«Kateriñe Letamendi» komikia, gerren aurkako aldarria
Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasolak «Kateriñe Letamendi» komikia aurkeztu zuten atzo, Donostian. Bertan jasotzen dira Illarramendiren amonaren bizipenak, 1936ko gerran bizi izan zituenen memoriak, hain zuzen. Nabarmendu dutenez, liburua «bake irrintzia» da.

1936ko gerrak eragindako suntsipenaren lekuko izan zen Kateriñe Letamendi tolosarra. Tropa frankisten bonba eta mehatxuetatik ihes egin behar izan zuen. Kaosaren erdian, egunerokoa idaztea izan zen bere babeslekua; sufrimenduz eta oroitzapenez betetako pasarte bilduma.
Kateriñeren biloba Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasola ilustratzaileak haren ihesaldiaren eta biziraupenaren testigantza komiki batean jaso dute, eta atzo aurkeztu zuten Erein argitaletxeak Donostian antolatutako prentsaurrekoan.
Bertan Uxue Razquin editoreak azaldu zuenez, Letamendik idatzitako egunerokoa izan da duela urtebete martxan jarritako proiektu honen hazia. «Emozioz beteriko istorioa da; batzuetan agonia izango da nagusi, baina besteetan tristura, frustrazioa eragingo du», adierazi zuen komunikabideen aurrean, istorio gogorra izan arren erraz eta ongi barneratuko den liburua dela azpimarratuz.
Maitena Illarramendik gogoratu zuen gerra garaian idatzitako testuak suntsitu egin behar izan zituela amonak diktadurak zabaldutako beldurragatik eta «laurogei urte pasata» idatzi zituela berriro. «Esaten zuen ezin genuela ulertu zer zen gerra bat, gerra bat zer den jakiteko gerra bizi behar delako. Eta komiki honekin hurbiltzen gara gehiago gerra bat zer den sentitzera», gaineratu zuen.
Ildo horretan, ohartarazi zuen liburua «bake irrintzi» bat dela. «Ez da komiki bat soilik, baizik eta amamaren oihua», esan zuen. Izan ere, «mundu mailan tentsio politiko-beliko handia dago, gerrak hemen eta han». «Goikoek fitxak mugitzen dituzte eta behekoek odola jartzen dute, herri xeheak ordaindu egiten du. Eta komiki honetan ikusten da zer suposatzen duen gerra batek; ez dira bonbak edo metraila bakarrik, ihes egin behar izatea da, errepidean jendea hiltzea…», azaldu zuen. «Ematen dituzte 30 minutu eraikin bat husteko eta gero bonbardatu egiten dute. Hori ere ikusten da liburuan, badagoelako patroi bat gerretan errepikatzen dena», adierazi zuen.
TALDE LANA
Illarramendik goraipatu egin zuen Sarasolak egindako lana, honek komikia marrazteko egindako dokumentazio lan sakona, baita senideen parte-hartzea ere. «Hau izan da ekipo lana. Ereinetik pila bat lagundu digute, baina gero, komikiari forma eman ondoren bildu ginen izeba, osaba eta nire amarekin. Bi bilera egin genituen testuak errepasatzeko».
Bere amonaz hitz egitean, gogoratu zuen emakume sentikorra zela, «izaera bizikorra» zuena. Eta bere hurbilekoekin izan zuen harremana laudatu zuen. «Bere bizitzaren zentroa, gehien inporta zitzaiona, familia zen, batez ere hiru seme-alabak. Baina biloba pila bat izan gara eta presentzia handia izan du gure bizitzan. Gurekin bizi izan da beti, guretzat bigarren ama bat izan da, eta beti entzun dugu gerraren historia».
Sarasolak, bestetik, oroitu du iraganean jendeak ez zuela gerraz hitz egiten: «Nire familian, adibidez, 30 urterekin jakin nuen nire aitona Ondarretan egon zela fusilatua izateko zain». Liburu honekin isilune hori apurtu nahi dute, gerraren aurka aldarri eginez.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
