D.L.

Indiako gerrilla maoista ahulduak borroka armatua uzteko asmoa iragarri du

Duela mende erdi pasa altxatu zen Indiako gerrilla maoistak (naxalita) egun oso ahulduta (buruzagi nagusiak erailda) dagoen «borroka armatua» bertan behera utzi duela iragarri du. Azken hilabeteetan gerrillari gogor erasotzen ari zaio Indiako Gobernua, eta mezu hori benetakoa den aztertzen ari da.

Indiako matxinada maoistak borroka armatua alde bakarretik eta aldi baterako bertan behera utzi duela iragarri zuen asteartean, eta New Delhiko agintariekin bake-elkarrizketak izatea eskatu du.

Indiako Alderdi Komunista (CPI) talde matxinoaren eledun “Abhay”-k «armak uztea» eta «borroka armatua aldi baterako etetea» erabaki dutela iragarri zuen, «munduaren eta herrialdearen egoera aldakorrak ikusita, baita Narendra Modi lehen ministroaren eta armak uzteko beste goi-kargudun batzuen eskaerak ere».

Alderdiak «ahalegin serio eta zintzoak egin ditu Gobernuarekin bake-elkarrizketak hasteko», aldarrikatu zuen, bereziki martxoko azken astetik. Maiatzean, armak entregatzea eta su-etena proposatu zituzten, alderdiko agintariekin erabakia partekatzeko hilabeteko epea eskatuz.

«Zoritxarrez, Gobernuak uko egin zion. Aitzitik, 2024ko urtarrilean hasi zuen erasoaldia areagotu egin zuen», deitoratu zuen gerrillaren bozeramaileak.

IDAZKARI NAGUSIA HILDA

Maiatzean 27 gerrillari inguru, Nambala Keshav Rao “Basavaraju” idazkari nagusia barne, hil zituen Indiako Armadak segada batean.

400 matxinatu baino gehiago hil dituzte iaztik. Aurreko astelehenean bertan, Segurtasun Indarrek, betiere New Delhiren arabera, goi mailako «komandante naxalita» bat hil zuten. 100.000 eurotik gorako saria eskaintzen zuten haren buruagatik.

Gerrillak «naxalita» hitz toponimikoa duela ia sei hamarkada sortu zen Mendebaldeko Bengalako (ekialdea) herrixkatik hartzen du.

FEUDALISMOAREN AURKA

12.000 pertsona baino gehiago -matxinoak, soldaduak eta zibilak- hil dira 1967an nekazariek jabe feudalen aurka hasi zuten matxinadaz geroztik.

2000ko hamarkadaren erdialdean oso indartsua zen gerrilla eta erreboltak 15.000-20.000 borrokalari armatu artean zituen eta Indiako lurraldearen heren bat kontrolatzen zuen. Baina azken urteetan asko ahuldu da.

Azken urteotan, matxinatuen jarduera gehiena Chhattigarsh estatuko (erdialdea) barruti batzuetako basoetan kontzentratu da, «korridore gorria» izenez ezagun direnak.

«Gutuna egiaztatu egin behar da. Behin egiaztatuta, erabaki bat hartuko da gerrillarekin elkarrizketak hasteko aukerari buruz», adierazi du Vijay Sharma Chhattigarshko Barne ministroak, gutunak abuztuaren 15eko data duela gaineratuz.

Matxinoek oso gutxitan zabaltzen dituzte beren adierazpenak posta elektronikoz edo mezularitzaz, atzeman egingo dizkieten beldurrez.