EH Bilduk irmotasuna eskatu du «borondateak erosten» dituzten enpresa ustelen aurka

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak enpresa ustelen kontrako presazko neurri legalak exijitu zizkion atzo Gobernu espainiarrari. «Etikarik gabeko jendearen borondateak erosiz aberasten direnak agerian jarri, jarraitu eta zigortu behar dira», nabarmendu zuen Kongresuko plenoan.
Ustelkeria «errealitate sistematiko nazkagarri» gisa definitu zuen. Esan zuenez, hor, paper garrantzitsua dute enpresa ustelek.
Bere erantzunean, Felix Bolaños Justizia ministroak onartu zuen ustelkeria kasuek PSOE lotsarazten dutela, eta garbi utzi zuen bere aliatuen aholkuak hartzeko prest daudela. Hala ere, indarrean dauden neurriak defendatu zituen eta herritarren konfiantza berreskuratzeko beharra azpimarratu zuen.
HIRU AKTORE
Kongresuko kontrol saioan, Matutek azaldu zuen ustelkeria kasu guztietan hiru aktore nagusi egoten direla: «Usteltzen dena, usteltzen duena eta hori gerta ez dadin zaindu beharko luketena». Horrekin lotuta, «enpresa sare estraktiboak» aipatu zituen, «zintzoak ez diren politikarien konplizitate, onespen eta kolaborazioa behar dutenak». Horien aurrean, «irmotasuna» galdegin zuen EH Bilduko bozeramaileak, «azken ondorioetara arte, behar den edozein eskailera mailatan: ustelak, usteltzen dutenak eta funtsezko kolaboratzaileak».
Neurri zehatzak ere eskatu zituen; besteak beste, kontratazio publikoko legeak aldatzea «objektibotasunak behar duen lekua har dezan», «legez kanpoko praktikak egiten dituenari esleipen publikoetara aurkezteko debekua ezartzea» eta «inplikatutako enpresek laguntza publikoak itzultzea».
Erantzuteko txandan, Bolañosek agertu zuen espainiar erregimen legalak Matutek aipatutako bi figurak kontuan hartzen dituela jada: «Delitua egiten dute bai usteltzen den funtzionarioak eta bai funtzionarioari opari edo hobariak eskaintzen dizkion enpresak edo norbanakoak».
DENA PERFEKZIONATU DAITEKE
Justiziako buruak esan zuen «ez dagoela arduraren mugarik», ez pertsona fisikoentzat ez juridikoentzat. Oroitu zuen, EH Bilduren babesarekin, Exekutiboak aberaste bidegabearen delitua txertatu zuela. Halaber, azaldu zuen legeak ustelkeriagatik kondenatutako enpresen lizitazio publikoak debekatzen dituela eta kontratazio batzordeak soilik «karrerako funtzionarioz» osatuta daudela.
Salatzailearen Babeserako Autoritate Independentearen sorrera, ustelkeria publiko eta pribatuan espezializatutako Fiskaltzaren bi unitate berriak eta lobbyen lege baten tramitazioa aipatu zituen Pedro Sanchezen Gobernuaren ekintzen artean. «Dena perfekzionatu daitekeela» aitortu zuen. Prest daude «hobetzeko proposamenak entzuteko».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
