Kate Kelleghanek eta Laura Pineauk historia egin dute Yosemiten
Ekainaren 8an Triple Crown proiektua biribildu zuten bi eskalatzaileek. Hots, Watkins, Kapitain eta Half Dome 23 ordu eta 36 minutuan lotu zituzten. Hori egiten lehen emakumezkoak bihurtu dira.

Yosemiteko hormatzarretan dunbots ederra entzun berri da. Atsegina eta historikoa. Kate Kelleghan eta Laura Pineau izan dira protagonistak. Baina, zer egin ote dute bi eskalatzaile hauek beren buruak hedabideetako lehen lerroetan kokatzeko? Triple Crown proiektu erakargarri eta oso zaila sinatu zuten ekainaren 8an. Yosemiteko murru luzeenak, Watkins, Kapitain eta Half Dome, 24 ordu baino gutxiagoan eskalatzeko eta lotzeko gai izan dira 25 eta 34 urteko protagonistak. Zehazki, 23 ordu eta 36 minutuan!
Ibar horretako espezialistek eta adituek diote Yosemiteko erronka zailena dela. Eskalada luzea eta zaila egiteaz gain, hiru paretak oinez (29 kilometro) lotzen dira. Batzuek diote ere, bi eskalatzaileok hormatzarretako espezialitatean garai bateko generoen artean zegoen hesia puskatu dutela. Eta neurri handi batean arrazoi osoa dute: Triple Crownen lehen neskak izateaz gain, mutilez osatutako oso sokada gutxik bete dute xede hori.
Arrakasta horren giltzak ertz ezberdinak ditu. Kelleghanek eta Pineauk onartu dute azken urteotan proiektu horretan ordu asko egin dituztela. Entrenamenduak, azterketak, bide bakoitzaren igoerak… Bazekiten 24 ordu baino gutxiagoan biribiltzeko Watkins bost ordu baino gutxiagoan igo behar zutela, Kapitain (“The Nose”) zazpi baino gutxiagoan eta Half Dome sei baino gutxiagoan.
Taktikak ere berebiziko garrantzia du. Horrekin esan nahi dugu 77 luze (2.200 metroko eskalada) horietan errelebo gutxi egiten direla. Blokeka (5, 6 edo 7 luze) eskalatzen da, abiadura bizian, tresneria gutxi jartzen… Labur esanda, zati askotan arriskuak hartu behar izan zituzten. Zalantzarik gabe, jarduera aparta izan da, erresistentzia eta gaitasun tekniko handia erakutsi dutelako. Jakina, ahalegin mentalak eta arriskua hartzeko konpromisoaren mailak berebiziko garrantzia izan dute.
Laura Pineauri hitza eman diogu, eta arrakasta horren giltza edo sekretuaren inguruan GARAri mintzatu zaio: «Katerekin hainbat urtez entrenatzen ibili izan naiz, eta nire aldetik bada eite bat garrantzi handia duena: eskalada librean dudan eskarmentuak azkarrago joatea lagundu zidan. Inoiz egin dudan eskaladarik arriskutsuena izan da. Arrisku handiak hartu genituen amets hori egia bihurtzeko. Eta lortu genuen! Pozarren nago proiektu hori amaitu dudalako eta egin duguna eskalada seguruarekin eta normalarekin inolako harremana izan ez duelako. Beste giltza bat gure entrenamenduetan erabilitako Coros ordularia izan da. Gure energia maila, eskalatutako luzeak, lo egiteko azterketa eta errekuperazioak jasotzen ditu. Elektrolitoak eta karbohidratoak ere erabili ditu».
Eskaladako jarduera hori testuinguruan jarri ondoren, esan behar dugu Triple Crown goizeko hamaiketan hasi zutela. Bihozkada ala ez, baina Watkins eskalatzeko prest zirenean trumoi hotsak entzun ziren. Hormara hurbiltzeko hiru ordu eta erdi behar izan zuten oinez. Zorionez, ekaitza ez zen lehertu eta horma horren gailurrean ziren denbora oso onarekin; hain zuzen ere, entrenamenduetan eginikoa baino 40 minutu gutxiago. Denera, 4 ordu eta 10 minutuko igoera izan zen. Ordubeteko jaitsierak aparkalekuan utzi zituen. Ordubetean Kapitainen ziren. Une hori aprobetxatu zuten jateko, hozkailu eramangarri batean oinak hozteko, burua pixka bat lasaitzeko eta “The Nose” bidearen eskalada antolatzeko.
