Evenepoel, Hirschi eta Isaac del Toro, Klasikoko izarrik distiratsuenak
Donostiako Klasikoaren 44. ekitaldia jokatuko da larunbatean. Orotara, 211 kilometro pasatxo izango ditu probak. Murgil tontorra berreskuratu dute aurten, helmugatik hamar kilometro eskasera. Gipuzkoako errepideetan barrena 24 talde lehiatuko dira. Giroan orno bat hautsi eta gero, Mikel Landa igotzaile murgiarrak aurreneko kilometroak egingo ditu lasterketa baten.

Atzo egin zuten Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala. Klasikoaren 44. edizioa larunbatean jokatuko da, eta Murgil tontorra berreskuratuko du, 211 kilometro pasatxo izango dituen lasterketa Boulevarden amaitzeko. Lasterketa erabaki beharko lukeen aldapatzarra helmugatik hamar kilometro eskasera igaro beharko dute txirrindulariek.
Faboritoen artean daude Marc Hirschi iazko irabazlea (Tudor taldekoa), Tourra bertan behera laga eta 2019, 2022 eta 2023an Donostian garailea izandako Remnco Evenepoel (Soudal) edo aurtengo Giroan eztanda egin eta lasterketa irabaztear izan den Isaac Del Toro mexikarra (UAE).
Evenepoelen kasuan, Tourra amaitu baino astebete lehenago lasterketa utzi behar izan zuen saihets bat hautsita zuelako. Baina, antza denez, larunbatean Donostian parte hartzeko moduan da. Uneotan Marino Lejarreta mitikoarekin berdinduta dago palmareseko aurreneko postuan, Flandriako pitbullak eta berriztarrak hiruna Donostiako Klasiko irabazi dituztelako. Ikusi beharko da Evenepoel saihetseko arazoari buelta emateko kapaz izan den ala ez, eta, zorte apur batekin, bere palmaresari Donostiako Boulevarden laugarren garaipena gehituko ote dion.
Ezin ahaztu, noski, beren burua alternatibatzat har dezakeen txirrindulari multzoa. Besteak beste, 2018an Boulevarden gailendu zen Julian Alaphilippe (Tudor) hortxe izango da, azken aldian garai batean baino kamutsago dabilen arren. Baita iragan astean Ordizian garaile atera zen Igor Arrieta nafarra (UAE) edo Giroko aurreneko etapan bizkarrezurreko orno bat hautsi zuen Mikel Landa (Soudal) bera ere. Murgiakoaren kasuan, Albanian izan zuen istripuaren aurretik aurreneko kilometroak osatuko ditu lasterketa ofizial baten, Vueltara begira gorputzaldirik onena hartzeko gogoz.
Parte hartuko duten euskal txirrindularien artean, bestalde, ezin ahaztu litezke 2023an Donostian bigarren postuan amaitu zuen Pello Bilbao (Bahrain) eta Tourrean parte hartu duten Ion Izagirre eta Alex Aranburu (Cofidis) ere.
Orotara, 24 taldek parte hartuko dute zapatuan Gipuzkoako errepideetan barrena.
MURGIL BUKAERAN
Ziklistek goizeko 11.20ak aldera ekingo diote lanari eta 211,4 kilometroko ibilbidean sei mendate puntuagarri igo beharko dituzte: hirugarren mailako Andazarrate, 28,3. kilometroan; bigarren mailako Urraki, 81,5.ean; hirugarren mailako Alkiza, 102,1.ean; bigarren mailako Jaizkibel, 149,2.an; lehen mailako Erlaitz, 169. kilometroan; eta Murgil, bigarren mailakoa bera, 203,4.an. Halaber, bi esprint berezi jokatuko dituzte, biak ala biak Donostian bertan: 132. eta 194,1. kilometroetan.
Murgilen aurkituko dituzten pendizak eta lasterketaren abiadura aintzat hartuta, azken igoera horretan bakanduko da behin eta betiko garaipena lortzeko hautagaien taldea. Txarrenera, azken esprinta izango da Boulevarden, iaz Hirschik Alaphilippe gainditu zuen moduan, edo 2023an Evenepoelek helmugara akituta iritsi zen Pello Bilbaori bezala, esate baterako.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, aurtengo ekitaldiko irabazleak 16.29tik 17.02ra bitartean altxatuko ditu besoak. Ikusi egin behar, iazko moduan Marc Hirschi gailentzen den, zerrendan aipatu den beste txirrindulariren batek lortzen duen garaipena edo inondik ere espero ez den ezustekoren batek bere distirarekin argituko ote duen Boulevardeko helmuga.
TXIRRINDULARITZAREN JAIA
Atzoko aurkezpen ekitaldira bertaratutakoen artean honako izen propio hauek nabarmendu ziren Klasikoaren 44. ekitaldiko babesle nagusien eta erakundeetako ordezkarien artean: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Iñaki Gabarain, Donostiako Kiroletako zinegotzia; Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua; Izaskun Vazquez, FCCko zerbitzuburua zein LAPeko goi mailako teknikaria; eta Javier Riaño, OCETAko presidentea.
Denek berretsi zuten larunbat honetako lasterketa «txirrindularitzaren jai» bat izango dela.
«Donostiako Klasikoa Gipuzkoak berdintasunarekin daukan konpromisoaren erakusgarri da. Kirola kohesiorako eta berdintasunerako tresna gisa ulertzeko modua da, eta Gipuzkoak ezin gustukoagoa du txirrindularitza», adierazi zuen Kulturako eta Kiroletako diputatua den Goizane Alvarezek.
Horrez gain, ikus-entzunezko ikuskizunak zeresanik izango du, 150 herrialde baino gehiagotan emango baita Donostiako Klasikoa. Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak lasterketaren jarraipena nola egingo duten azaldu zuen. «Emanaldia 14.30ean hasiko da ETB1en eta zuzenean. Goi teknologiari esker, goi mailako ikuskizunaz gozatu ahal izango da EITBn. Lasterketaren jarraipena Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta etib.eus webgunean ere egin ahal izango da xehetasun osoz», esan zuen.
Ostiralean, abuztuaren 1ean, txirrindulari taldeak Donostiako Udaletxe aurreko terrazan aurkeztuko dituzte. Biharamunean, abuztuaren 2an, lasterketa egiten denean, Donostian eta Gipuzkoan txirrindularitzaren jai handia egingo den ustean ziren Klasikoaren antolatzaileak.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
