Etzakit Oialumeko agertokira igoko da 23 urteren buruan, 2026ko urtarrilaren 5ean
Etzakit taldea eszenara igoko da 2026ko urtarrilaren 5ean. Hala iragarri zuten atzo. Berri pozgarria da zaleentzat. Kontzertua euren ibilbidean hain esanguratsua den txokoan izango da, Oialume dantzalekuan.

«1995eko urtarrilaren 5 hartan eman genuen lehenengo kontzertua Oialume dantzalekuan eta zortzi urteren ondoren, 2003ko urtarrilaren 4an, berriz gure azken kontzertua leku berean. Zortzi urte ibilbidean Euskal Herriko ehundaka herri ezagutu, maketa bat atera, 850 kontzertu inguru eman eta 1998an kaleratu genuen lehen diskoa, ‘Etzakit’, eta urtebete geroago, berriz, ‘Goiz edo noiz?’, non ‘Zergatik ez’ kantua nabarmentzen den. Kantu horrek Gaztea saria irabazi zuen 1999an, eta ordutik belaunaldi baten soinu-banda bihurtu da», gogoratu dute taldeko kideek.
«Azken 23 urte hauetan Etzakiteko taldekideok beste hainbat proiektutan buru-belarri aritu gara, eta orain jai giroko kontzertu bat emateko une aproposa dela iruditu zaigu, guretzako hain seinalatua den datan eta hain berezia den lekuan», gaineratu dute.
Oholtza gainean arituko dira Xabi Solano (soinu txikia eta ahotsa), Jon Mari Beasain (panderoa), Aitor Zabaleta (baxua), Ander Barrenetxea, (bateria) «betiko indar eta sinadura propioa izango duen kontzertuan».
TRIKITIA ETA POP ERRITMOAK
Trikitia eta pop doinuak eskutik hartuta igo ziren agertokira Etzakit taldeko lau kideak Hernanin. Herriz herri erromerietan eman zituzten lehen pausoak eta ondoren grabatu zuten lehen diskoa. Hurrengo bat ere etorri zen gero. “Zergatik ez” -Los Tigres del Norte taldearekin- eta “Gurekin” bezalako kantuak gogoan dituzte zaleek.
Xabier Solanok eta Jon Mari Beasainek aspalditik ezagutzen zuten elkar, bikote gisa hainbat erromeria eta lehiaketatan parte hartu baitzuten 90eko hamarkadaren hasieran. Txapelak ere eskuratu zituzten; Euskal Herriko Txapelketan garaile suertatu ziren hiru aldiz. Gero taldeko beste bi kideak gehitu zitzaizkien, Ander Barrenetxea eta Aitor Zabaleta.
Makina bat kontzertu eman zituzten han eta hemen. Euskal Herriko mugez gaindi Ameriketako Estatu Batuetan ere jo zuten 1997an. Tritikia eta pop musika arrakastaz uztartzen ziren garaiak ziren eta beste hainbat taldek ere erabili zuten formula hori.
Bi diskoetan Jon Garmendia “Txuria”-k sinatu zituen letrak. Kaki Arkarazok egin zituen berriz ere ekoizpen lanak. Bigarren diskoan Ramon Zubizarreta Landakanda pandero-jotzaileak eta Amparo Sanchezek (Amparanoia) ere parte hartu zuten. Aipagarria da “Egin” egunkaria eta irratia itxi ostean sortutako kantua.
2003an esan zuen agur taldeak. «Une batean Etzakiten bidea agortu egin zela sentitu genuen eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen. Akaso oso gazte hasi izanak ere izan zuen eragina erabaki horretan», esan du orduko hartaz Solanok.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
