Presoak etxera ekartzeko premia adierazi dute Gasteizko jaietan
Sarek manifestazioa egin zuen atzo, Gasteizko jaien egun nagusian, presoak behingoz etxera ekartzeak elkarbizitzari egingo dion onura nabarmentzeko. Bide horretan «konpromisoz eta ilusioz» aritzea ezinbestekoa dela aipatu zuten, eta biak erakutsi zituzten kalean.

Sareren manifestazioa giro alaian burutu zen atzo, Gasteizko Andre Maria Zuriaren festen egun nagusian. Izen bera daraman plazatik abiatu zen, ehunka lagun bilduz. «Hamabi hilabeteren ostean, hemen gaude berriro, hainbeste maite ditugun Gasteizko jaiak ospatzen. Hala ere, une zoriontsu hauek beti dute beraien alde gazia; gurekin jaiak ospatu ezin dituzten pertsonez oroitu ohi gara, eta orain, jaien denboraldian bete beterik gauden honetan, ezin ditugu ahaztu beste urte batez, minean eta mendekuan oinarritutako salbuespen lege baten ondorioz, jaiez disfrutatu ezin izango duten euskal presoak, iheslariak eta deportatuak», adierazi zuen Sarek manifestazioaren hasieran.
Azken urteotan egindako «jauzia» kontuan hartzekoa dela berretsi ondoren, horrekin «poza» adierazteko ordua ere badela aitortu zuten Gasteizen bildutakoek. Nolanahi dela, «konponbide partzialak» ez direla nahikoa erantsi zuten: «Konponbide integrala behar du herri honek, eta horretarako salbuespena ezabatzea ezinbestekoa da».
HATORTXU ADIBIDE
Hiri erdiko jai gune nagusiak zeharkatu zituen mobilizazioak, eta duela aste pare bat jarritako mugarri bati erreparatu zioten. «Gure Hatortxu Rock maitea» harrotasunez aldarrikatu zuten, «auzolanean eraikia», 25.000 lagun eta 7.000 boluntario bildu baititu azken edizioak. «Ez dugu Europa osoan horrelakorik aurkituko», txalotu zuten.
Eredu gisa jarri zuten Sakanan gertatutakoa: «Hona ailegatzeko errezeta zein den argi daukagu, konpromisoa eta une honetan aldarri hau babesten duen gehiengoa, oraindik eta zabal eta ozenagoa bilakatzea. Horregatik, ezinbestekoa da mobilizazio dinamika eraginkor bat artikulatzea. Hori dela eta, hurrengo aste zein hilabeteetan izango diren ekitaldi guztietan parte hartzera dei egiten diogu gasteiztar eta arabar orori. Konpromisoaz hitz egiten dugu, bai, baina konpromisoa mantentzeko behar-beharrezkoak dira ilusioa eragiten duten dinamikak pil-pilean edukitzea».
«Behin eta berriz esan dugu une erabakigarri baten aurrean gaudela, agian gai honetan inoiz ezagutu dugun unerik erabakigarrienean. Ezinbestekoa da denon bultzada, eta denon konpromiso eta ilusioa hurrengo hilabete hauetan sasoi betean egotea. Lortuz gero, konponbidea, elkarbizitza eta bakea ditugu helmugan gure zain», esan zuen Sarek.
Udako egutegi honekin aurrera eginez, hurrengo hitzordua Donostian jarri du Sarek, hiriburuei dagokienez. Hilaren 16an deitua da mobilizazioa.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
