira izango da eta zapi berri gehiago banatuko dira -2.500 guztira-, herritarrek zapi morea eramateko nahia agertu baitute. Ohiko bilakatu diren ekitaldien artean daude, besteak beste, entzierroak, kantu afaria, Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua, Eguzkilaru eta 80 urtetik gorakoei omenaldia. San Joan bezperako ekitaldi tradizionalak astelehenean izango dira: makalaren jasotzea, errementari dantza, San Joan sua, nagusien danborrada eta erromeria.

Musika arloari begiratuta, hiru gune nagusitan izango dira kontzertuak; txosnagunean, Herriko Plazan eta Monterron parkean, hain zuzen ere.

EIBAR

Eibarren ekain hasieran jarri zituzten abian aurtengo sanjoanetako ospakizunak eta asteburu honetan abiada berezia hartuko dute, jende guztiari zuzendutako jardueren bitartez: kontzertuak eta danborradak, kirol-txapelketak eta kalejirak, beste askoren artean.

Txosnagunean, Jaixak Herrixak Herrixandako kolektiboarekin lankidetzan, kontzertu egitarau zabala prestatu dute. Egun handia, ohitura den bezala, San Joan bezpera izango da, astelehena. Goizeko lehen orduan, Usartza Txistulari Bandak San Juan zortzikoa joko du Untzagan, eta kuadrillak batu ondoren kalejiran joango dira Urkizuraino Ustekabe fanfarrearekin. Estaziño kalean harrera egingo zaie Lizarrako dultzaineroei, eta udaletxetik jaien pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko dute.

TOLOSA

Deba bailaratik Oriara salto eginez, Tolosan ere aurreko astean ekin zieten ospakizunei. Txupinazoa gaur botako dute, arratsaldeko seietan, udaletxeko balkoitik. Aurten, Tolosa Kantari taldeari eskaini diote jaiei hasiera ofiziala emateko ardura, kantu herrikoiak bizirik mantentzeko eta herritarrak musikaren inguruan biltzeko egindako ahalegina eskertzeko. Kuadrillen Eguna bihar izango da.

Musika arloari dagokionez, herriko musika taldeez eta txarangez gain, hainbat talderen emanaldiak iragarri dituzte. Igandean txistu kontzertu berezia izango da, aurten Gozategi eta Pirritx eta Porrotxen parte hartzearekin. San Joan sua astelehen gaueko hamarretan piztuko dute eta aurtengo egitaraua San Joan eguneko ospakizun tradizionalekin amaituko da.

ANDOAIN

Oria bailaran behera eginez, Andoainen ere egitarau zabala prestatu du Jai Batzordeak, herriko 25 elkarterekin lankidetzan; gaurko txupinazoarekin abiatuko da hori. Aurten Andoaingo Axeri Dantza elkarteko kideek irakurriko dute pregoia, 50 urte igaro baitira berreskuratu zenetik.

San Joan bezperan, astelehenean, ohiko soka dantza egingo dute dute alkateak eta udalbatzak, eta gauean San Joan sua piztuko dute kanpai-errepika, txalapartari eta herriko musika eta dantza taldeen parte-hartzearekin.

Musika arloan, herriko txistulari, txaranga eta musika bandaren emanaldiez gain, aurten talde ezagun asko izango dira herrian.