GARA
BILBO

«Ekintzarik eza» salatu dute Bizkaiko autoeskolen grebalariek

Bizkaiko autoeskolen sektoreko grebaren lehen egunean, atzo, langileek erantzun «zabala» eman zioten ELA (%87,5eko ordezkaritza) eta CCOO (%12,5) sindikatuek egindako deialdiari. Sindikatuen arabera, mobilizazioak argi utzi zuen plantillak «nazkatuta daudela Apavi. patronalaren immobilismoarekin eta negoziazi.orako borondate faltarekin».

Zazpi bilera eta gero, grebei hasiera eman zieten atzo sektoreko langileek; mobilizazioek jarraipena izango dute hilaren 16an eta 21ean.

«Patronalak ez du proposamenik aurkeztu sektorearen eskaera nagusiei erantzuna emateko: soldata KPIaren arabera eguneratzea, lan osasunean hobekuntzak egitea eta lanaldia murriztea, batez ere irakasleentzat. Administrazioko langileen kasuan, proposatutako neurriak ez dira nahikoa, lan kargei eta kontziliazio premiei ez zaielako erantzuten», adierazi zuten sindikatuek.

Mobilizazioa goizeko lehen orduan hasi zen, kontzentrazio batekin, eta grebalariak manifestazio jendetsuan abiatu ziren Bilboko Casilda Iturrizar parketik patronalaren egoitzaraino. Ibilbidean zehar, plantillaren erosahalmena bermatzeko eta lanaldiaren murrizketan aurrera egiteko eskatu zuten.

ELAk eta CCOOk proposamen zehatz eta eraginkorrak mahai gainean jartzeko eskatu zioten Apaviri.