Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
JONE, BATZUETAN

Maitasunaren distira eta doluaren itzala

Erabat ezberdinak badira ere, “Jone, Batzuetan” ikusten ari nintzela Charlotte Wells-en “Aftersun” etorri zait gogora. Bi filmek familia, oroimena eta galera lantzen dituzte intimitatez eta samurtasunez. Bietan, aita hauskortasunaren ispilua da, eta alaba, berriz, minak markatutako hazkunde-prozesuan murgilduta dago. Konparaketak alde batera utzita, “Jone, Batzuetan” filmak berehala egiten du emozioen aldeko jauzia: modu organikoan kamera oso gertu kokatzen da, arnasa bera ere harrapatuko balu bezala, eta tonu ia dokumental batez bustita. Coming of age klasikoaren ereduari eutsiz, hazkunde pertsonalari buruzko barne-gogoeta bilakatzen da.

Istorioa Bilbon kokatzen da. Jone, 20 urteko neska, aita eta ahizpa txikiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du Parkinsonen gaitzaren ondorioz. Aldi berean, Bilboko Aste Nagusiaren atarian, Jone lehen aldiz maitemintzen da.

Sara Fantovak kontrastez ehundutako narrazioa marraztu du: protagonistaren lehen amodioa jai zalapartatsuaren bihotzean loratzen da, aitaren gaixotasunak bere gaztaroari itzal luzeak botatzen dizkion bitartean. Bizitzaren bi ertzek elkarri begiratzen diote, eta dualtasun horretatik sortzen da tentsio sakonki gizatiarra.

Olaia Aguayok antzezpen bikaina eskaintzen du: sotila eta sakona, bere begiradek hitzek baino gehiago adierazten dute. Josean Bengoetxeak benetakotasuna eta gizatasuna eransten dizkio kontakizunari; Elorri Arrizabalagak, berezkotasuna eta umore distiratsua, eta Ainhoa Artetxek maitasunaren eta desiraren indar freskoa gehitzen dio narrazioari.

Opera prima batean ohikoak diren gorabeherak badaude ere, Fantovak sentsibilitate narratibo oso berezia eta ederra erakutsi du.