Estoldetara jaitsiera

Sarrera zoragarri batekin hasten da “Zeru ahoak” telesaila. Aitor Etxebarriak “Bizkaia maite” abestiaren bertsio hipnotiko eta zirraragarria sortu du, iragana eta oraina hari ikusezin batez lotuko balitu bezala. Laster ikusiko dugu pantailan Nerea Garcia (Nagore Aranburu); lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik, eta bolada txarra pasatzen ari da. Emakume baten gorpua agertzen denean, nagusi ohiak ikerketan laguntzeko eskatuko dio.
Oso telesail heldua, kritikoa eta mamitsua da. Narrazioak serieko hiltzaileen kontakizunen kodeetatik edaten du, baina ikuspegia oso zabala da: hiltzailea aitzakiatzat erabiltzen da estoldekin, indarkeria matxistarekin, autoritatearekin eta «boterearen dobermanekin» zerikusia duten gaiak mahai gainean jartzeko.
Bilbo ez da postaletako edertasun horren isla; pantailan ageri dena Bilbo gris eta zikina da; pertsonaien garapenarekin guztiz bat datorren hiri bat: haien barreneko iluntasuna islatzen duen ispilu lausoa eta, aldi berean, haien zauriak gordetzen dituen eszenatoki biziduna.
Aranbururen lana hamarrekoa da, baina Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Ramon Agirre eta Miren Gaztañaga ez dira atzean geratzen; guztien artean ehuntzen duten antzezpen dantza benetan txalogarria da.
Telesaila teknikoki ikusgarria da, argazkiaren eta musikaren pisu ikaragarriak oinarri sendoa ematen diolako, baina bereziki xehetasunek egiten dute telesail hau indartsu; Harkaitz Canoren eta Almandozen idazketatik jaiotzen diren detaileek. Elkarrizketak zentzu bikoitzez eta ironiaz beteak, zorrotzak eta burutsuak dira, baina behin ere ez dira irudien gainetik jartzen.
Ikusleari ez zaio ezer murtxikatuta ematen, irudiek hitz egiten dute, eta haien ahots isilean topatzen dira kontakizunaren gako nagusiak.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
