Jon GARMENDIA
Idazlea

Karloa

Karaskiloaz ari nintzen, kuskuaz, tira, azken urteotan hitz ezagunagoa zaidan karloaz, gaztainaren oskola gogorrari eta mamiaren gainean geratzen den azalari erreferentzia egin nahian udazken atarian. Gaztainondoa karloak banatzen ari baita, haize hegoko egunak iritsi aitzin. Morkotsa deitzen ziotela batzuk, eta lopetza bestetzuk, xixtaz eta latsez betetako kormutsa zela beste betidaniko hitz bat; karloari buruz idatzi nuen lehen aldian iruzkin hauek jaso nituen, eta nik ere gure hizkuntzaren aberastasunaz ikasi nuen. Burria eta ahotza entzun berri, nondik ote zetozen, gogoetari heldu nion, baita burutxa eta mukutza entzunda ere, ai ama, zenbat hitz gauza bera izendatzeko, nola jarri ados? Gaztaina alorra egiten zuten tokietan, bilketa, animalientzako edo gizakientzat bereizteko, harriak gida gisa eta hostoz estaltzen zituztela, koskilatik soilduta, arbotsatik aterata. Mendi magalera hurbildutako askok erran zidaten mardotsak horixkak baziren gaztainaren mamia gozoa zela, garbotsak marroixkak baziren, mikatzagoak, gezak balira bezala. Batek daki bestearen zapore eta gustua. Hortxe erronka. Oskol arantzadunari lokots eta lakatz erabakitzeko garaian, kirikoa trikua bailitzan, sagarroia, honekin gelditu naiz, eta gure urreetako bati heltzeko poltsa hartuta mendirantz abiatu.