Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ON FALLING

Gizarte garaikidearen paradoxak eta kontraesanak

Laura Carreira zinemagile portugaldarrak kritika zorrotz eta sakona egin dio gizarte indibidualista eta kapitalistari “On Falling” bere lehen lan luzean.

Istorioaren erdigunean Aurora dago, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldarra. Bere egunerokoa lantokiko horma hotzen eta partekatutako pisuko bakardade itogarriaren artean igarotzen du emakume honek. Joana Santosen lana bikaina da.

Filmak gizarte garaikidearen paradoxak azaleratzen ditu: algoritmoek gidatutako eta pertsonak bereizteko diseinatutako ekonomia batean, “On Falling”-ek, tonu isil baina indartsuan, harremanaren premia eta konektatzeko borrokaren edertasun mingarria aztertzen ditu.

Carreirak bere gaztaroan bizi izandako esperientzia pertsonaletatik edan du kontakizuna eraikitzeko, eta benetakotasun horrek gidoi osoa busti du.

Zinema sozial tradizionalak sarri erabiltzen dituen diskurtso arranditsu eta didaktikoetatik urrun, Carreirak bestelako bide bat hautatu du: tonu zuhur eta sotila. Haren begirada ia klinikoa da eta, aldi berean, oso gizatiarra.

Filmak eszenaratze sotil, baina zehatz baten gainean eraiki du bere indarra. Giroa, soila eta grisaxka, tristura eta gainbehera sozialaren isla bihurtzen da. Auroraren etsipena ez da hitzen bidez agertzen; aitzitik, isiluneetan, begiraden pisuan eta errutinaren eten txikietan gordetzen da. Laura Carreirak ia ukiezina den emozio hori pantailara ekarri du.

Tonua eta erritmoa patxadatsuak dira, baina ziztatzaileak. Garai digitalari, prekaritateari, isolamenduari eta alienazioari egiten zaion kritika modu iradokitzailean iristen zaio ikusleari.