Ibilbide mitiko horretan honako denbora egin zuten: 7 ordu eta 25 minutu. Arratsaldeko 6ak ziren. Gailurretik autora mila metroko jaitsiera egin zuten. Berriro errepidean jarri eta 20 minutu beranduago Half Domeko oinarrian ziren. Urduritasuna bi eskalatzaileon buruetan kokatu zen. Triple Crown 24 ordu baino gutxiago sinatzeko, sei ordu geratzen zitzaizkien.
Entrenamenduetan eginiko denbora onena sei ordu eta bost minutukoa zen. Elkar animatu eta eskalatu beharreko blokeak banatzen hasi ziren. Azkena Pineauren ardura izan zen. Ekaitz elektriko batek harrapatu zituen, baina protagonistok mamu horri uko egin eta eskalatzen jarraitu zuten. Gailurrera heldu bezain laster, soka finkatu eta Kelleghan ziztu bizian igo zen. Elkartu zirenean, berriz, kronoa gelditu eta 23 ordu eta 36 minutu markatzen zuen.
Justu izan arren, erronka gainditu zuten, eta, horri esker, Pineau eta Kelleghan orain Yosemiteko historian sartu dira.
LEHEN EMAKUMEZKOAK
Bi eskalatzaile hauen arteko harremana bitxia da. Kelleghan estatubatuarra da, eta Yosemiteko hormatzarrak bikain ezagutzen ditu. Pareta luze horietan eskarmentu handia izateaz gainera, YOSAR edo Yosemiteko erreskate taldeko kidea da.
Laura Pineauren Yosemiteko ibilbidea, berriz, askoz ere txikiagoa da. Muturreko artesietan erakutsi du gaitasun itzela duela, baina hormatzar horietan egiten diren abiadura helburuetan ez zuen eskarmenturik. Frantziarrak adierazi du ibarrean egin zuen lehen bisitan erabat harrapatuta geratu zela murru horiekin zein eskalada estiloarekin: «Hori bai, egoa sarreran utzi behar duzu. Izan ere, pazientzia handia izan behar da. Konturatu nintzen bertako eskalatzaileek behin eta berriz hitz bat errepikatzen zutela: NIAD (“The Nose” bidea egun bateko eskalada kontzeptua). Abiadura estilo horren inguruan makina bat istorio kontatu zizkidaten, eta lehen aldiz Triple Crown izeneko proiektua entzun nuen. Gizonezkoek osatutako bederatzi taldek soilik lortu dute erronka hori. Emakumezkoen artean, bat bera ere ez. Iazko apirilean esan zidaten Kate sokakide bat bilatzen ari zela abentura hori egiteko. Ez dakit jarrera eroren bat izan ote zen, baina Kateri idatzi eta esan nion prest nengoela erronka horretan parte hartzeko. Adierazi nion abiadura eskaladetan ez nuela eskarmenturik. Astebete geroago, “The Nose” hamabi orduan igo nuen. Denbora hori ikusi eta gero, baieztatu nion bat egingo nuela Triple Crown proiektuarekin».
Argi dagoena da eskalatzaile frantziarrak denbora oso gutxi behar izan duela abiadura estilo horretara egokitzeko. Kelleghanen eskarmentuari esker, entrenamenduetan murru bakoitzean denborak hobetzen joan ziren. Watkinsen, adibidez, 9 ordutik 7ra igaro ziren. “The Nose”-n, berriz, ia 13 ordutik 7 ordura. Eta Half Domen, azkenik, 9 ordutik 6ra.
Triple Crown testuinguruan kokatu dugu, eta Pineauk beste datu esanguratsu batzuk gehitu nahi izan ditu: «Onartu behar dut Kapitaineko mila metroko pareta hori ziztu bizian igotzea adiktiboa dela. Baina abiaduraren aldeko apustu sutsua egiten denean, aurreratu behar dut ez dela soilik eskalatzea. Arrisku handiak hartu behar dira, eta oso erne egon behar duzu. Ezin duzu akatsik egin. Finean, ariketa horretan oreka mentalak garrantzi handia du. 24 orduko jardunean %100ean kontzentratuta zoaz. Oso harro nago lortutako emaitzarekin. Baina batez ere amaiera arte erronkari eutsi diodalako».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
