Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren umotasunak

Musikariek baino gehiago erabiltzen dute musika-kritikariek. Neronek behintzat ez dut inoiz ulertu zer den musika heldua egitea, zer den musikaren umotasuna, noiz iristen den musika umotasunera. Ez dakit existitzen den ere musika heldu edo umoa egitea. «Disko honetan, edo hartan, urlia taldearen abestiei heldutasuna nabari zaie, eta haien musika, dagoeneko, umoa da», esaten da. Paratu naiz, une batez, eta hausnartu ondoren, ez dut aurkitu non eta zertan dagoen “umo” delakoa. Pertsona heldu asko ez dira umo, oraindik ez dute lortu heldu izatea.

Politika gaietan albokoa kritikatu edo mespretxatu nahi duzunean, ohitura handia dago ondoko esaera hau erabiltzeko: infantilismoan dute gotorlekua. Aurrekoan entzun nion bati Gasteizko txosnen afera zela eta: «Horiek [GKSkoek] ideia infantilak dituzte, desfasatuak zeharo». Garai guztietan errepikatzen da, gertuko etsaia desegituratzeko, ezdeus bihurtzeko.

Musika taldeak lausengatzeko maiz erabiltzen den esaldiak zera dio: «Taldea heldutasunera ailegatu da». Ez dakit non dagoen geltoki hori, ez dakit dagoenik ere. Errazkerian erortzea dela uste dut, mamirik gabekoa, baina erabiltzailea ongi geratuko da taldearekin eta irakurlearekin. Esamoldeak badu sunda, heldutasuna kalitatea dela esatera datorrelako. Heldutasunik gabe ere egin dira aparteko kantuak.