Ben Healyk Ben Healy erara irabazi du Tourreko seigarren etapa
Richard Carapaz gabe geratu den Education First (EF) taldeari lasterketa salbatuko dio irlandarrak; ihesaldi zail bat harrapatu eta urrutitik bakarrik abiatu ostean, etapa garaipen izugarria lortzeko gaitasuna izan zuen. Erakustaldia egin zuen.

Ben Healy irlandarrak garaipen izugarria lortu zuen Vire Normandien amaitu zen Frantziako Tourreko seigarren etapan. Jardunaldiak amaiera zorrotza izan zuen. Ibilbide gorabeheratsua zuen ezaugarri nagusi, eta lasterkari bizi eta indartsuei mesede egiten zien. Healy bereziki nabarmentzen da profil horretan, dituen garaipen apur bezain onak horrela lortu baititu, urrutitik eraso eginda eta bakarrik.
2023an Giroan lortutako garaipena edo, urrutira joan gabe, aurten Gernikan eskuratutakoak ekarri zituen gogora irlandarrak atzoko erakustaldiarekin.
Bayeuxetik abiatu zen etapa, eta Vire Normandien amaitu, guztira 201,5 kilometro egin zituzten txirrindulariek. 3.500 metroko desnibel positiboa pilatu zuten, hankak hausteko ibilbide gisa deskribatzen den horietakoa, hau da, etengabeko igoera eta jaitsiera labur eta gogorrak, azken kilometroetan are gogorragoa izanik.
Irlandarrak aurreko edizioan erakutsi zuen bere anbizioa, bost ihesaldi on harrapatuta. Hala ere, ez zuen errematatzen asmatu. Eta Richard Carapazen bajaren ondoren, bere taldeko gizon indartsuenetariko bat bezala iritsi zen aurtengo Tourrera. Atzo, aukera aprobetxatu eta azken kilometroetan nagusitasunez errematatu zuen.
BAKARKAKO LANA
Izen handiz beteriko ihesaldi baten parte izan zen Healy. Bertan ziren Mathieu Van der Poel, Simon Yates, Quin Simmons, Michael Storer, Eddie Dunbar, Will Barta eta Harold Tejada. Kosta zen talde hau eratzea. 100 kilometro pasatu arte ez baitzen ihesaldia osatu.
Hortik aurrera bai, bidea egin zuten eta harmonian lan egin zuten. Irlandarrak berak hautsi zuen adiskidetasun hori, helmugatik 40 kilometrora. Erasoa jo zuen, aurkariak Van der Poelen erantzunaren zain geratu ziren, honek beste aldera begiratu zuen eta helmugan ikusi zuten Education First taldeko txirrindularia; bakarkako lan ederra egin zuen.
Ibilbideak sei mendate puntuagarri izan zituen: bost hirugarren mailakoak eta bat laugarrenekoa, azkena, Côte de Vaudry (1,2 km, %7,2ko batez besteko malda), helmugatik lau kilometro eskasera. Amaierako 700 metroak %10eko pendizean igo zituzten.
Sailkapen nagusiko txirrindulariak ez ziren azken metro horiek arte mugitu. Pogacarrek maillot horia soinetik kendu nahi zuen, podiumeko protokoloak ekidin eta atseden orduak handitzeko. Eta segundo batengatik lortu zuen bere helburua. Hilda iritsi zen helmugara Van der Poel, eta airean Pogacar, baina herbeheretarrak jantzi zuen liderraren elastikoa. Asteazkenera arte eusteko ibilbide aproposa dauka Alpecin taldeko txirrindulariak.
Faborito nagusienak elkarrekin helmugaratu ziren eta segundo batzuetako tarteak baino ez ziren egon sailkapen nagusia lehiatzera etorri direnen artean. Kaltetuena Mattias Skjelmose izan zen, zeinak, matxura bat tarteko, 40 segundo inguru galdu zituen.
Gaur, antzeko diseinua duen etapa lehiatuko dute, Saint-Malo eta Mur de Bretagne artean. Amaieran pilatzen dira aldapak; azkena, helmugan bertan izango dute.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
