Bikoa batena denean
Aldebikotasuna alde bakarrekoa dela argi geratu da, berriro ere. Honetan eta hartan, berdin. Eskumenak izan, hizkuntza izan. Jaurlaritza gobernua ez den seinale, zatia osoa ez denez. Legezko elebitasunpeko euskal lurraldean euskara gaztelera beste ez den seinale; beharrezko arnasguneetan ere oxigeno transgenikoa. Alde batek bestearen makulua behar du, ibili nahi badu, erabili nahi bada, beste aldeak halaxe erabakita. Legeak hemengoak, erabakiak hangoak. Zatia ez delako osoa, Jaurlaritza ez delako gobernua. Historia errepikatu egiten da, historiago egiten. Aldebikotasun halakoa! Tasuna keria eginda, euren legez eta epaiez.
Eta kolpea gero! Oraintxe jakin dugu hemengo betiereko eskumen idatziak gauzatzeko bidea ustez zabaldu behar zuen hango ateak 46 giltzarrapo dituela! Hots, politikaren arkeologoek museoko ganbaran miatzea gustuko duten Estatutu hura sinatu zenetik hona joandako urteak. Jakina, etorriko direnek eskumenik ez dakit baina giltzarrapoa sikiera ekarriko dute! Urtean bat! Gaitz erdi! Hori bai, gazteleraz.
Baina nago ni kontua ez dela bakarrik hango ateak aurretik begiratuta zenbat giltzarrapo eskaintzen dituen, kontuago dela atzeko aldetik zenbat morroilo dituen! Itxita hauek ere! Gobernu-segurantza! Hangoa, jakina, hangoa delako osoa. Are gehiago, dudan nago ni giltza bakarrak, maisu-giltza edo, zabalduko ote dituen giltzarrapo guztiak, ala bakoitzak berea ez ote duen izango. Baina osoa ez den Jaurlaritza giltza bila ari dela, oso kontuan hartzekoa da giltza non galdu den. Ez du balio farol bila ibiltzeak; argia hantxe, bai, baina giltza ez da zertan izan. Iparrorratza da kontua. Eta azkenik, askatuko balitu ere, zein zubitan eskegiko ditu Jaurlaritzak giltzarrapoak? Subflubialean akaso? Eskumenen erabilera halakoa!

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
