EAJ, biktima ote?
Euskal Herrian, uda nahiko lasaia izan dugu. Herrietako jaiak, oro har, giro onean joan dira eta herritarrek dibertitzeko duten premia eta gogoa erakutsi dute. Beste urteetan baino arazo gehiago ez dira egon. Hori bai, eraso sexualek ez dute behera egin, eta gehitu direnak eraso arrazistak eta homofoboak izan dira. Bitartean, EAJ alderdiko Aburto Bilboko alkatea eta Bingen Zupiria Barne Sailburua, EITB kate publikoak eta Vocento taldeko “El Correo” eta “Diario Vasco” egunkariak behin eta berriro alarma egoera pizten saiatu dira, ustezko segurtasuna eta polizia erdigunean jarriz. Gorabehera normalak arazo bihurtu dituzte, eta tirabira txikienak, alarma. Bultzada politikoa egon da, bereziki Bilboko jaietan, polizia erdigunean jartzeko, jaietako konpartsa bat gehiago balitz bezala, beraien lana azpimarratuz eta atxiloketak egunero goraipatuz.
Pradales itzuli da oporretatik, eta panfleto berberari heldu dio bere lehen agerraldian, normaltasunez joan den uda honetan, honako hau azpimarratuz: «Salbuespen bat egon da, udaltzainek eta ertzainek pairatu dituzten indarkeria eta bazterkeriazko gertakariak». Uda osoan zabaldu nahi izan duten irudia segurtasun eza eta kaosa izan da, horren guztiaren errudun EH Bildu bihurtuz, noski. Eta biribiltzeko, ikasturte hasierako Zarauzko mitinean, Eugenia Agirrezabala buruzagiak guri egotzi digu bere alderdiari «bullying politikoa» egitea. Alegia, Gipuzkoako Diputazioa eta beste hainbat udaletako aginte, PSE eta PP espainolen laguntzaz, kendu dizkigun alderdiak bere burua biktimatzat hartzen du eta, gainera, gu gara horren errudun. Zer logika eta sinesgarritasun daukate horrelako sinplekeriek? Gehiegi da arduradun politikoei seriotasun pixka bat eskatzea?
Izan ere, nork sinistu Ertzaintzak eta udaltzainek bazterkeria sufritzen dutela? Zertan zehazten da bazterkeria hori? Nola izango da biktima, gaurko Euskal Herrian, hortzetaraino armaturik dagoen polizia? Zer egiten diete biktima sentitzeko? Soldata ederrak, hainbeste prima, beste langile batzuek hartu ezin dituzten egun libreak, jubilazio pribilegiatuak dituztenak... Zer dela eta sentitzen dira baztertuak? Agian beraien gehiegikeriak kritikatzen ditugulako? Euskaraz mintzatzea eskatu eta exijitzen diegulako? Ala Euskal Herrian ez direlako integratuak sentitzen? Azken Aste Nagusian, Bilboko Correo kalean, lekuko ugariren aurrean, euskaraz mintzatzeko eskatu nion udaltzain batek oihuka esan zidan: «Esto es España y por lo tanto tengo derecho a hablar en castellano». Nor dago baztertuta gure herrian?
EAJ alderdiak Ertzaintza zein Udaltzaingoa biktimatzat jotzen ditu, horren ardura politikoa EH Bilduri egotzi nahi diolako. Berak, poliziaren eta, beraz, segurtasunaren defendatzaile sutsua izanik, borreroak gu garela nabarmendu nahi duelako. Jakitun izanik udan egon diren gertaera batzuetan ez daukagula zer ikusirik, berdin da, denak balio du gure politikagintza eredua zikindu eta herritarrak urruntzeko. Erruduntasuna, garai batean paralizatzailea izan zenez kolektibo zabal batentzat, berriro ere mezu berbera erabili nahi dute. Gaur egungo gizarteak dituen arazoei aurre egin beharrean, beste garai batera itzuli nahi dute. Baina garaiak aldatu dira, zorionez.
EAJ alderdia biktima papera hartzeko estrategia lantzen ari da. Beraiek biktima eta, beraz, EH Bildu borrero. Itxurarik gabe eta sinesgarritasun gutxiagorekin ari diren arren, ongi aztertutako estrategia baten baitan kokatzen den saiakera da, dirudienez. Izan ere, Daniele Gigliolik bere “Crítica de la Víctima” saiakeran dio biktima figurak «heroi» estatusa berreskuratu duela. Eta are gehiago, «prestigioa, aitortza eta autoritate morala» eman diezaiokeela biktima papera betetzen duenari. Beraz, ez dira txorakeriak. Biktima bezala agertzeak norberaren prestigioa areagotzeko joera indartu dezake, eta, aldi berean, besteen kritikaren balioa gutxietsi. Komunitatearen autoestimua indartzeko balio dezake eta, ondorioz, hautesleriaren fideltasuna bermatu. Liburuetan finkatutako estrategia lantzen ari da EAJ, baina ez dakit askorako balioko dion. Harrokeriaz jokatzen ohituta dagoen alderdi batek biktima dela sinetsarazteak ba al du inolako sinesgarritasunik?
Azken egunetan, Israelen genozidioa salatzeko Bilbon egon ziren mobilizazioen inguruan ere, EAJ alderdiaren jarrera deskalifikazio eta salaketena izan da, milaka herritarrek Palestinaren alde erakutsi duten solidaritatea eta sufritzen ari direnekiko sentiberatasuna bera ukatuz, Aburto Alkate jaunak egin duen bezala. Herritarren borondate ona eta mobilizazioen zergatiak dudan jartzeraino mespretxatzeari oso larria deritzot. Zer eskubide du modu baketsuan haserrea erakutsi duten herritarren jarrera modu horretan baloratzeko? Helburua Bilboren izen ona zikintzea izan omen da. Bakarrik falta izan zaio publikoki salatzea EAJ alderdia izorratzeko antolatu zituztela istiluak.
Auzo-lotsa sentitu omen dute EH Bildukoen jarreragatik. Nik, aldiz, auzo-lotsa sentitzen dut hainbeste hautetsi eta instituzioetako ordezkarik Israel egiten ari den genozidioa kritikatzeko eta neurriak hartzeko izan duten epelkeriagatik. Pradales jaunak aurtengo irailera arte ez du inoiz genozidio hitza erabili Israel egiten ari den sarraskia salatzeko. Areago, erabaki bakar bat ere ez du hartu bere Gobernuak harremanak hausteko edo armak hara ez bidaltzeko eta, gure lotsarako, Bilboko Metroak Israelekin lotura duen enpresa batekin sinatu ditu bere segurtasun zerbitzuak. Giza eskubideak ez dira soilik hitzez defendatzen, hain modu larrian urratzen direnean, jarrera ausartak eta eraginkorrak hartu behar dira. Hori egin zuten hainbat herritarrek Bilbon. Ez da asko, baina beraien esku zegoena zen. Auzo-lotsa, herri zapalduen alde ezer ez egitea da, besteen jarrera beti kritikatuz.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
