Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE LAST SHOWGIRL

Bizitza, ikuskizunaren ondoren

Forman eta estiloan (oso) urrun egon arren, “The Last Showgirl” pelikularen mezuak “The Substance”-k plazaratu nahi duenaren mamia islatzen du: entretenimenduaren industrian nagusitzen den basakeria eta bertan adin ertaineko emakumeek jasaten duten presioa eta arbuioa, edertasun-kanonaren menpe bizita. “The Last Showgirl” pelikula kontenplatiboagoa eta askoz arinagoa da, baina bakardade emozionala eta entretenimenduaren industriaren azalkeria ditu ardatz.

Pamela Andersonek lana galtzen duen Las Vegaseko dantzari batena egiten du: Shelley. 30 urteko ibilbidearen ondoren, bat-batean, ikuskizuna bertan behera utziko dutela esango diote eta bere bizitzarekin zer egin erabaki beharko du 57 urteko emakumeak. Pilatutako esperientzia eta teknika ez dira aski, akrobaziak, edertasuna eta gaztetasuna saritzen dituen industria matxista batean bizirauteko.

Filmaren xedea eta mezu nagusia modu oso zuzenean jaurtitzen ditu Coppolak, eta argi eta garbi iristen zaizkio ikusleari. Andersonek bere zauriak harrotasunez erakusten ditu, argitasunez eta ausardiaz. Lan aparta egiten du.

Arazorik handiena mezu horiek helarazteko era da. Gidoia oso arrunta da, eta etengabe azpimarratzen dira zenbait egoera.

Ez da batere sotila; filmaren aldarri nagusiak pertsonaia guztien ahotik entzuten ditugu une oro. Estetika nahiko ederra duela kontuan izanda, hitzek pisu handiegia dute, eta hizkuntza zinematografikoari ez zaio apenas lekurik uzten. Une batzuetan asteburuko telefilme baten kutsua nagusitzen da.

Ausardia narratibo eta formala falta zaio, baina oso gomendagarria eta ikuserraza da.