Euskadi sendo bat, diaspora esanguratsu baterako
Duela aste gutxi amaitu zen Boiseko Jaialdia 2025 eta, oraindik ere, ekitaldi errepikaezin hark utzitako emozioekin zorabiaturik gaude. Izan ere, 1987 hartatik hona jaialdiak sortzaileek beraiek ere susmatu edo espero ez zuten dimentsioa hartu du. Artikulu hau idazterakoan, baina, aurtengo jaialditik beretik harago iritsi nahi dugu. Jaialdiaren testuinguruan Iñaki Galdosek idatzitako liburua aurkeztu zen; Boiseko Unibertsitateak Oñatin burututako lehen programa haren eragina aztertzen du liburuan.
50 urte igaro dira eta artikulu hau sinatzen dugunok, hain zuzen ere, programa haren kumeak gara. Duela 50 urte ezagutu genuen elkar eta bizitzak lekuko eta protagonista bihurtu gaitu diasporaren eta Euskadiren arteko harremanetan izan diren aldaketa handienetan.
1974ko Boise-Oñatiko programak, beste lorpen askoren artean, Euskadiri buruz diasporan zegoen irudi erromantizatuarekin hautsi zuen. Ikuspegi erromantikoa izatea bere horretan ez da txarra, baina errealitatearen oinarriekin osatu beharra dago beti. Ildo horretan, azpimarratzekoa da 1974 hartatik aurrera diasporako ehunka euskaldunek ezagutu eta bizi izan dutela Euskadik izan duen eraldaketa handia, errealitate gris batetik gaur egun den herrialde aurreratu eta abangoardista bihurtzera ekarri duena.
Euskadirekin harreman etengabea eduki izanak esplikatzen du, halaber, diasporari buruzko politikak hartu duen indarra. Euskadi herrialde txiki baina arrakastatsu bat izatera eraman duten politika ekonomiko, industrial, kultural, akademiko, sozial eta linguistikoen garapenik gabe, nekez hitz egingo genuke gaur diasporarekiko politikari buruz. Hona hemen, beraz, lehen ondorio argia: jatorrizko herrialdea sendo egoteak, agenda integratu bat duen herrialde aurreratua izateak, oinarri eta berme sendoa ematen dio euskal diasporari. Aitzitik, Euskadi ahuldu bat ez litzateke ispilu eta eragingarririk onena diasporen etorkizuna bermatzeko eta haien papera sendotzeko.
Boiseko euskal komunitateak egindako hedapen eta antolakuntza lan handiari esker, jaialdia euskal herritar orok bizitzan behin ezagutu beharreko ekitaldia bihurtu da. Aldeak alde, munduan den erromesaldi nagusietako bat gogoan, Boise gure Meka bihurtu dela esan genezake.
Bai, zalantzarik gabe, Boiseren ekarpena ezinbestekoa da eta zaindu beharreko altxorra dugu. Jaialdiaren egunetan bertan ikusi, egin eta bizi izandako esperientziez gainera, bestelako ekarpen ukiezin asko ematen dizkigu berez jaialdiak; hain zuzen ere, herrialdearen normalizazio eta garapenarekin batera hemen ahuldu diren zenbait baloretan: pasioa, arima, komunitatearen kidetasuna, herrialdea ospatzeko eskubidea eta beharra... horiek nolabait eta aldi baterako orekatu egiten baitira Jaialdi bezalako ekitaldiekin.
Baina jatorrizko herrialdearen ikuspegi erromantizatuegi hark errealitatea distortsionatzen zuen bezala, diasporaren ikuspegi idealizatuak ere ondorio okerrak ekar ditzake gaur. Ez dago paradisurik, ez diasporan, ezta Euskadin ere. Jaialdiko festa-leherketatik harago, Boiseko euskal komunitateak errutinari, egunerokotasunari eta gaur egun bizi ditugun garai historiko konplexuei aurre egiten die, mundu osoan bezala. Ospakizuna iragankorra eta beharrezkoa da, baina emaitzak ekartzen dituztenak egunerokoaren sendotasuna eta koherentzia dira.
Beste gizarte eta herrialde batzuen antzera, Euskadik erronka eta aukera berrien garaia du aurrean, munduak bizi duen konplexutasuna ahaztu gabe. Nolanahi ere, badirudi ziklo baten amaieran eta berri baten hasieran gaudela. Testuinguru honetan kokatu behar da kontakizun berria eraikitzeko beharra, errotik eraldatua den herrialde baten eta berritua den diaspora baten argazki gaurkotua izan dezagun. Kanpoan diren euskal komunitate tradizional eta ongi finkatuei, egoera berri eta desberdinetan azaleratzen ari diren diaspora mota berrien aniztasuna gehitu behar zaie.
Zentzu horretan, albiste ona da lehendakariak iragarri izana diasporari buruzko lege berria bultzatzeko prozesua abian jarriko duela. Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek prozesua gidatu behar dute, horretarako eskumenak eta ardura politikoa dituztelako. Baina horrek ez du estali behar orain arteko arrakasta Atlantikoaren bi aldeetan mugitu diren pertsona eta harreman ugariren ekarpenari esker lortu dela, eta giza harreman horien baitan osatu ahal izan dela diaspora-politiken bizkarrezurra. Oñatiko programak utzi digun ikasgai nagusia da erakundeak agertu aurretik ere ehundu zirela lagun sareak eta sare horiei esker eraiki ahal izan direla gero ekitaldi, harreman eta politika arrakastatsuak. Diplomazia publikoaren forma guztien artean herritarren diplomazia da nagusi.
Gaur egun, hainbat erakunde ari dira lanean Euskadiren eta diasporaren arteko harremanak indartzeko. Giza eta ekonomia baliabide ugari eskaintzen dira horretarako; agian gogoeta egin beharko da baliabide horien hazkuntzaz, eraginkortasuna beti ahuldu ohi duten bikoizketak saihesteko, besteak beste. Baina, batez ere, diasporen unibertsoaren parte diren ahots eta sentsibilitate guztiak integratzeko gai izan behar dugu.
Diasporen aniztasuna ulertu eta onartu behar dugu; begirada, bizipen eta ikuspegi desberdinak daude errealitate ez-homogeneo baten aurrean. Testuinguru honetan, gainera, etorkizunean giltzarri izango diren esparruetara ere agenda zabaltzeko garaia heldu da. Gales eta beste herrialde batzuk saiakuntza interesgarriak egiten ari dira, adibidez, kirolaren fenomenoa diasporarekiko ekintzetan txertatzeko.
Erronkak ikaragarriak dira, baina azken hamarkadetan marraztutako ibilbide arrakastatsu bat dugu ondare eta ikasgai gisa. Orain egokitu egin behar dugu gaurkora, baina bazter utzita gehiegitan boladan egoten den reinventing the wheel ideia antzua. Horretarako, itsasargi bikaina dugu Oñatiko programa, hainbeste fruitu eman dizkiguna eta hain harro sentiarazten gaituena. Badugu nondik ikasia, betiere apaltasunetik.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
