Bestazaleen esku dira hiriaren gakoak
Askatasun plaza eta inguruak zuri eta gorriz jantzi ziren atzo, 17.00ak izatearen beha, 2025eko Baionako bestak ofizialki abiatzeko. Aro ederra lagun, Herriko Etxeko balkoitik jaurtitako hiru gakoek ireki zuten bost eguneko ospakizuna. En Tol Sarmientoko Iñigo Etxezarretak eta Joan de Nadauk girotu zuten irekiera.

Baionako bestek atzo goizean goizetik hartu zuten martxa, kirol ekimenekin eta Ezpeletako piper moletaren munduko txapelketarekin hasita. Bazkalostetik aitzina, ordea, jende andana bildu zen Askatasun plazan, irekiera ekitaldiaz gozatzeko. Harmonie Bayonnaise bandaren doinuak hasi ziren giroa berotzen, eta jarraian igo zen Herriko Etxeko balkoira Iñigo Etxezarreta, En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarreko kantari eta gitarrista. “Zurekin batera” kantuarekin hunkitu zuen publikoa, eta horri jarraiki, Joan de Nadauk bere “L’encantada” abestiarekin piztu zuen besta giroa.
Jende uholdearen zapi gorriak airean, balkoiko tokia hartu zuten gomitek, hiru gakoak jaurtitzeko. Lehena Joël Doyhamboure baionarrak jaurti zuen, “Tout le monde veut prendre sa place” lehiaketako irabazleak. Bigarrena Camille Lou kantari frantsesak bota zuen, eta hirugarrena, berriz, Aviron Bayonnaiseko hiru jokalarik: Arthur Iturriak, Camille Lopezek eta Guillaume Rouetek, taldea TOP14ko finalerdira eramateagatik omenduak izan zirenak, txalo zaparradaren pean.
Gakoak bestazaleen esku, masclet zaratatsu eta ikusgarriak eztanda egin zuen, eta jarraian, Harmonie Bayonnaisek eta Baionako danborradak hartu zuten plaza, “Faxismoaren kontra borrokatu” zioen pankarta handiaren aurrean.
BESTA ALTERNATIBOAK
Ekitaldi ofizialaren ondotik, bestelako irekiera bat izan zuten atzo herritarrek, Baiona Handitik Ttipira salto eginez. Izan ere, aurten ere, ehun laguntzaile pasaren parte-hartzeari esker, Patxa plaza zuzeneko musikaz, euskaraz, auzolanez eta giro onez beteko dutela iragarri dute antolatzaileek. Besta herrikoi, euskaldun eta transfeministei leku eginen dien besta irekitzeko ekitaldiari begira, honela mintzatu ziren: «Badugu zer ospatua eta zer aldarrikatua! Besta bai, borroka ere bai!».
Pyrenees ostatuaren gaineko balkoitik gogorarazi zuten gune alternatiboetan kantatzeko, dantzatzeko eta jateko gonbita luzatzen zutela, eta Baionako Bestak aldatzen segitzeko nahia berretsi zuten. Hain zuzen ere, adierazi zuten ez dutela «Baionako Bestak bortizkeria matxistarako espazio pribilegiatua izaterik nahi» eta «neholako erasorik» ez dutela onartuko.
Gainera, “Vigilance fête” izeneko aplikazio bat aurkeztu zuten, Baionan barna dauden babesguneak zerrendatzeko.
Iruñeko Sanferminak gogoratu zituzten, eta Yala Nafarroak botatako txupinazoaren kari, Baionarekin senidetutako hiria dela nabarmendu zuten.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
