Ion SALGADO
BIZIGINTZA PONENTZIA

Energia berriztagarriak «zentzuz» hedatzea gakoa da

EH Bilduk trantsizio ekologikoari buruzko barne prozesua amaitu berri du, Bizigintza ponentzia onartuta. Mikel Otero EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkari eta legebiltzarkideak azaldu duenez, beharrezkoa da energia berriztagarrien «zentzuzko» hedapena diseinatzea, eta, nola ez, energiaren kontsumoa murriztea.

Goian, Urbiako haize-errotak. Behean, Mikel Otero, erdian, Bizigintza ponentziaren aurkezpen batean.
Goian, Urbiako haize-errotak. Behean, Mikel Otero, erdian, Bizigintza ponentziaren aurkezpen batean. (Juan Carlos RUIZ | EH BILDUFOKU)

Batzuek ukatu arren, klima krisia arazo larria bihurtu da eta neurriak hartu beharra dago agerian diren ondorio latzei aurre egiteko. Mundu osoko erakunde, alderdi eta gizarte eragileek lanean dihardute egungo egoera aztertzen eta etorkizunerako bide-orriak proposatzen. EH Bilduk trantsizio ekologikoari buruzko barne prozesua amaitu berri du, Bizigintza ponentzia onartuta. Galdera garrantzitsu bat jasotzen du: «Planetaren muga biofisikoak gainditu gabe eta munduko herrialde guztiei ongizate maila nahikoa izateko eskubidea bermatuz, gurea bezalako egitura sozio-produktibo konplexua manten daiteke energia berriztagarriek duten potentzialarekin?». Indar subiranistaren ponentzian nabarmentzen denez, literatura zientifikoari erreparatuta, gaur-gaurkoz dilema honek ez du erantzun borobilik. Dena den, GARAk Mikel Otero EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkari eta parlamentariarekin hitz egin du erreportaje honetan azalpen sakon bat eskaintzeko.

Bizigintza ponentzia EH Bilduk azken hamarkadan egindako lanaren fruitua da, Oterok adierazi duenez. Pandemia aurretik Trantsizio Ekologikoko Idazkaritza sortu zenetik, 2015-2016 urteen bueltan, klima larrialdiari buruzko zenbait jardunaldi antolatu ziren Hego Euskal Herrian. Durangon, esaterako, udal mailan egindako zenbait proposamen aztertu zituzten trantsizio ekologikoa aurrera eramateko; eta 2020ko azaroan nazioarteko jardunaldi batzuk antolatu zituen EH Bilduk, «krisi klimatiko eta ekologikoari bere osotasunean begiratzeko». “Eraldatu ala kolapsatu” lelopean egin ziren jardunaldi horiek, eta une horretan hasitako hausnarketa-prozesu luzearen emaitza da orain onartutako ponentzia.

Gainera, azken hamarkadan izandako zenbait mugarri nabarmendu ditu EH Bilduko legebiltzarkideak; horien artean, PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako koalizio-gobernua sortzea Madrilen. Izan ere, PP Moncloatik atera zenean «berriro martxan jarri zen energia berriztagarrien bultzada edo plangintza». «Entzuten zen proiektuak hasiko zirela berriro, eta ikusi nuen planteamendu bat behar genuela», adierazi du, Araba Zero Karbono plangintzaren argitalpena aipatuz. Zoritxarrez, epe laburrean proiektuak «biderkatu ziren, egonezina sortuz».

PLAN SEKTORIALIK EZ

Proiektuak ugaldu dira azken urteetan EAEn, hedapen hori gidatu behako lukeen lurralde plan sektorialik (LPS) gabe. «2018. urtean adostu genuen garai hartan zegoen Jaurlaritzarekin energia berriztagarriak hedatzeko plan sektoriala egin behar zela, eta 2019an Jasangarritasun Energetikoaren Legean txertatu zen. Bi urteko epean Jaurlaritzak plana onartu behar zuela jasotzen zen. Horrek esan nahi zuen 2021eko otsailerako egon behar zela indarrean. Baina oraindik onartu gabe dago eta hori problema bat da; izan ere, lurralde plangintza egokia egin ez izanak eragin du proiektuak era oso desordenatuan iristea», gaineratu du Oterok, lurralde plan partzialak ere beharrezkoak direla ohartaraziz, berriztagarrien hedapena hiru eskalatan egin beharko litzatekeelako: eskualdeka, herrialdeka eta marko nazionalean. «LPSak eremu nazionalari eragingo lioke, baina guk eskualdeko eskala lehenesten dugu, ikusteko ze behar energetiko dauden», gehitu du.

Alde horretatik, Euskal Herriak duen energia-mendekotasunari heldu dio. Eta eskala txikiko proiektuak ez omen dira nahikoak mendekotasun hori zuzentzeko. «Ikusten da eskala txiki horiekin gure kontsumoen %10 edo %15 lor dezakegula; beraz, autosufizientzia maila handitu nahi izanez gero, onartu beharko dugu, eta ponentziak hala onartzen du, eskala handiko proiektuak ere aurrera eraman behar direla. Hori onartzen baduzu, eztabaida da nola egingo dugun; guk planteatzen dugu garapen eskeman zentzuzko lurraldearen planifikazioa egitea, eskala handiko proiektuei baldintza batzuk ezarriz -esan du-. Guretzat disputan dagoena hedapen horren nolakotasuna delako, ez horrenbeste hedapena egin behar den ala ez», azpimarratu du EH Bilduko politikariak.

