Trumpek Washington itzali du
Donald Trumpek Washingtonen segurtasunaren kontrola hartu zuen hilaren 11n, hilabetez hasiera batean, «kriminalitate handiagatik larrialdia» dagoela argudiatuta. «Ez da tolerantziarik egongo basakeriarentzat», bota zuen. Geroztik, hiriak ohiko bizia galdu du, eta amorrua eta izua eskutik helduta dabiltza. Eta ez dirudi Washington azkena izango denik.

Varela familia oporretan joan berri da egun hauetan. Uda osoa eman dute hirian lanean, besteak beste, Florida bezalako leku turistikoetatik albiste kezkagarriak iritsi direlako etorkinentzat: ICE mugako Poliziaren operazioak, espetxe-gune berri bat Everglades parke nazionalean… Herrialdean egoteko dokumentuak ditu familiak, baina lehen ere ustez herrialdean egoteko legezko paperak zituztenak preso eraman izan dituztenez, oso zuhur dihardute oporretan abiatu aurretik. «Agiriak, agirien kopiak eta abokatuaren telefonoa, berehala deitzeko prest. Badaki kanpora goazela».
Mount Pleasant auzuneko Udalaren gune batetik igaro dira goizean lehendabizi. Hastear den ikasturtean behin betiko bultzada eman nahi dio Luciak ingelesari, espainieraz egitea susmagarri bihurtu baita azken hilabete hauetan Amerikako Estatu Batuetan. Are gehiago Washington hiriburuan, Donald Trump presidenteak hiriaren autonomia ia erabat kenduta bere agintepean jarri zuenetik. Auzunea ia hutsik ageri da, ia inor ez dabil kalean, musikarik ez da entzuten, eta hutsik edo itxita daude bertako tabernak eta bestelako negozioak.
Trumpek Washingtoneko Polizia bere aginduetara jarri zuen duela hamabi egun, eta Guardia Nazionala hirian hedatzeko agindu zuen. Horretarako aitzakia hirian dagoen kriminalitate-tasa izan zen. Ez dago zalantzarik Estatu Batuetako hiri gehienetan handia dela kriminalitate maila, Europan baino askoz handiagoa. Washingtonen kasuan, alabaina, nabarmen egin zuen behera iaz, eta aurten ere beheranzko joera izan da nagusi; azken 30 urte hauetako datu onenak ditu. Baina Donald Trumpek badaki «krimenaren aurka gogor» jarduteak ospe ona ematen diola eta demokratei buruz egiten duen karikatura indartzen duela: «Kezka handiagoa dute kriminalen egoeraz, herritar arrunten egoeraz baino».
Hala, militarrak ikusi dira AEBko hiriburuko lekurik ikonikoenetan, Etxe Zuritik Kongresurako bidean eta monumentu esanguratsuenak dauden National Mall-ean. Bere ohiko auto-ibilbidean egon ohi zen etxegabeen kanpaleku bateko pertsonei -beltzak denak- berehala hiritik alde egiteko agindu zien presidenteak sare sozialetan; biharamunerako, hondeamakinak hantxe ziren, kanpalekua txikitzen. Maryland-eko eta Virginiako auzo-hiriak eskale kopuruaren berehalako igoerarako prestatu dira.
WASHINGTONI GORROTOA
Lehendik ere ezaguna zen Amerikako Estatu Batuetako presidenteak herra berezia diola hiriburuari. Herrialdeko hiririk aurrerakoienetakoa da, historikoki beltzak izan dira biztanle gehienak -eta hala dira auzune askotan-, eta nekez aurki daiteke Trumpen jarraitzailerik bertan: iazko azaroan botoen %6 baino ez ziren izan errepublikanoentzat; %92k demokraten alde bozkatu zuten.
Ez da harritzekoa, beraz, washingtondarren amorrua. Hiri osoan barreiatu ziren Donald Trumpen “inbasioaren” aurkako protestak, eta 300 lagun baino gehiago atxilotu zituzten joan den asteburuan. Besteak beste, hiriko futbol taldearen partidan «Free DC» («Washington DC -District Columbia- askatu») leloak oihukatu zituzten 51. minutuan. Egun Amerikako Estatu Batuek dituzten 50 estatu federalen ondoan 51.a beren hiria izatea nahi dute washingtondar gehienek.
Washingtondarren amorruaren irudi ikonikoetako bat bihurtu da sandwicha. Azalpena: herritarrak militarren eta bestelako indarren aurrean protestan eta agiraka ageri diren bideo ugarietako batean washingtondar batek «faxista» deitzen die CBP Aduana eta Mugetako Poliziako agenteei. «Zergatik zaudete hemen? Ez zaituztegu gure hirian nahi». Handik gutxira, paperean bildutako sandwich batekin itzuli eta balen aurkako txalekoa zeraman agente bati jaurti zion ogitartekoa, arineketan ihesari eman aurretik. Bistan da amorruak eragindako ekintza xumea izan zela, inolako kalterik eragin ez zuena, eta sare sozialetan hainbat txantxa izan dira horren harira. Adams-Morgan auzo alternatiboan ere sandwicharen irudia marraztu dute (segregazioaren aurka egin zuten bertako bi eskolek ematen diote auzoari izena). Baina Etxe Zuriak oso bestela hartu du: Sean Charles Dunn izeneko pertsona bat atxilotu dutela iragarri zuen, eta bere lanpostutik kaleratzeaz gain -Justizia Saileko funtzionarioa zen-, Poliziari eraso egin izana leporatu diote. Zortzi urte arteko espetxe zigorra jaso dezake. Uneotan libre dago Dunn.
