GARA

Usue morik jaso du gladys saria

Usue Mori da Gladys Sariaren V. edizioko irabazlea. Epaimahaiaren arabera, adimen artifizialaren ikuspegi soziala «indartzen» du.

Usue Mori, Gladys Sariarekin.
Usue Mori, Gladys Sariarekin. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatearen Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Sailean irakaslea da Usue Mori Carrascal, aurtengo Gladys Sariaren irabazlea. Hain zuzen, adimen artifizialaren arloan egindako lana aitortzeko saritu dute.

Atzo eman zioten saria eta, epaimahaiak adierazi zuenez, «haren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan. Haren jardunak erakusten du ikerketak ez duela zertan akademia barruan geratu eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela».

Saridunaren hitzetan, adimen artifiziala geratzeko iritsi da eta «guztiok izan beharko genuke zer esana: nolako adimen artifiziala eta zertarako nahi dugun. Ez genuke utzi behar adimen artifiziala teknologia-enpresa handien esku bakarrik».

Morik berak aitortu zuenez, orain gutxi arte bere lan-ildoa ikerketa hutsa zen, ikerketa horrek gizartean izan zezakeen inpaktuari erreparatu gabe. Orain, aldiz, bere kezka nagusia egiten duen lana gizartearen onurarako izatea da.