BETE BEHARREKO BALDINTZAK

Hala, Oterok argi utzi du «baldintza batzuk» jarri behar zaizkiela eskala handiko proiektu berriztagarriei. Batzuk legeetan txertatu dituztela dio; adibidez, jabegoaren partekatzea. «Gure ustez, jabegoa ezin du izan enpresa handi batek bakarrik; parte hartze publikoa izan behar du neurri esanguratsu batean, eta horretarako badugu EAEn Energiaren Euskal Erakundea (EEE), eta Nafarroan, sortu berri den Trantsizio Energetikoaren Agentzia», azaldu du. Aixeindarren -EEEk eta Iberdrolak osatutako enpresa- eredua «interesgarria» izan daiteke, bere hitzetan. «Horri balioa ematen diogu, betiere bertan jarraitzeko bokazioarekin egiten baldin bada, eta hori ikusi beharra dago. Badugu esperientzia txar bat Eolicas de Euskadi martxan jarri zenean. %50 Iberdrolarena zen eta beste %50a EEErena, baina Elgea bezalako parkeak martxan jarri ondoren parte publikoa pribatuari saldu zioten», kritikatu du.

Halaber, berriztagarrien proiektuak «ingurumen ikuspuntutik begirune handiarekin» egin behar liratekeela ohartarazi du, sortuko den energia elektrikoa inguruko herrien beharretara bideratuko dela bermatuz.

Parlamentariaren esanetan, ez da lan erraza izango, dagoeneko aurreikusita dauden proiektuak «herritarrekin kontsultarik egin gabe» aurrera eraman direlako. Eta azken urteetan proiektu eoliko eta fotovoltaikoen aurkako mobilizazio ugari izan da. Bere iritziz, kontra agertu diren herritarrek «nolabait ere arrazoia dute esaten dutenean hau modu desordenatuan etorri dela, proiektu oso handiekin», Araban Solariak proposatu dituen azpiegiturak azpimarratuz. Ildo beretik, energia-komunitateak sortzeak gizartea ahaldundu duela dio. «Gizarte zibila zenbat eta antolatuago egon, orduan eta ahalmen handiagoa izango du etortzen ari diren proiektuei erantzuteko eta eskua sartzeko», adierazi du.

KONTSUMOA MURRIZTEA

Bestetik, EH Bilduren oinarrizko ponentziak ohartarazten du beharrezkoa dela energia kontsumoa murriztea, «gure egitura sozioproduktiboak eta gure kontsumo ohiturak eraldatuz». Oteroren esanetan, erregai fosilak erabiltzen dituzten azpiegiturak ordezkatuz energia aurreztuko litzateke. Dena den, arazoak izango lirateke industrian, «auto pribatuaren logikan eraiki den sisteman» batik bat. «Industria-birmoldaketa bat eskatzen du nahitaez», gehitu eta Europar Batasunak barne-errekuntzako motorren iraungitze-data ezarri duela gogorarazi du: 2035. urtea.

«Politika ausart bat egin behar da mugikortasun elektrifikatuaren alde. Eta kontuz ibili behar da sektore batzuek sufritu dezaketelako», adierazi du diputatu subiranistak, trantsizio ekosoziala egiterakoan «atal sozial hori» zaindu behar dela esanez. «Trantsizio justuaren aldeko hitzarmenak garatu beharko dira, eta arreta berezia jarri beharko da, eskualdez eskualde», defendatu du.

«PROZESUA OSO GARDENA IZAN DA»

Eskualdez eskualde aurkeztu du EH Bilduk Bizigintza ponentzia. «Mahai Politikoak eskatu zion Trantsizio Ekologikoko Idazkaritzari oinarrizko ponentzia idaztea, gero Mahai Politikoak berak aztertzeko eta ekarpenak egiteko. Horrela egin zen eta informazio fase bat ireki zen; saioak egin ditugu 42 eskualdetan, Hego Euskal Herriko eskualde guztietan izan gara ponentzia azaltzen eta ekarpenak jasotzen, komentarioak eta kritikak ere bai. Oso gardena izan da», azaldu du, eta hiru ponentzia-alternatiba aurkeztu omen ziren: Ekohazi, Era Aldatuz eta Gure Bazterrak.

«Azkenean bozkatu egin da eta Bizigintza ponentziak irabazi du -botoen %76,67 jaso ditu- eta honek erakusten du orokorrean oinarriek babes handia eman diotela. Egia da ere ikusten dela badaudela beste ikuspuntu batzuk lehenesten dituzten pertsonak ere», azaldu du. «Orain asmoa da ebazpen batzuk, idatzi beharrekoak, irailean izango den konferentzia politikora eramatea. Bizigintza ponentziaren testu nagusietatik aterako dira, eta ikusiko dugu beste ponentzietatik zerbait berreskuratu ahal dugun. Eta gero tokatzen da eztabaida bizirik mantentzea. Honek mugarri bat suposatzen du, baina ez du eztabaida ixten», ohartarazi du Oterok.

Izan ere, «joko-zelai honetan ez gaude bakarrik, eta hemen indar korrelazio ezberdinak daude, eta egongo dira», esan du. Eta «errealitate dinamiko» horretan «arrisku handi bat dago: ultraeskuina, erreakzionarioa eta klimatikoki negazionista dena; horiek beraien programa aurrera ateratzen ahaleginduko dira -ohartarazi du-. Ikusten ari gara Italian Melonirekin, eta AfDren kasua Alemanian, non eolikoak kentzeko proposamena egin duten, edo Trumpen politikak AEBen, non modu argian erregai fosilen aroa muturreraino eramateko hautu politikoa egin duten, inolako zalantzarik gabe», amaitu du.