Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
VOGTER

Kartzelako giro zapaltzailean harrapatuta

I noiz egin diren telesail nordiko onenetako bik, “Borgen” eta “Forbrydelsen”-ek, bi aktore eta pertsonaia ikusgarri zituzten: Sofie Grabol (Sarah Lund) eta Sidse Babett Knudsen (Birgitte Nyborg). Telesail horiek munduko ekoizpen handietara bultzatu zituzten bi aktoreak, eta gaur egun ere antzezpen lan harrigarriak pilatzen jarraitzen dute. Horietako batek, Sidse Babett Knudsenek, “Vogter” (“Condenados”, espainieraz) estreinatu berri du: kartzelako drama gogor, lehor eta gordina da, eta berriz ere bere lan txundigarriarekin pantaila betetzen du.

Babett Knudsenek Eva izeneko espetxe funtzionarioa gorpuztu du, presoekiko jarrera adeitsua eta arduratsua duen emakumea. Egun batean, ordea, iritsi berri diren presoen artean bere semearen hiltzailea dagoela konturatuko da; gertaera horrek dena aldatuko du.

Zuzendariak kartzelako giro zapaltzailean murgiltzen gaitu hasieratik. Zehaztasun milimetrikoz egituratu du narratiba, tentsioa dosifikatuz, eta apurka-apurka erakusten du nola pitzatzen den Evaren zintzotasunaren geruza sendoa. Gidoiak gehiegikeria melodramatikoak saihestu ditu, eta bilakaera psikologiko koherente baten aldeko apustua egin du.

Espazioaren eta enkoadraketaren erabilera nabarmena da: Moellerrek formatu karratuan (4:3-tan) grabatu du, eta horrek areagotu egin du itxialdi eta zapalkuntza sentipena. Kamera ez da ia mugitzen. Plano finkoek eta konposizio simetrikoek barne tentsioa indartu dute, eta keinu txiki bakoitzak gertatzen denaren garrantzia handitu du.

Azken txanpa ez da hasierakoa bezain indartsua eta argumentuaren zenbait alderdi ez dira oso sinesgarriak (nabaria da intentsitate dramatiko handiagoaren mesedetan hartutako erabakiak direla). Nolanahi dela, kartzelako drama oso sendoa da.

Babett Knudsenen antzezpen lan itzelarengatik, behinik behin, ikustea merezi du.