Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOA

Nanga Parbaten estilo alpinoan eginiko igoerari plus bat gehitu diote

Tiphaine Duperier, Boris Langenstein eta David Goettlerrek lau egun behar izan zituzten Rupal isuriko «Schell» bidea eskalatzeko. Bi frantziarrek eskiatzen jaitsi zuten zortzimilakoa; alemaniarrak, berriz, 7.700 metrotik parapentearekin hegan egin zuen.

Goettler, Langesntein eta Duperier, Nanga Parbateko gailurrean.
Goettler, Langesntein eta Duperier, Nanga Parbateko gailurrean. (David GÖTTLER)

Pakistanen kokatuta dauden zortzimilakoen udako denboraldian Nanga Parbatek (8.126 m) arreta berezia jaso berri du. Hiru alpinistak ekarri dute zortzimilakoa hedabideen lehen lerrora: Tiphaine Duperier eta Boris Langenstein frantziarrek eta Davi Goettler alemaniarrak. Talde gisa jardun duen hiruko horrek, gainera, helburu bikoitza izan du.

Lehenengo xedea, jakina, Nanga Parbateko gailurra zapaltzea zen. Rupal isurialdean dagoen “Schell” bidetik estilo alpinoan igota lortu zuten hori. Lehen erronkaren ondoren, bigarrenari ekin zioten. Duperier eta Langenstein eskiatzen jaitsi ziren eta, Goettlerrek 7.700 metrora parapentea zabaldu eta hegan jaitsi zen. Hala, hirukoteak ekarpenaren bidea urratu du. Bai, lehen aldiz, zortzimilakoa eskiatuz eta hegan jaitsi dute.

Aipatu bezala, Nanga Parbat igotzeko Rupal aurpegia aukeratu zuten; hots, zortzimilakoak duen isurialde handiena. Denera, kanpaleku nagusitik tontorrera 4.500 metroko desnibela gainditu behar da. Estilo arinean igo zuten, eta horretarako lau eguneko lan eskerga behar izan zuten. Horretan ez dute ekarpenik egin; izan ere, Rupalek zortzi espedizio arrakastatsu jaso ditu. Horietako batzuk estilo arinean egin dira. Baina gaur egungo zortzimilakoen egoera ikusita, eskalada hori azpimarratzeko modukoa da.

Goettlerrek, adibidez, bosgarren bisitan erdietsi du gailurra: «Zalantzarik gabe, igoera hori ez dut inoiz ahantziko. Nire ibilbidearen une gorenera heldu naiz. Betidanik amets egin dut talde txiki batekin zortzimilako baten ezohiko bide batetik estilo alpinoan igotzea. Tresneria guztia bizkarrean eraman genuen: 50 metroko soka, janaria, gasa, denda, friend eta iltze batzuk… Jarrera minimalista eta garbia hartu genuen. Irteera bakarra egin genuen. Hain zuzen ere, lehen kanpalekuraino (6.000 m). Tresneria han utzi eta mendiaren baldintzak aztertu genituen. Egin nuen hegaldia amaiera bikaina baino ez zen izan; bizi izan dudan esperientzia paregabea. Gailurreko haizeteengatik 7.700 metrotik hegan egin nuen. Ibilbide hori talde austriar batek zabaldu zuen 1976an. Bada, gailurrean data historiko horrekin pentsatzeak une berezi batera eraman ninduen. Urte askotako ekinaldiak izan dira. Egun, alpinista gehienek berehalako emaitzak nahi dituzte. Horrekin esan nahi dut ametsei ez dietela behar adina denbora eskaintzen. Nik bestelako iritzia dut, eta egindakoarekin demostratu nahi dut jarrera hori hartzea merezi duela».

Alemanak lehen bisita 2013-2014ko neguan egin zuen, Simone Mororekin. 2021-2022ko neguan Herve Barmasserekin itzuli zen. Duela pare bat urte, berriz, udan, Benjamin Vedrinesekin. Eta iaz ere udan, bi frantziarrekin. Bosgarrenean ametsa egia bihurtu du. Zortzimilakoa estilo arinean igotzeaz gain, parapentearekin jauzi egin du. Hori egin duen lehen alpinista da.

Bestalde, frantziarrek bi ekinaldi behar izan dituzte Rupaletik igotzeko. 2019an Diamir isurialdera bidaiatu zuten. Langensteinek, zortzimilakoa igotzeaz gain, gailurra baino beherago eskiak jarri eta eskiatu egin zuen. Duperierrek, aldiz, ezin izan zuen tontorra lortu. Aipatutako iazko saialdian lehen esperientzia izan zuten Rupal aurpegian, eta aurten arrakasta izan dute. Gainera, Duperier isurialde hori igo duen bigarren emakumea da.

