Iraitz MATEO GOGORZA
PIRATEK HIRIA ABORDATU DUTE

Abordatzea: Beroa aurka, auzolanaren haizea alde

Atzo 30 gradutik gorako tenperatura zela, aurtengo abordatzeari ekin zioten Donostiako Piratek. Giro paregabea sortu zuten kaian 1.600 parte hartzaile inguruk, Kontxan lehorreratzea helmuga eta Donostia astintzea helburu. Pentsiodunen mugimenduko kideek, elkarlanerako deia eginez, abordatzeari hasiera eman zioten: «Bat egin behar dugu herri gisa aurrera jarraitzeko».

Aldarriek ere bat egin zuten atzo Donostiko Piraten abordatzean. Palestinako banderek presentzia handia izan zuten.
Aldarriek ere bat egin zuten atzo Donostiko Piraten abordatzean. Palestinako banderek presentzia handia izan zuten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Esaten da edozein oztopori aurre egiteko gai izaten direla piratak, berdin duela itsaso zakarra, lapurren mehatxuak edota hilabete luzeetako naufragioa. Donostiako Piratek ere egoera klimatologiko guztiei aurre egin behar izan diete azken urteetan; inork ez du ahaztuko 2014an ekaitzaren ondorioz bertan behera gelditutako gau pirata, ez eta sortu zituen kalteak ere. Atzo, ordea, bero sapari aurre egin behar izan zioten Donostiako Piratek, eta hala eta guztiz, beste urtebetez, arrakastatsua izan zen abordatzea.

Goizean goizetik herritarrak itzal bila zebiltzan Donostiako kaleetan. Baina abordatzean parte hartu behar zutenak izan ziren ausartenak eta alaienak, goizeko bederatzietatik eguzkitako krema igurtzi, arropa freskoa jantzi eta baltsen muntaketari ekin baitzioten. Hiru txanda egin zituzten eskuz egindako “itsasontzien” muntaketan. Hirugarren txandaren unea heldu zenerako termometroak 32 gradu markatzen zituen eta antolatzaileek mezu bat gogoratzen zuten kaian bertan eta sare sozialetatik: «Oso bero dago! Kontuz alkoholarekin. Ur asko edan eta ondo pasa!».

Piraten «ekintza izarretako» bat izaten da abordatzea; urtetik urtera gora egin du parte hartzeak. Aurten 280 baltsa inguru eta 1.600 parte hartzaile elkartu dira, antolatzaileen esanetan. Donostiako Piratetako Inge Ugarte kideak GARAri azaldu zionez, etengabe handitzen ari den ekintza bat da abordatzea. Horregatik haren muina eta esanahia gogoratu dituzte: «Donostia abordatzeak guk nahi ez dugun Donostia kapitalistaren esanahia du. Zerbait sinbolikoa izanik, hondartzara iristeak hori irudikatu nahi du».

ALDARRIA ETA FESTA

Ongi pasatzeko espazio seguru bat sortzeaz gain, aldarrikapenerako ere baliatzen den unea izan ohi da abordatzea. Garrantzitsuak izaten dira belak itsasontzietan, askok ikurrinak jartzen dituzte bela gisa, baina azken urtean baita Palestinako banderak ere. Erraustegiaren aurkako aldarria duenarena nabarmendu zen gehien hala ere, hori baitzen handiena. Euskal Herriko festa ezberdinetan indarra hartzen ari den dinamika batek ere presentzia hartu zuen: «Txosnak. Gureak, denonak». Eta Aquariumetik behera Palestinako bandera erraldoia esekita zegoen.

Bizitzan bezalaxe, abordatzean ere sumatzen da esperientzia, igarri zitekeen itsasontzi batzuk osoago iritsiko zirela lehorrera, eta beste zenbaitek zatiren bat galduta egin beharko zutela aurrera. Hala ere, parte hartzaile guztiak itxaropentsu zeuden, «gurean edo ondokoarenean, baina iritsiko gara Kontxara», esan zuten.

Lagun talde gehienek koloretako kamiseta bera zeramaten. Euskarabenturakoak ziren laranja fosforitozko jantzia zutenak; uda erdia Euskal Herria zeharkatzen igaro ostean, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako gazteek abordatzean egin zuten zita. Iaz ere hala egin omen zuten. Aspaldiko lagunak elkartzeko ere balio du, beraz.

Termometroek beheranzko joera nabarmenik izan ez bazuten ere, haizea zebilen kai inguruan, eta parte hartzaileak pozik sumatzen ziren, printzipioz, «haizea alde» zutelako hondartzarantz joateko. Kolorez jantzi zen kaiko arrapala hogei minutu lehenago; musikak, txaloek, «Palestina askatu» oihuak, abestiek eta parte hartzaileen pozak eztanda egin zuten. Ohartarazpen bat entzun zen orduan megafoniatik: «Gogoratu denek Donostia abordatu behar dugula; helburua ez da zuk bakarrik egitea, guztiok egitea baizik. Zaindu ondokoa».

ONDOKOEI LAGUNDU

Pentsiodunak ari dira aurtengoan Matti gorpuzten, eta Ezkila, berriz, Pirata Bihurrien kofradia da. Beraiek arduratu ziren abordatzeari hasiera emateaz. Pentsiodunek eskertu egin zuten beraiei egindako aitortza, eta elkarlanerako deia egin zuten: «Gazteok, bat egin behar dugu herri gisa aurrera jarraitzeko. Bikain pasa festak».

Pirata bihurriek, aldiz, Aste Nagusi Pirataren sustraiak gogoratu zituzten lehendabizi: «Duela 23 urte, debekuen gainetik irudimenez abordatu genuen postaletako Kontxa, postureoarena eta toreroena». Auzolanari tiraka bihurriak eta anitzak izan zirela kontatu zuten, eta aurtengoan haur zein pentsiodunen ahotsak elkartzeak daukan indarra nabarmendu: «Arau guztiak hautsi ditugu, mundu berri baten mapa marrazteko».

Amaitzeko, festak «denonak eta denontzat» izan behar duela gogoratu zuten, eta horretarako antolakuntza ezinbestekoa dela esan. Aste Nagusi piratan inolako erasorik ez dela onartzen azpimarratu eta eraso orori «saretuta» erantzuteko deia egin zuten: «Ez utzi inori zapaltzen, eta ez zapaldu inor». Txikienek portutik agurtu zituzten Kontxako hondartza abordatzera joandako piratak, eta adi jarraitu zituzten, ostegunean izango baita beraien txanda.

ATZEKO ALDEA

Argia da aurtengo leloa: “Auzolanari tiraka”, eta abordatzea bezalako ekintza batek ezinbestekoa du auzolana. Goizetik hamarnaka bolondres lanean zebiltzan, jada ia erritu bihurtu den ekimena denez gero «lasai, baina adi»; izan ere, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula 1.600 herritar baino gehiago kaitik Kontxaraino heltzea.

16.00ak jotzerako txaleko horidun batzuk Flamenkan elkartuta zeuden, hondartzatik baltsak ateratzen laguntzeko lanak banatzeko. Garbiketako taldea ere prest zegoen hondartza inguruan. Kaian 30 txalekodun baino gehiago zebiltzan aurrera eta atzera, guztia prestatzen parte hartzaileak iritsi aurretik; horietako batzuk piraguak hartu eta ibilbidean kokatu ziren, besteek festari hasiera eman zioten. 150 boluntarioren lanari esker egiten da abordatzea.