Irailaren etorrerarekin ikasleak gelarako bidea hartzen hasi dira
Ikastetxeek ateak ireki dituzte Ipar Euskal Herrian. Hezkuntza Ministerioak lehentasunak ezarri ditu, irakasleen prestakuntzatik hasi eta indarkeria saihesteko neurrietaraino. Ikasturte honen hastapena euskarazko hezkuntzaren garapenaren eskutik heldu da.

Eskola sartzearen bezperetan, Elisabeth Borne frantziar Hezkuntza ministroak 2025-2026 ikasturteko lehentasunen berri emateko agerraldia egin zuen agorrilaren 28an. Datu ofizialen arabera, aurtengoan 11,8 milioi ikaslek eman dute izena frantziar Estatu mailan, 58.100 ikastetxetan banaturik. Joandako ikasturteko emaitzak arrakastatsutzat jo zituen Bornek: brebeta azterketan %85,5 eta baxoan, %91,8.
Ipar Euskal Herri mailako zenbaketa zehatzik ez bada ere, euskarazko irakaskuntzari dagokionez, sare publikoaren, sare pribatu katolikoaren zein Seaskaren bidez eskaintzen diren murgiltze ereduak eta eredu elebidunak goranzko joera dute, Euskararen Erakunde Publikoaren datuen arabera. Nabarmentzekoa da horrek ez duela erran nahi ikasleek ikasketa prozesu osoa euskaraz egiten dutenik, ezta halabeharrez ikasleak euskaradun bilakatzen direnik ere.
EUSKARAREN HEDATZEA
Bi haur eskola publikok euskarazko murgiltze eredua eskaintzeari ekinen diote ikasturte honen hastapenetik; Sohüta eta Luhuson, hain zuzen ere. Zuberoako herrian 40 bat haurrek izanen dute horretaz gozatzeko aukera, eta Lapurdiko herrian, berriz, 21ek.
2025-2026 ikasturtea berrikuntzekin heldu da Hazparneko Armand-David laborantza lizeoan ere, aspaldiko eskaera egikarituko baita: hiru modulu profesional euskaraz proposatuko ditu. Hala, agro-ekipamendua, zientzia sozial eta ekonomikoak eta enpresa ekonomia euskaraz ikasteko parada izanen dute ikasleek.
Seaskako izen emateen emendatzeak euskarazko irakaskuntzaren gorakada berresten du. Ikastolen federazioak lizeo berri bat irekiko du Donapaleun 2027an, Baionako Bernat Etxepare lizeoan gainezka daude-eta. Bide beretik, urte luzeetako borrokaren ondotik, Beskoitzeko ikastolak ateak zabalduko ditu ondoko ikasturtean, 2026-2027an, ama eskolako bi gela eta lehen mailako beste birekin.
Hala ere, ikasleek ez dute derrigorrezko hezkuntza zikloa borobiltzen duen baxo azterketa euskaraz egiterik.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
