EDITORIALA

Behar luketena baino gutxiago ordainduta ere

Hego Euskal Herriko foru ogasunek berankorren zorra jakitera eman zuten atzo. Lau lurraldeetako zerrenden arabera, 1.300 milioi euro inguru zor diete guztira lau ogasunei 1.153 enpresa eta pertsonak. Ogasun txikiak dira laurak; zerrenda horietako kopuruak ez hain txikiak, ordea. Ez, behintzat, edozein euskal herritarrek bizitza duina egiteko behar duenaren parekoak eta, are gutxiago, askok nekez bizirauteko daukatenarena. 600.000 euro baino gehiago -zenbait kasutan dozenaka milioi- zor dituena eskuarki ez da egoera zaurgarrian edo estuan bizi izaten. Eta badirudi ez dutela axola handirik egoera zaurgarrian bizi direnez. Neurri batean, esan liteke ogasunei ere ez zaizkiela behar beste axola.

Behin eta berriz heldu ohi zaio eztabaida fiskalari eta behin eta berriz egiten da aldaketaren bat funtsean ezer ez aldatzeko. Krisi egoeran lan errentak zamatzen dira, kapitalarenen zama arinduta; ekonomia ondo omen doanean, baina, etekinak ez dira banatzen, eta zama fiskala, berdin-berdin, lan errentaren gainean jartzen dute. Bestela esanda, gehien dutenek erraztasun fiskal guztiak dituzte; enpresei eta errenta altuei mesede egiteko kultura dago. Horrek ez du esan nahi interes publikoak hala eskatzen duenean ez zaiela enpresei lagundu behar. Mozkinak bakan batzuen artean banatzen dituzte; galerak, berriz, denen artean. Eta sistema fiskal bidegabe hori alde izatea, eta sistema hori are mesedegarriago izan dakien trikimailu legalak erabiltzea nahikoa ez eta, batzuk, ez gutxi, ordaintzeko orduan uzkur agertzen dira, legezko trikimailuak ez ezik, legez kanpokoak ere erabiliz.

Ogasunari gehien ordaindu behar diotenak ez dira beren soldataren erdia edo gehiago etxebizitza alokairuan utzi behar dutenak; lan baldintza kaskarrak izanda ere langabeziaren beldur direnak; krisi guztiek, mota guztietako krisiek, zuzenean kolpatzen dituztenak. Gehien ordaindu behar dutenek ez dituzte arazo horiek, baina betiere asko iruditzen zaie ordaindu behar dutena. Horietako askok beren burua herritar eredugarri aurkezten dute eta esandako zerga sistema bidegabearen onuradunak izanda ere, iruzur egiten diote.