ATXILOKETAK
Ostiralean zabaldutako ohar batean, Etxe Zuriak dio ia 800 lagun atxilotu dituztela, eta ia 100 arma atzeman dituztela, baina askoz datu gehiago eman gabe. “Mara” gaizkile-taldeetako kide batzuen izenak argitaratu ohi dira, eta protestetan atzemandako jendea ere estatistika horietan dago, baina atxilotutako gehienak etorkinak direla uste da.
DCI eskolan bilera egin dute joan den aste honetan, bertako ikasle baten aita eraman zutelako astelehenean. El Salvadorrekoa da, eta urteak zeramatzan hirian. Mariok, hamasei urteko venezuelar batek, bera ere geldiarazi zutela kontatu dio GARAri: «Bancroft inguruan nindoan kaletik, eta halako batean inongo markarik gabeko auto bat gelditu zen eta agiriak eskatu zizkidaten. Ea zerbait egin nuen galdetu nien, zergatik geldiarazi ninduten. Aurpegia estalita zeukaten, espainieraz ere egin zidaten, baina ez zeukaten agiririk. Ea azal beltzarana izateagatik geldiarazi ninduten galdetu nien, eta are eta indartsuago oihu egin zidaten ea agiririk banuen». Zorionez, berriki onartua zioten bere familiari asilo-eskaera eta nortasun agiria erakutsi ahal izan zien Mariok morroi haiei.
Denek ez dute zorte bera, ordea. Ondorioak ageri-agerian daude: etorkinek lan egin ohi duten lekuak hutsik daude. Hiriko Poliziaren ohiko trafiko kontroletan geratutako moto-gidari askok janari-banaketan dihardute. Lehen, datuak hartzen zizkieten eta aurrera jarraitzeko modua izaten zuten: orain, berriz, ICEko mugako-agenteak egon ohi dira Poliziaren atzeko bigarren lerro batean, eta hainbat banatzaile atzeman dituzte horrela, atxilotze-guneetara eramateko.
Erraztasun handiz atzematen duten jendea dira, kalean bakarrik dabiltzalako, baina herritarrek grabatzeko ere errazak dira, eta antzeko atxiloketen irudi asko zabaldu dira azken egunotan.
Tyler de Suek, esaterako, telefono bidez eskatu zuen janaria ez zetorkiola ikustean, kalera jo zuen eta hura zekarkion banatzailea eskuburdinekin ikusi zuen. Ez zen latinoamerikarra, arabieraz egiten zuen, eta agenteei ez zuela ulertzen esaten zien. De Suek poliziei itzultzailea erabiltzeko esan zien, besterik ezean mugikorraren itzultzailearekin azaltzeko atxiloketaren motiboak, baina ez zioten jaramonik egin. «Inori kalterik egiten ez dion tipo bat da, lan bat egin nahian ari dena. Noraino helduko gara?», galdegin du Suek. «Kontrolak jarri dituzue, gure Polizia militarizatu duzue, maskaratuta eta armatuta agertzen zarete, eta inori ezer esan gabe atzeman eta eramaten duzue jendea», leporatzen die irmo.
Washington hiriko legeen arabera, agenteek agerian eraman behar dute plaka eta izena, eta eskatzen dietenei beren txartel profesionala eman behar diete. Uneotan agente federalak ere hirian atxiloketak egiten ari diren arren, Gobernuak esaten du ez dagozkiela lege horiek, eta immigrazio-agenteak aurpegia estalita egotea justifikatzen du «gora doalako haien aurkako indarkeria eta familien kontrako presioa». Hala, “Police” hitza soinean dakarren eta edozein supermerkatutan eros daitezkeen txalekoekin ageri dira pertsona batzuk, eta askok azpimarratu dute ez dagoela bereizterik bahiketa arrunt batetik.
BESTE HIRI BATZUETARA
Washington hiriak duen estatus bereziak ondorioak ditu: herritarrek alkatea eta udalbatza aukeratzen badituzte ere, Kongresuak esku hartzeko eskubidea dauka, AEBko 50 estatuetako batean dauden gainerako hirietan ez bezala. Kongresua Washington hiriko Capitol Hill-en egon arren, bertako herritarrek ez dute ahotsik. Presidentea bozka dezakete washingtondarrek, estatubatuar gehienen antzera (Puerto Ricoko herritarrek salbu), baina ez dute ordezkaririk AEBko Kongresuan. Estatu baten babesik gabe, Trumpen MAGA mugimenduari errazagoa zaio Washington hartzea.
Jakin badakite hiria aurka dutela. Joan den asteazkenean Union Station tren geltoki nagusian zeuden militarrak agurtzera joan ziren JD Vance presidenteordea eta Pete Hegseth defentsa-idazkaria, eta txistuka eta oihuka hartu zituzten herritarrek, «DC askatu» leloarekin. Biharamunean, Donald Trumpek berak hiriko patruilan parte hartuko zuela iragarri zuen Etxe Zuriak, baina azkenean Anacostia auzoko polizia-gune bat bisitatu eta berehala Etxe Zurira itzuli zen.
Kontuak kontu, Trumpen MAGA mugimenduak prestatuta daukan agendaren lehen urratsa da Washingtonen inbasioa, eta aurki demokratek gobernatutako beste hiri batzuetan berdin egiteko asmoa daukatela azpimarratu dute.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
