Karmenak giroa berotzen hasi dira Bizkaiko hainbat herritan
Ostiral eta larunbata bitartean botako dituzten txupinazoekin, Barakaldo, Santurtzi eta Markina-Xemein karmenetan murgilduko dira asteburu honetan. Amorebieta-Etxanon, ordea, asteartera arte itxaron beharko dute jaiei hasiera ofiziala emateko.

Barakaldon larunbat honetan hasiko dira jaiak, herriko kuadrillek txosnetatik herriko plazara egingo duten jaitsierarekin eta erraldoien ikuskizunarekin. 20.15ean izango da pregoia, eta aurten Hala Dzipo Elkarteko kideek botako dute. Txupinazoa Gorostiza auzoko Birika Berdea Elkarteak botako du, auzo horretako ingurumena eta bizilagunen parte-hartzea bultzatzeko egindako lanagatik.
Txupinazoa bota ondoren, festa lehertuko da eta kuadrillek berriz txosnetarainoko bidea egingo dute, Jolin eta Deabrurekin batera txosnagunea irekitzeko. Eguna bukatzeko, hainbat ekitaldi ikusgarri izango dira, hala nola ikuskizun piromusikala Portuko dartsenan, Zea Mays-en kontzertua herriko plazan eta kulturarteko akelarrea txosnetan.
Igandean hitzordu gastronomikoa dute barakaldarrek, goiz guztian zehar marmitako lehiaketa izango baita Anaien parkean. Egunean zehar beste hainbat ekitaldi izango da, hala nola bola jokoa, tiragoma-txapelketa, emakume pilotari profesionalen jaialdia, zanpantzarrak, haurrentzako talo-tailerra, harri-zulatzaileen txapelketa, txokolate jana, txorizo dastaketa... Gauean, euskal dantzen erakustaldia izango da Barakaldoko dantza-taldeen eskutik eta, jarraian, “A quién le importa” musika-ikuskizuna Alaskaren omenez.
Egitarauak aste osoan jarraituko du eta uztailaren 16an Karmen eguna ospatuko dute: ostegunean gazteen eguna; ostiralean pilota partidak (Jaka-Zabaleta Zabala-Mariezkurrenaren aurka); larunbatean, kuadrillen bazkaria, bertso-afaria eta Su ta Garren kontzertua; eta igandean, nekazaritza azoka eta burruntzian erretako txahal-dastaketa.
Santurtzin ere karmenak ospatuko dituzte; ostiralean bertan hasi eta hurrengo igandera arte luzatuko dira.
Aurtengo jai hasierako omenaldia Karmengo Amarekin egongo da lotuta, 75 urte baitira monumentuaren lehenengo harria jarri zela. Horiek horrela, Karmengo Ama eramaten duten kideei egingo zaie omenaldia. Bestalde, udalerriko merkatari-elkartea ere omenduko dute, 25 urte baitaramatza Santurtziko kaleak kolorez janzten. Egun horretan bertan, arratsaldean Itsasalde eta Juan XXIII kaleetako ostalaritza-lokaletan 1.000 kilo sardina baino gehiago erreko dira; eta doan eskainiko zaizkie santurtziarrei zein inguruko herrietatik etorritako lagunei, bertan jan ditzaten.
Karmengo jaietako kontu erakargarrienetako bat gauero eskaintzen diren kontzertuak dira. Arrantza portuan izango dira, eta urtero bezala, euskal zein espainiar musika panoramako talde ezagunenak entzuteko aukera eskainiko dute: Orquesta Krypton, Los Niños Jesús, Chenoa, Gatibu, Rosario, The Flying Rebollos, Süne eta Orquetas Vulkano.
Uztailaren 16an jaietako ekitaldi nagusia ospatuko da, itsas-prozesioa, hain zuzen. Ehun urtetik gora dituen tradizio honen inguruan 30.000 lagunetik gora biltzen dira. Ibilbidea 18.00ak aldera hasiko da udaletxean. Portura helduta, Karmengo Amak itsasorainoko bidea egingo du ehun bat ontzik lagunduta, hil diren herriko arrantzaleei lore-eskaintza egiteko. Gainera, su artifizialak egongo dira, Burdinazko Kaian botako dira 22.30ean.
