MAITE UBIRIA
BAIONA

Patxoki agurtzea, gentrifikazioa gelditzeko talaia berria altxatu aitzin

Hamaika borroken eta beste hainbeste utopien gotorleku izan da Patxoki. Azken guda-dantza baterako hitzordua emana du, Baionako Besten kari, euskal rock-aren oihartzunak memorian dituen lokalak. Hala, atea hestea ez da hain mingotsa izanen, alternatibari leihoa irekitzeko proiektua martxan baita.

Patxoki lokaleko giroa, atzo.
Patxoki lokaleko giroa, atzo. (Patxi BELTZAIZ)

Nolakoak ziren Baionako Bestak 80ko hamarkadan? «Errugbi giroa eta kantu frantsesak nagusitzen ziren, baita emazteen aurkako muturreko bortizkeria ere». Ahoan bilorik gabe laburbildu zuen Antton Hariñordokik nondik abiatu zen bihar bere azken besta eguna ospatuko duen Patxoki lokala.

«Gure helburuetako bat zen beste besta eredu bat proposatzea. Adibidez, bortxaketen kontrako lehen kanpaina Patxokitik abiatu zen, Patxaren eta Planning Familial-aren ekimenez», oroitarazi zuen segidan ibilbide luzeko militanteak.

Ipar Euskal Herrian loratu diren egitasmo eraldatzaile anitzen harrobia izan zen Patxa mugimenduaren eskutik, plantan eman zen «besta bai, borroka ere bai» leloa, eta toki hau bertako testuinguruari egokituriko itzulpen praktikoa bilakatu zen Baionan. «Garaian ez zen horrelako lokalik, eta hainbat etxebizitza okupatu eta gero, gazteentzat aukera bat sortu zen garaje zahar horretan sartzeko», ekarri zuen gogora Hariñordokik.

Izen ttipiak baliatu ditu Patxokik, oro har, herri mugimenduan aztarna utzi zuten pertsona aitzindari horien ekarpena nabarmentzeko. 1994-1995 bitartean, Xanok eta Txetxek begiztatu zuten Patxa Oldartzen kolektiboak kudeatzen zuen lokala. Ondoko urteetan, «Xanok eta Klaudinak jatorrizko elkartearen ibilmoldea errespetatuz biziarazi zuten lokala eta, horren truke, talde ezberdinetako militante gazteek besta garaian Patxoki animatzeko engaiamendua hartu zuten».

2010eko hamarkada hastapenean agortzear zen alokairua, eta euskal rock erradikalaren tenplu bakarrenetarikoa izan zen lokala berriz ere garaje izateko arriskuan zen.

«Patxoki partekatzen zuten taldeek ez zuten lokala hartzeko urratsik egin eta, egoera horretan, Xanok Manu Robles Arangiz fundaziora jo zuen, lokala atxiki behar zela azaltzeko» azaldu zuen. Handik urtebetera, «Alda SCI» sortu zuten eta erosketa gauzatu zen.

TALOAK, GAUEKO TXANDAN

17 urterekin eman zuen lehen zangoa Patxokin, eta geroztik, bizitzaren gorabeherak tartean, lotura hori atxiki du. Aurtengo bestetan, taloak egiteko, gaueko txandan arituko da «nehoiz soldatapeko langilerik izan ez duen ostatuan», azpimarratu zuenez. Orotara 150 bat laguntzaile inguru mobilizatuko dira bestetarako prestaturiko programa ziurtatzeko.

Elkarlana eta autoantolaketa, lokarri horietatik tiraka, ondoan duen Patxa plazan azken urteotan garatuz joan den besta alternatiboen sorburutzat har daiteke Patxoki. Gisa berean, lau murru zahar horietatik astindu zen ekimen batek, «Rock egunak»-ek, hamarkada batzuk beranduago antolatu zen Euskal Herria Zuzenean festibala muntatzeko behar zen eskarmentua metatzen lagundu zuelakoan da Hariñordoki.

Mugimendu feminista, etxebizitzak aldarrikatzeko kanpainak, AMAP, migratzaileen aldeko sareak... anitz dira, lokala partekatuz, naturalki auzolanerako jarrerak garatu dituzten militanteak. «Oraindik deus egina ez bada ere, beharko ditugu afixak, agiriak edota fanzineak bildu, erakusketak antolatu; bideo bat ere bai, historia kontatzeko», aitzinatu zuen.

Agur errateko momentua hunkigarria dela aitortu zuen. Alta, atea behin betiko hesteko unea ez da hain mingotsa izanen, alternatiba sortzeko bidean baita.

2024an eratu zen Eraiki dotazio funtsaren bidez, «arramoldatzeko aukerarik ematen ez zuen» lokal zaharra bota eta, horren ordez, Patxoki berria altxatuko da.

Egitasmoaz xehetasun guziak eman gabe, «iraganean bezala diruaren beharra badugu», ohartarazi zuen. Crowdfunding-a martxan da, «gentrifikazioaren mehatxuari aurre eginez, Baiona Ttipian leku militante bat iraunkortzea xede duen Patxoki berria» sortzeko.