Altuna III.a eta Rezusta, saltsa handirik gabe, Gasteizko finalera
Aspekoek ostiral gauean Larrazabal-Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute Andre Maria Zuriaren txapelketako finala Ogeta pilotalekuan. Hilabete jokatu gabe zeraman Zabalari eta huts gehiegi pilatu zituen Zabaletari gailendu zitzaizkien (22-8).

Gasteiz topera dabil jaietan. Bertako produktuak dastatzeko aukera paregabea dute gasteiztarrek eta turistek egun hauetan. Pilotari dagokionez, aldiz, saltsa gutxi dagoela esan behar litzateke. Atzo arratsaldean, Andre Maria Zuriaren txapelketako bigarren finalerdian, Altuna III.a-Rezustak hasiera txar bati buelta eman zioten, eta aise gailendu zitzaizkien hilabete oso bat jokatu gabe zegoen Javier Zabala eta huts gehiegi pilatu zituen Jose Javier Zabaletari (22-8).
Kontuak hala, udak eskaintzen duen garaikurretako baten bila joango dira amezketarra eta bergararra bihar gauean, beste finalerdia irabazi zuten Larrazabal eta Mariezkurrena II.aren aurka.
Atzokoa ez zen saltsa bereziko neurketa bat izan. Zabala kantxara itzuli zen, azken partida uztailaren 7an jokatu ostean. Normala izaten denez, errioxarrak asko sufritu zuen aurreko koadroetan, ezinean, eta gainera 9-5ekoan aldageletara joan behar izan zuen, oinean baba bat atera zitzaiolako. Atzean, bestalde, Jose Javier Zabaletak udan erakusten ari den irregulartasuna erakutsi zuen berriz ere, eta 9 galdutakorekin amaitu zuen.
Hori bai, urdinak 0-2 eta 1-5 aurreratu ziren. Baina hortxe bukatu zen dena, 9-0ko partzial bat egin zutenean gorriek, tartean Altuna III.ak tanto landu bat maisutasunez amaituta, ezker airez goxo txokoan.
Rezustak ondo menderatu zuen Zabaleta atzean, pilotakada batzuk errebote ingurura bidaliz. Hala ere, Zabalak partidan ikusi zen tantorik ederrena sinatu zuen 10-7koan, ezker gantxo ikaragarri batez. Urdinek egindako azken tantoa 12-8koa izan zen, Rezustaren hutsez. Hortik aurrera Zabaletak bost huts pilatu zituen, eta garaipena gorriei eman.
LARRAZABAL, GELDIEZIN
Finalean, bihar, Altuna III.a-Rezustak Larrazabal-Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkariak. Baiko enpresakoek astearte arratsaldean lortu zuten finalerako txartela, Iñaki Artola ordezkatu zuen Mikel Urrutikoetxeari eta Jon Ander Albisuri irabazita (11-22).
Bikotearen indarra, kasu honetan, Larrazabalek ipini zuen. Etxetik hurbil aritu zen aurrelari amurrioarra, eta ez zuen aukera pasatzen utzi. Boleak, gantxoak, errebotera bidalitako eskuinkada bat... arabarrak errepertorio guztia atera zuen eta 11 tantorekin amaitu zuen lehia. Atzean Mariezkurrena II.ak hiru tanto egin eta bakarra galdu zuen.
Hasieratik aldea atera zuten urdinek. 0-5eko partzial bati esker, garaipena bideratu zuten. Ondoren, 0-4 eta 0-5eko beste bi partzial sinatu zituzten (3-14), eta orduan gorriak ezinean ibili ziren.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
