Uztaileko azken ostirala: «Elkartasun haziak ernatuko dira berriro»
Mosaiko erraldoi batek etxerako bidea marraztu du ostiral honetan Lakuntzan, azken Hatortxu jaialdian Sarek antolatutako azken ostiral nazionalean. «Hatortxuren enborretik sortuko dira kimu berriak, elkartasun taupadak biziberritzeko, espetxe eta erbesteko ilunak maitasun izpiekin argiztatzeko».

Hatortxu ez da musika jaialdi soil bat. Eta atzo eguerdikoa beste adibide on bat izan zen. Sarek uztaileko azken ostiral nazionala Lakuntzara eraman zuen, eta mosaiko erraldoi bat osatu zuen, 1.600 lagunen kolaborazioarekin.
Eguzkia eta hodeiak. Denek parte hartu nahi izan zuten. Atzoko ajea arrastaka zekarren lagun talderen bat, baita fresko etxetik Lakuntzara etorri berria zen jendea ere. Gazteak eta hamarkada gutxi batzuk batzen dituztenak. Denen artean osatu zuten etxerako bidea marrazten zuen mosaiko handi bat herriaren bihotzean. Zentzu guztietan.
«Musika munduan hain ezaguna den ‘Azken guda dantza’ baten itxura hartzen du honek, ezta?», adierazi zuen Sareko kide den Mikel Mundiñanok, azken Hatortxu honi keinu eginez.
«Munduko kultura askotan gudara joateko prestatzen ari diren borrokalariek dantza egiten dute indarra hartzeko. Ama Lurraren gainean erritmo jakin batean jauzi egin, barren-barrenean gordetako energia askatu eta beronetaz jabetzeko. Guk ez dugu gudara joan nahi. Aitzitik, gehiegi iraun duen guda bati behin betiko amaiera duin eta justu bat eman nahi diogu», nabarmendu zuen.
Horretarako sortu zen Hatortxu, ehunka familiek pairatzen zuten sufrimenduaren salaketa egin eta, bere neurrian, zama hori arintzeko.
«Euskal Herriaren gehiengo oso zabal batek konponbidearen aldeko hautua aspaldi egina badu ere, Madrilen bereziki, eta baita Parisen ere, oraindik indar handia dute gatazka eta sufrimenduaren suharra bizirik mantendu nahi duten eragileek».
Hatortxuk dispertsioaren krudeltasuna arintzeko lana egin du hamarkadatan. Eta orain badoa, nahiz eta, etengabe ohartarazten ari diren bezala, oraindik espetxeetan lagun gehiegi egon. «Ez dugu ukatuko urte hauetan guztietan Hatortxun lanean ibili garenok amets egin dugula Hatortxu zoragarri horrekin, zeinean ospatuko genuen Euskal Herrian ez zegoela gehiago preso, iheslari eta deportatu politikorik», esan zuen Mundiñanok.
EGITASMO BERRIEI LEKUA
Amets edo helburu hori ez dago beteta. Eta hori dela-eta, elkartasunak beste forma batzuk hartuko ditu etorkizunean. Oihan Ekiza bozeramaileak osteguneko irekiera ekitaldian aditzera eman zuen moduan, azken Hatortxu igandean amaituko da, «baina Hatortxu antolatzen dugunok astelehenean lanean jarraituko dugu».
«Euskal Herriaren bihotzetik sortutako proiektua izan da, eta ziur gaude Hatortxuk ereindako elkartasun eta maitasun haziak azkar ernatuko direla berriro, Euskal Herriaren luze zabalean loratuz, fruitu berri eta distiratsuak emateko. Hatortxu badoa, ideia eta egitasmo berriei lekua egiteko. Hatortxu badoa, aldaketak azkartzeko borrokatzen ari denak sormenaren gurpila etengabe astindu behar duelako. Ur geldoak ez baitu errotarria mugitzeko indarrik. Eta ez izan zalantzarik, Hatortxuren enborretik sortuko dira kimu berriak, elkartasun taupadak biziberritzeko, espetxe eta erbesteko ilunak maitasun izpiekin argiztatzeko. Kateak apurtu eta askatasunari ateak parez pare irekitzeko». Mundiñanok «agur esateko aukera ohorea» dela esan zuen. «Eskerrik asko, Sakana; eskerrik asko, Euskal Herria. Maite zaituztegu! Eta ez ahaztu: bihar, etzi, Hatortxuren azken akordearen oihartzuna haizearen itsasoan zabaltzen denean, txantxangorrien belaunaldi berri batek arnastuko du akorde hori eta inoiz entzun dugun doinu ederrena bilakatuta itzuliko digu», iragarri zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