LAU EGUN

Igoerari dagokionez, hirukotea Nepalen egokitu zen girora. Hain zuzen ere, Island Peak-en (6.165 m) eta Baruntsen (7.129 m). Ondoren, Pakistanera abiatu ziren. Kanpaleku nagusia ekainaren 10ean antolatu zuten. Handik hiru egunera egin zuten lehen errotazioa. 6.000 metroko kotan, biltegi batean utzi zuten tresneria.

Hilaren 21ean ekin zioten benetako igoerari. 3.600 metrora dagoen kanpaleku nagusitik irten eta 6.000 metrora kokatutako bibakean eman zuten lehen gaua. Biharamunean, bigarren kanpalekura (6.800 m) heldu ziren. 7.400 metrora hirugarrena ezarri zuten Mazeno ertzaren inguruan. Gauez irten, Diamir isurialdera lotu eta tontorraren azpian dagoen mistoko ibilbidetik Nanga Parbateko puntu gorenera iritsi ziren. 15.30 ziren. Elkar besarkatu eta jaitsierari ekin zioten.

Frantziarrak eskiatzen hasi ziren; alemaniarrak, berriz, oinez jarraitu zien. 7.700 metrora, Goettlerrek parapentearen hegala zabaldu eta hegan egin zuen. Kanpaleku nagusira gorabeherarik gabe heldu zen. Bitartean, Duperierrek eta Langensteinek jaitsiera luzea zuten aurrean. 7.600 metrora bibaka egin zuten. Eta hilaren 25ean, Diamirreko mendi-hegala zeharkatu eta 7.400 metrora kokatu zuten hirugarren kanpalekura iritsi ziren. Ekainaren 26an, 7.400 metroko mailatik 6.000kora eskian jaitsi ziren. Jaitsieraren azken egunean, elur falta zela-eta, kanpaleku nagusitik gertu eskiak kendu behar izan zituzten. Alemanak bezala, frantziarrok ere historia egin dute jarduera horrekin.

Elur faltaren inguruan, alpinista eta eskiatzaile frantziarrek gogora ekarri dute klima aldaketa eragin zuzena izaten ari dela zortzimilakoan: «Lehen kanpalekuraino elur gutxi aurkitu genuen; oso lehor zegoen. Nepalen egindako aklimatazio fasean egoera bera aurkitu genuen. Bigarren kanpalekutik aurrera egoera aldatu zen. Urratsa zabaltzea ez zen erosoa izan, baina iaz baino lan gutxiago eskatu zigun. Jakina, lan horrek energia asko kendu zigun. Tontor egunean perfektua zen eguraldia: lainorik eta haizeterik gabea. Diamir isurialdera aldatu ginenean, sentsazio berezia bizi izan genuen. Kanpaleku nagusia ez da ikusten, eta egundoko erronka dago aurretik. Eskiekin eginiko jaitsieran, adibidez, zeharkaldi horrek asko eskatu zigun. Zatitxo batean eskiak kendu genituen; ezin zen irrist egin. 150 metroko mistoko sekzio arriskutsuan zalantzak sortu ziren. Amaiera beste kontu bat izan zen. Lehorteak Himalaia harrapatu du. Iaz, 4.000 metroraino eskiatu genuen, baina aurten etsigarria izan da. Zorionez, gure kide Davidek egundoko hegaldia egin zuen; asko poztu ginen berarengatik».

Azkenik, Goettlerrek hainbat azalpen eman ditu Nanga Parbaten eginiko hegaldiaren inguruan. Onartu du haizeteengatik gailurretik bertatik irtetea oso arriskutsua zela eta horregatik 400 metro jaitsi zituela oinez. 7.700 metrora, aldats tente batean, hegan egitea erabaki zuen. Bi frantziarrek hegala eusten lagundu zioten, eta baldintza egokiak ikusi zituenean jauzi egin zuen. Diamir isurialdean hasi zen, ondoren Mazenoko lepoa zeharkatu eta Rupalen kokatu zen. Alemaniarraren oinen azpian 3.000 metroko amildegia zegoen. «Izugarria izan zen. Eguneko azken argi-izpiekin, arratsaldeko sei eta erdietan, kanpaleku nagusian lur hartu nuen. Oso berezia izan. 30 minutuko hegaldia izan zen. Nire kide frantziarrek hiru egun behar izan zituzten zortzimilakoa eskiekin jaisteko», amaitu zuten.