Santutxun ere jaiak ospatzen hasiko dira asteburu honetan, eta egitaraua datorren asteburura arte luzatuko da. Txupinazoa larunbat arratsaldean izango da Karmelo ikastolaren eskutik eta kuadrillen kalejiraren ondoren. Lehen eguna amaitzeko, Beranduegi erromeria izango da. Igandean bertako ekoizleen azoka izango da, eta jaietako lehen ekitaldi gastronomiko handia, paella erraldoia, baita errepresaliatuen senitarteko eta lagunekin bazkaria ere.
MARKINA-XEMEIN
Markina-Xemeinen ere karmenak ospatuko dituzte bariku honetatik aurrera, eta egitaraua datorren eguaztenera arte luzatuko da. Txupinazoa arratsaldeko 18.15ean botako dute eta aurten 50 urte bete dituen Bekobenta eskolako kideak izango dira pregoia eta suziria botako dituztenak. Gero, Alarabiren kalejira abiatuko da buruhandi eta txistulariekin. Danborradaren ondoren, kontzertuak hasiko dira: J. Martina, Xiberoots eta Maruxak.
Musika arloak garrantzi berezia izango du eta estilo desberdinetako hamabi taldek joko dute. Horrela, zapatuan GOTX elektrotxaranga, Mugi Panderoa eta Süne izango dira; domekan Los Tenampas; martitzenean Asgarth, Altxa Porru eta DJ Zatzaz; eta eguaztenean, Euskadi Brass.
Baina musikaz gain, gustu guztientzako ekitaldiak izango dira datozen sei egunetan: esku-pilota partidak eta herri bazkaria zapatuan; Iparraldeko herri-kirolak, Hiru Txirlo bola-joko txapelketa eta zesta-punta domekan; umeen eguna astelehenean; txosna eguna martitzenean; eta Karmen eguna eguaztenean. Bertan, ez dira faltako ohiko meza, aurreskua, zesta-punta partidak, bertso saioa, zirku-kalejira eta Alarabiren erretzea.
AMOREBIETA-ETXANO
Azkenik, Karmen jaiak beranduen hasiko dituen herria Amorebieta-Etxano da, txupinazoa asteartean botako baitute, arratsaldeko 20.00etan herriko plazan. Hori bai, egitaraua 13 egunez luzatuko da. Aurtengo pregoia mendeurrena ospatzen duen SDA kirol klubak eta 75 urte bete dituen Karmengo Ama Ikastetxeak botako dute.
Aurtengo egitarauak jarduera tradizionalak uztartzen ditu, hala nola kalejirak erraldoi eta buruhandiekin, erromeriak Gozategi eta Akerbeltz taldeekin, marmitako lehiaketa, baserritar azoka eta danborradak (nagusiena uztailaren 24an eta haurrena uztailaren 26an). Uztailaren 27an, Mozorro Egunean, mozorro-desfilea egingo da herriko kaleetan.
Musika eskaintzak kontzertu eta ikuskizunak bilduko ditu eszenatoki ezberdinetan. Besteak beste, Zea Mays, La Otra Oreja, Mocedades, Rulo y la Contrabanda, Bulego, Errobi, Isabel Aaiún, Merina Gris, Puro Relajo, Heitxi, Tatta & Denso eta Vithy DJ arituko dira.
Jai giroa osatzeko, Gaztedi Berria Fanfarria eta New Tocados txarangak, Zornotza 11 Kolore aniztasunaren kalejira, Bayo Show disko festa ibiltaria eta Burrunba elektrotxaranga izango dira. Hitzordu berezienen artean, Priscilla (Nafarroako erreginak) funtzio musikala nabarmendu daiteke, ikuskizun inklusibo eta aldarrikatzailea.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
