Akordioa lortu dute Gipuzkoako eraikuntzan, soldata igoera barne
ELAk, atzo zabaldutako ohar batean, nabarmendu zuen Gipuzkoako eraikuntza sektorean lortutako akordioak langileen erosahalmena bermatu eta kontziliazioa hobetuko duela. Sindikatu horrek %74ko ordezkaritza dauka sektorean.

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatu berri dute. ELAk du gehiengo osoa sektorean (%74) eta pozik azaldu da lorpenekin.
Atzo ohar batean azaldu zuenez, hitzarmenak lau urterako indarraldia izango du (2025-2028). Soldatari dagokionez, KPI+0,9ko soldata igoera izango dute lehen urtean eta KPIaren araberako igoerak gainontzekoetan.
Kontziliazioa eta bizitza errazteko bidean, zortzi orduko murriztu da lanaldia.
Badira, gainera, prekaritateari aurre egiteko zenbait puntu ere. ELAk azpimarratu zuenez, «kontratazio prekarioek langileei ziurgabetasuna eragiten diete, eta lan istripuekin lotura zuzena dute».
Aurrerantzean ezingo da aldi baterako laneko enpresen bidezko kontrataziorik egin, ez obran, ezta mantentze lanetan ere. Eta modu egonkortuan dauden azpikontratetako langileek subrogazio eskubidea izango dute hemendik aurrera.
Horrez gain, euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatu du ELAk, eta 50 langiletik gorako enpresak Euskara Planak negoziatzera bultzatu ditu. Sexu Jazarpenaren aurkako Protokoloan ere aurrerapausoak eman eta trans kolektiboaren eskubideak txertatu dira.
ELAren esanetan, azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker lortu da akordioa. «Beste sindikatuek sektore honetan sinatu dituzten hitzarmenetan baino eduki hobeak» lortu dituela gaineratu du.
Bestalde, LABek iragarri du ez dela Adegi patronalaren «konplize» izango eta, beraz, ez duela Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko. Ohar batean honakoa adierazi du sindikatuak: «ELAk eraikuntzan erdietsi duen akordioak ez ditu langileon osasuna eta etorkizuneko lan baldintza egokiak bermatzen» eta «patronalarekiko otzan jokatu du, borrokari uko egin dio eta sektoreko langileen beharrak albo batera utzi ditu akordio bat erdiestearren».
Edukiei dagokienez, dituen «ustezko aurrerapausoak ez dira errealak izango sektoreko langile gehienentzat», dio LABek. Bere ustez, «akordioak ez die erantzuten eraikuntza sektorean dauden arazo handienei: hitzarmena ez da betetzen sektorearen zati handi batean, eta sektoreko lan-istripu eta heriotza kopurua ikaragarria da».
LABen aburuz, hitzarmenak errealitate horri erantzun beharko lioke: «Argi dago edukiek ez dietela sektorearen errealitateari eta langileen beharrei erantzuten».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
