GARA
BILBO

XIX. eta XX. mendeetako emakumeen lanaren aitorpena, Itsasmuseumen

Esperanza Yunta margolari grabatzaileak eta Tere Ormazabal argazkilariak “Historia ehundu zuten emakumeak” erakusketa zabalik dute Bilboko Itsasmuseumen. XIX. eta XX. mendeetan emakumeak lan arloan izan duen papera berreskuratu eta ikusarazi nahi du erakusketak. Hainbat irudi historiko biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere aurkituko du bisitariak.

Tere Ormazabal argazkilaria (ezkerrean) eta Esperanza Yunta margolari eta grabatzailea, Itsasmuseumeko erakusketan.
Tere Ormazabal argazkilaria (ezkerrean) eta Esperanza Yunta margolari eta grabatzailea, Itsasmuseumeko erakusketan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Proiektuak XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Bizkaiko emakume anonimoak jarri ditu erdigunean; askotan pobrezia testuinguruetan lan gogor eta nekaezinak eginez, egungo gizartearen eraikuntzan funtsezkoak izan zirelako eta industrializazioari ondare ukaezina utzi ziotelako.

Erakusketak garai hartako lan gogorren eta sarritan gutxietsien irudikapen artistikoa jaso du. Figurazioa eta abstrakzioa uztartzen dira bertan: bata lanbideen azalpen bisuala, bestea emakumeen alderdi intimo eta sakona adierazteko.

Erakusgai dauden 31 artelanetan -Esperanza Yuntaren 13 artelan bikoitz eta Tere Ormazabalen 19- pintura eta argazkigintza elkarren osagarri diren bi diziplina bezala aurkezten dira, publikoari askotan ahazte historikora baztertuak izan diren emakume langileei buruzko ikuspegi plurala eskainiz eta obren arteko elkarrizketa artistiko eta bisuala sortuz.

Bilboko itsasadarrarekin eta itsasadarraren bizitza ekonomiko eta sozialarekin lotuta dauden lanbideak jasotzen dira, baita emakume batzuen errefuxiatu izaera eta bizirik irauteko duten borroka ere.

BI HIZKUNTZA, MEZU BAKARRA

Erakusketa proiektu bakarra da, bi arima artistikorekin. Tere Ormazabal argazkigintza garaikideaz baliatzen da emakumeen ogibideak islatzeko; Esperanza Yuntak, berriz, teknika mistoak erabiltzen ditu -pintura, collage eta itsasadarrean aurkitutako burdina edo egurra- emakumeen memoria irudikatzeko. Bi egileek XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran emakumeek etxetik kanpo hartu zituzten lanetan aurkitu dute inspirazioa. Horrela baserritarrak, sardina saltzaileak, zirgariak, zamaketariak, ikazkinak, jostunak, zigarrogileak, industrietako langileak, prostitutak, garbitzaileak eta lisatzaileak, besteak beste, agertzen dira, ikuspegi artistiko eta pertsonaletik islatuta.

Kontakizun historikoetan emakumeen irudikapen faltari buruz kontzientzia gero eta handiagoa dagoela azpimarratu nahi duen proiektua da. «Ahots horien gabeziak, narratiba pobretzeaz gain, funtsezko ikuspegi bat kentzen dio historiari: emakumezkoena. Horregatik, ekimen honek emakumeak aldarrikatzen ditu gizartearen protagonista aktibo gisa», adierazi dute museoko arduradunek.

Erakusketan Bilboko, Bermeoko, Muskizko, Lekeitioko, Galdakaoko eta Plentziako Udal Artxiboetako, Euskal Museoko eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko irudi historikoak biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere ikusgai dago, parte hartu duten artisten lanekin batera.

Esperanza Yuntaren arabera, proiektua «itsasadarrak Bilboren garapenean duen garrantziari eta prozesu industrial, ekonomiko eta sozial horretan emakumeek duten paperari buruzko hausnarketa pertsonaletik» sortu zen. Haren hitzetan, bere obretako protagonistak “Ilargi Emakumeak” dira, «itzalean maitatu, erresistitu eta arauak apurtu zituztenak. Asko isilarazi zituzten emakume izateagatik. Lanbide desberdinetan -inposatuetan, heredatuetan edo bilatuetan- aritu zirenak, gizonek bezain gogor lan eginez baina haien soldataren herena kobratuz».

Tere Ormazabalek natura hila eta bodegoiak lantzen ditu adierazpide gisa. Erakusketa honetan berriz ere haiei erreparatzen die, emakumeen lanbideei lotutako objektuen garrantzia nabarmentzeko. Eguneroko gauzak bakartu ditu: saregileen sareak, zigarrogileen zigarroak edo neskameen mantala, esaterako; eta dimentsio artistikoa ematen die. «Horrela, askotan oharkabean pasatzen denak nortasuna eta garrantzia hartzen du, emakume horien historiaren eta ahaleginaren sinbolo bihurtzen da, eta funtzionaltasun hutsetik berezko edertasuna izatera pasatzen da», diote Itsasmuseumeko antolatzaileek.