GARA
DONOSTIA

Elkar argitaletxeak bertan behera utzi du Igartza beka

Elkar argitaletxeak bertan behera utzi du Igartza beka, CAFekin eta Beasaingo Udalarekin antolatzen zuen sariketa, «Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren testuinguruan».

Saioa Alkaizak Igartza sariari uko egin ondotik etorri da Elkarren erabakia.
Saioa Alkaizak Igartza sariari uko egin ondotik etorri da Elkarren erabakia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren testuinguruan, Elkar argitaletxeak erabaki du Beasaingo Udalak, CAFek eta argitaletxeak berak antolatzen duten Igartza bekarekin ez jarraitzea, eta beka bertan behera geratuko da».

Halaxe iragarri zuen atzo arratsaldean Elkar argitaletxeak, ohar labur batean, duela 28 urtetik eskaintzen zuen literatura sorkuntzarako Igartza beka bertan behera uzteko erabakia.

Argitaletxeak erabaki hau hartu du bekaren azken irabazle Saioa Alkaizak sariari uko egin eta hamar egunera. “Katu ileak txandaletan” eleberria ontzeko helburuz jaso zuen saria.

CAF enpresak Israelgo Gobernuarekin dituen loturak, ordea, iruindarra bekari uko egitera bultzatu zuen, Palestinari elkartasuna adierazteko. «Igartza sarian CAF enpresa diru-emaile nagusietako bat denez, literatur sari honi uko egitea erabaki dut, eta aukera hau palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko baliatzea», esan zuen Alkaizak joan den irailaren 13an.

KULTURGILEEN LERRATZEA

«Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu», gaineratu zuen. Nafar bertsolariak CAFi leporatu zion genozidioaren konplize izatea eta kulturaren bidez bere burua zuritzen saiatu izana; horregatik, fokua «behar den lekuan kokatu beharra» azpimarratu zuen: «Palestinaren kontrako genozidioan».

Era horretan, kulturgileen erantzukizunari erreferentzia egin zion: «Israelgo Estatu sionistaren aurka euskal kultura kritiko eta lerratua behar dugu, hitzez harago, ekintzaz erantzungo duena». BDZ mugimenduak Alkaizaren erabakia txalotu eta Elkar «hausnartzera eta erabaki ausartak hartzera» deitu zuen.