GARA
ABADIÑO

Sortuk bere IV. Kongresua urtebete aurreratuko du «eraginkortasuna lortzeko»

Sortuk Nazio Batzarra egin du egunotan Abadiñon eta bertatik ondorio batzuk atera ditu. Besteak beste, irailaren 27an Iruñean egingo duten nazio ekitaldirako deialdia zabaldu du eta alderdiaren IV. Kongresua aurreratzea erabaki du fase politiko berriak eskatzen duenera egokitzeko.

Abadiñoko Batzarreko ostiraleko saioko une bat.
Abadiñoko Batzarreko ostiraleko saioko une bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sortuk ikasturte amaieran egin ohi duen Nazio Konferentzia egin du ostiral eta larunbat honetan Abadiñon. Bertan, balantze politikoa egin, hainbat erabaki hartu eta datozen hilabeteetarako erronkak zehaztu dituzte.

Nazio Batzarrean bi ebazpen onartu dituzte Sortuko kideek. Alde batetik, Sorturen IV. Kongresua urtebete aurreratzea erabaki dute, «askapen prozesuaren fase politiko berriak eskatzen duen eraginkortasuna bilatzeko». Kongresu prozesua udazkenean egingo dutela iragarri zuten, eta datorren urte amaiera aldera amaituko dutela.

Bestetik, Sozialismorako Euskal Bidea ebazpena onartu zuten, ikasturte honetan landutakoa berretsiz eta norabide estrategikoa zehaztuz.

Abadiñon dozenaka alderdikide batu ziren. Larunbatean elkarrekin gogoeta egiteko parada izan zuten. Hala, egin duten balantzearen arabera, «ikasturte honetan estatus politikoen eztabaidak eta nazioarteko egoera gatazkatsu bezain ezengonkorrak» nagusitu dira. Hala ere, oro har, «ikasturte oparoa» izan dela ondorioztatu zuten.

ASKAPEN PROZESUA

Ostiralean, berriz, Iratzar Fundazioak solasaldia eskaini zuen, eta urte hasieratik lantzen ari diren “Askatzera lotuak” egitasmoaren bueltan hizketan aritu ziren.

50 urte dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, baita Franco hil zela ere, eta, urteurren horretatik abiatuz, askapen prozesuari begiratu zioten. Horren harira, irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan egingo duten nazio ekitaldirako deialdia zabaldu du Sortuk. «Ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko momentua da, Euskal Herriaren independentziarako bidean», aldarrikatu zuten.