Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Zerutik

Rekalde aretoak duela urte batzuk jaso zuen Cristina Lucasen “On Air” (Airean) erakusketa, eta hori izan dut buruan azkenaldian. Hegazkingintzaren historiaren alderdi funtsezko bati heltzen dio: zerua menperatzeko nahia nola hastapenetik suntsipenari loturik egon den. Munduari goitik begiratzea eta hegan egitea posible egin zituen teknologiak bonbak modu “eraginkorrago” batean botatzea erraztu zuen, bonba horien helburuarekin batere lotura emozionalik izan gabe. “From the Sky Down” (Zerutik behera) instalazioak azaltzen du ondoen hegazkingintzaren izaera ilun hori. Hiru pantaila handiren laguntzaz eta mapak, argazkiak eta testua erabilita, 1912. urtetik (europar kolonialismoaren garaia) 2012. urtera bitartean (Siriako gerraren bigarren urtea) zerutik jaurtikitako bonben kartografia erakusten du lanak. Beldurgarri bezain itogarria da minutu batzuetan Lucasen lanak ematen duen datu kopurua, suntsituriko lurralde zabalerarena zein giza biktimena. Kaltearen tamaina handitu egiten da urteek aurrera egin ahala, hegazkingintza-teknologia berritzearen ondorioz.

Lucasen instalazioak agertzen duen denbora-epea droneen erabilera zabaldu baino lehen amaitzen da. Palestinatik heldutako testigantzen bidez dakigu hil aurretik jendea aztoratzeko erabiltzen dituela Israelek; goiz eta gau, makina hegalarien burrunbak heriotza zelatan dutela adierazten die.