GARA
TOLOSA
ESKU PILOTA

Batak erritmoa desorekatu eta besteak eutsi, Artola eta Martija nagusi Tolosan

Iñaki Artolak desorekatu zuen partida.
Iñaki Artolak desorekatu zuen partida. (Jaboba MANTEROLA | FOKU)

Artola eta Martijak 22-10 irabazi zuten Zabala eta Mariezkurrenaren aurka, Tolosako Beotibar pilotalekuan, CaixaBank Masters txapelketako partidan.

Zabala eta Mariezkurrena ziren faborito, eta bikain hasi ziren, pilota astinduz eta tantoa amaituz. Hala ere, ez zuten tarterik zabaldu, Zabalak behar baino huts gehiago egin baitzituen eta Artola-Martija bikoteak sendo eutsi baitzien. Are, erritmoa sartuz, gutxika jokoaren ekimena beren egin, markagailua berdindu eta nagusitzen hasi ziren Artola eta Martija, 8 tantoko partziala eginez (3-6tik 11-6ra).

Hortik aurrera, tarte batez Mariezkurrena gatz handiarekin aritu bazen ere, urdinak ez ziren dinamika iraultzeko gai izan, Artolak eta Martijak oso seguru eta eraginkor jarraitu baitzuten. Martijak, Mariezkurrenaren zartadei eusteaz gain, haren ezkerra bilatu zuen. Alegiarrak, azkenaldian baino freskoago, lana erruz egin eta erritmoa desorekatzeaz batera, tanto ugari amaitu zituen. Horrela, azken txanpan ia zuzenean joan ziren 22ra, eta Caixabank Mastersean bizirik jarraitzen dute.